URA Agentziak Tubos Reunidos enpresan gertatutako istripuan egon da hasieratik, eta bere aburuz ez da azido klorhidrikorik isuri Nerbioi ibaian. Erakunde publikoaren ustetan, atzo Laudion ikusitako zikinkeria istripuaren ondorioa izan zen, baina ez azido klorhidrikoa, arrain hilik ez baitzuten topatu.
Josetxo Errazkin URA Agentziako arduradunak azaldu du larunbatean bertaratu zirela teknikariak sutearen egoera aztertzeko, eta berehala sumatu zutela isurketak gertatzeko arriskua; suhiltzaileek botatzen zuten ura zela medio.
Bi urtegi eta bypass-a
Hori ekiditeko, zenbait neurri gauzatu zituzten; alde batetik, urtegia egin zuten azido klorhidrikoa Iñordo errekera heldu ez zedin. Bestetik, ponpa baten bitartez ur kutsatuta kamioietan jaso zuten. Hala ere, neurriak nahikoa izango ez zirelakoan, beste urtegi bat egin zuten eta biak lotu zituzten bypass baten bidez.
Dena den, URA Agentziak azterketa gehiago egin ditu istripuaren ondorioak ezagutzeko.