Euskal Herriko koba sare luzeenetako bat topatu dute Aiaraldea azpian

Erredakzioa 2016ko urt. 26a, 11:58

Ikusi Takomako taldeko kideek eginiko erreportajea:


Ikusi Takomako taldeko kideek eginiko erreportajea:

<iframe src="https://social.shorthand.com/aiaraldea/embed/nye6Ob2AzWc" width="100%" height="500px" style="border: none;"></iframe>

Iragan udazkenaren erdialdean lortu zuen Takomano Espeleologia Taldeak Gorobeleko lurretan dagoen Ponata Pagadiko leize sonatua eta Burgoseko Rebollar II haitzuloa lotzea, ia 70 kilometrotako leize sarea osatuz. Balizko aukera hori urteetan baloratu da espeleologia taldeen artean, baina Takomano izan da gehien tematu dena, azkenean lortu duen arte. Taldekideak 2015eko urrian zein azaroan etengabe ibili dira lanean, aire korronte bortitzari jarraiki, harriak kendu eta kendu, benetako sator lana egiten.

Albisteak  soka luzea ekarri du komunitate espeleologikoan, espero zen moduan. Baina ohiko hedabideetan ezohiko oihartzuna izan du, normalean horrelako berriek jasotzen ez dutena. Kontua ez da gutxiagorako, Euskal Herriko eta Gaztelako espeleologia modernoari sekulako ekarpena egin baitio.

Gaztelan egoitza eduki arren, Aiaraldeko jendeak sortu zuen Takomano taldea duela 6 urte, eta eskualdeko haitzuloetan dabiltza gehien bat.

Leize sare erraldoia
Gorobeleko SI-44 leizea izan da orain arte Ponata Leize sarearen ohiko sarbidea. Bizkaiko Lendoñogoitiko lurretan dago. Arabako Espelologia Taldeko kideek 1983. urtean deskubritu zuten. Gorobelen dauden ehunka arrakaletako bat  gehiago izango zelakoan zeuden, baina zerion aire korronte bortitzak zuloa handiagoa egitera animatu zituen. Berehala konturatu ziren tamaina handiko leize sare baten aurrean zeudela, eta talde gehiagoren laguntza beharko zutela aurrean zuten erronkari aurre egiteko.

Ondorioz, Gorobelen hainbat alditan antolatu dira Euskal Espeleologia Jardunaldiak, garai haietako euskal taldeen arteko elkarlana ahalbideratuz.

Esplorazioen emaitzak bata bestearen atzetik etorri ziren: Ponata Erreka (zeinaren urak Kadaguara doazen); Arabako lehenengo sarbidea: (SI-57); Ispiluen Gela; “Amaierako Sifoia” (sareko punturik sakonena markatzen duena, 415m); Kobatako arroilako leizearekin (SR-7) bat egitea, Arabako bigarren sarbidea dena... Eta horiekin batera sarearen neurriak handiagotzen joan ziren : 13, 16, 27, 30, 40 kilometro...

Gaztelarren ekarpena
Rebollar II harpea Losa Haraneko Baró herritik hurbil dago, Angulo mendatearen inguruetan. Burgoseko Edelweiss taldeak 1984. urtean aurkitu eta esploratu zuen, 2 kilometro baino gehiagoko galeria nagusi batean  zehar, luizi (lur-jauzi) batek hodia buxatu zuen arte. Esplorazioa bertan behera geratu zen, Ponatako Leize sarearekin bat egiteko aukeraz jakitun. Talde handi eta mitiko hauen lan mardularen lekukoa hartuta, Takomano talde gaztearen kemenak ahalbideratu du, 30 urte geroago, Gorobel-Salbadako espeleologiaren mugarri berri hau gauzatzea.

Lurpeko ondare aberatsa
Aiaraldea eskualde pribilegiatua da eremu karstiko eta kobazulo kopuruari dagokionez. Gorbeia eta Gorobel dira mendi-multzo nagusiak. Kareharrizko mendiak izanik, harpez josita daude eta hamarnaka kilometrotako hodi sareek guztiz hustuta dute lurpea. Zentzu horretan, Euskal Herrian nabarmentzen da Aiaraldea. Esanguratsua da, esaterako, Ponata Pagadiko Leize Sarea bigarren luzeena izatea (Zuberoa eta Nafarroaren artean dagoen  80 kilometrotako San Martingo Harriko sarearen ostean) eta Espainiar Estatuko zazpigarrena. Gainera, Orozko da harpe gehien duen udalerrietako bat  (EAEko lehenengoa).

Ezkutuko natura altxor erraldoiak dira, maitatu eta zaindu beharrekoak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide