Bisoi europarra berreskuratzeko kanpaina hasi da fruituak ematen Aiaraldean. Hala adierazi dute Arabako Foru Aldundiko Ingurugiro Sailetik.
Bisoi europarraren presentzia areagotzeko “Life lutreola” ekimenaren partaide aktiboa da Aldundia. Proiektu horren estrategia nagusia bisoi amerikarraren populazioa txikiagotzean datza.
Larrua ontzeko granjetatik ihes egindakoak dira bisoi amerikar gehienak, eta espezie hori aske egotea da bisoi europarra inguruko ugaztunik mehatxatuenetarikoa bilakatu izanaren kausa nagusia. Izan ere, bisoi amerikarrak europarra hiltzeko gaitasuna dauka, eta inguruko beste hainbat espezie ere suntsitzen ditu.
Hori dela eta, “Life lutrola” ekimenaren sustatzaileek bisoi amerikarra harrapatzeko kutxak jarri dituzte ibai eta erreka bazterretan, baita Aiaraldean ere. Teknika hori erabilita 78 bisoi harrapatu zituzten iaz Araban, eta bisoi amerikarrik gabeko guneetan europarrak azaltzen hasi zirela ere igarri zuten.
Aurtengo estrategia
Aurten estrategia berdinarekin jarraitzeko asmoa dute: tranpa gehiago jarri nahi dituzte ibai eta erreka bazterretan, eta gatibutasunean hazitako bisoi europarrak askatzen hasi nahi dute, birpopulaketa ekiteko.