Aiarako suhiltzaileek prentsa-oharra zabaldu dute salatzeko Arabako Foru Aldundiak eskualdeko zerbitzua murriztu nahi duela. Horren ondorioz, txanda bakoitzak suhiltzaile bat gutxiago izango luke; orain arte 6 egon dira eta aurrerantzean 5 izango dira.
Suhiltzaile gutxi
Langileek nabarmendu dute erabakiak suhiltzaileen zein herritarren segurtasuna kolokan jarriko duela. Suhiltzaileen ustez bitartekoak oso eskasak dira: “Laudioko parkeak duen egungo langile kopurua oso justua dela azpimarratu nahiko genuke, Aiarako eskualdeak duen populazioa eta industria maila kontuan hartzen baditugu. Antzeko ezaugarriak dituzten Bizkaiko suhiltzaile parke txikienek esaterako, sei suhiltzaile dituzte txanda bakoitzeko, Gernika eta Deriok bezala; baita biztanleria gutxiago duten Markina eta Balmasedak ere.”
Bukatzeko, suhiltzaileek adierazi dute inor ez dela haiekin harremanetan jarri erabakia hartzeko.