2016rako udal-aurrekontua onartu zen iragan asteko ostegunean Artziniegako Udal Osoko Bilkuran. EAJ-PNVk alde bozkatu zuen eta EH Bildu abstenitu egin zen. Alderdi Popularreko zinegotzia, berriz, ez zen udalbatzara gerturatu, osasun-arazoak medio.
Aurrekontua 1.730.471,91 eurokoa da guztira. Horrek jaitsiera txiki bat (% 1,37koa) dakar iazko aurrekontuarekiko. Hainbat inbertsio egitea dago aurreikusia. Handiena (55.000 eurokoa) udaletxe zaharra berritzeko baliatuko da. Hortaz gain, beste 16.000 euro erabiliko dira auzoetan inbertsioak egiteko.
Langabetuak eta aisialdirako begiraleak
Udaletik nabarmendu dute gastuen kapituluan 3.500 euroko partida bat gehitu dela, langabetuak kontratatzera bideratuko dena (beste erakunde batzuen enplegu-programaren osagarria izango da). Hortaz gain, aurten jarri den beste partida bat ere azpimarratu du udalak: 10.500 eurokoa, aisialdiko monitore izateko ikastaro bat antolatu eta eskaintzeko.
Elkarteei diru-laguntzak
Udaletik jakinarazi dute mantendu egingo direla Artea Elkarte Etnografikoari eta Barratxiko Guraso Elkarteari ematen zaizkien diru-laguntzak. Gauzak hala, 35.000 euro jasoko ditu lehenak eta 36.000 bigarrenak.
Garoñaren aurkako mozioa, aho batez onartua
Aurrekontuaren onarpenaz gain, Garoña berriz irekitzearen aurkako mozio bat ere izan zuten hizpide osteguneko Osoko Bilkuran. Aho batez onartu zen mozioa, EAJ-PNV eta EH Bilduren botoekin.