“'Papamovil' izena perfektua da, patata erre beteak mugitzen ditugu-eta”

Izar Mendiguren Cosgaya 2016ko urt. 17a, 00:00

NORA CALZADA ALDEKOA (Bilbo, 1986) Lekamañan bizi da, eta Papamovil proiektua sortu zuen duela bi urte. Eusko Labeleko produktuekin patata erreak bete eta saltzen dituzte furgoneta ibiltari batean.

Zuen proiektua ezagututa, normala arabarrei patatero deitzea...

NORA CALZADA ALDEKOA (Bilbo, 1986) Lekamañan bizi da, eta Papamovil proiektua sortu zuen duela bi urte. Eusko Labeleko produktuekin patata erreak bete eta saltzen dituzte furgoneta ibiltari batean.

Zuen proiektua ezagututa, normala arabarrei patatero deitzea...

Jakina! Horregatik erabaki genuen egitea! Papamovilen ideia salmenta ibiltari bat sortzetik atera zen, bertako produktu batekin. 2014An erditu genuen Papamovila, baina bi urte lehenago hasi ginen lanean. Oporretan Dubaira joan ginen eta han patata postu bat ikusi genuen, oso ondo muntatua. Gure lehen ideia lokal finko bat egitea izan zen, baina gero jendearen zain egon ordez gu bertaratzea erabaki genuen. Horregatik sortu genuen Papamovila.

Zuek egina eta diseinatua al da Papamovila?

Bai, marka, diseinua... dena egin dugu hasieratik amaierara. Izena perfektua zelako aukeratu genuen, ezinhobea da! Patata erre beteak mugitzen ditugu eta! Furgonetaren diseinua ere guk egin genuen, Francisca Isabel Naranjoren laguntzarekin. Barrutik baldintza tekniko bereziak izan behar zituenez, bi urte behar izan genituen. Izan ere, arau asko bete behar dira: elikagaien kate hotzarena, elektrizitatearekiko autonomoa izatea, garbiketa pautak... Lokal bat bezalakoa da. Diferentzia goazen toki bakoitzean inspekzioa egiten digutela da. Oso ados gaude horrekin, jendeari janaria saltzen diogulako.

Mozkorraren eta ajearen kontrako errezeta al da zuena?

Ez. Papamovila kalitate altuko janaria da, gure produktuen propietateak maximoki bermatze dituena. Eusko Label produktuak bakarrik erabiltzen ditugu. Hortaz, gure salmenta ez dago mozkorrei zuzendua, nahiz eta haiek ere parte diren.

Patata pobreen lehengaia dela diote. Nola lortu duzue elikagai eta proiektu “aberats” bat ateratzea hortik?

Gure lema “Baratzetik zure ahora” da. Ez dugu elikagairik manipulatzen, patata errea gure lurreko bestelako produktuekin eskainia, hori da gurea: Eusko labeldun hirugiharra, txorizoa, olagarroa... Horrez gain kaloria gutxidun entsaladarekin betetzen dugun beste bat dugu, eta alioliduna (perrexildun olioarekin egina).

Festa askotan parte hartu duzue. Zein da egon zareten toki bereziena?

Lekurik bereziena niretzat Amurrio da, hemen hasi zelako dena Txakolin egunean. Proiektua Amurrio Bideanen babesa eta Amurriori esker atera da. Gu Lekamañan bizi gara. 2014Ko Arabako ekintzaileen saria guri eman ziguten. Asko zor diogu haranari.

Bi denboraldi soilik daramatzazue merkatuan. Zelakoa izan da uzta edo ibilbidea?

Oso ona. Aurten oso harrera ona izaten ari gara. Gogorra izaten ari da, gauza berria delako. Jendea ez dago ohituta patata beteak ikusten, baina pixkanaka gure bezeroak areagotzen ari gara. Ibilaldia, Korrika, Araba euskaraz...

Aurrera begira ba al duzue proiektu berririk buruan?

Bai. Labe handiago bat jarri nahiko genuke hainbeste ilararik ez egoteko. Patatak duen alde txarra bere puntuan atera behar den produktua dela da, ez gutxiegi ez gehiegi egina. Bere denbora behar du.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide