ERREPORTAJEA: 3.460 tona zabor botatzen dituzte Aiaraldeko enpresek urtero atmosferara

Txabi Alvarado Bañares 2016ko urt. 13a, 19:26

Ikusi erreportaje interaktiboa hemen:

 

 


1543,257 tona hondakin isuri zituen atmosferara Laudioko Guardian enpresaren fabrikak 2014an. Hori diote PRTR erregistroaren web-gunean argitaratutako datuek. Ke-emisio horien gehiengoa nitrogeno (836,22 tona) eta sufre (175,115 tona) oxidoek osatzen zuten. Nitrogeno oxido gasak eragin handia dauka berotegi-efektuaren sorreran.

Ikusi erreportaje interaktiboa hemen:

 

 


1543,257 tona hondakin isuri zituen atmosferara Laudioko Guardian enpresaren fabrikak 2014an. Hori diote PRTR erregistroaren web-gunean argitaratutako datuek. Ke-emisio horien gehiengoa nitrogeno (836,22 tona) eta sufre (175,115 tona) oxidoek osatzen zuten. Nitrogeno oxido gasak eragin handia dauka berotegi-efektuaren sorreran.

Guardian ez da, baina,  PRTR erregistroan azaltzen den Aiaraldeko enpresa bakarra. Beste hamabi ere agertzen dira, Laudioko lau (Nubiola Pigmentos, Aiala Vidrio, Jez eta Tubacex-en lantegiak) eta Amurrioko zortzi (Tubos Reunidos, Kime, Amurrio Ferrocarril y equipos, TTI Amurrio, Industria Auxiliar Alavesa (Inauxa), Castinox, Aceria de Álava eta Deguisa). Hamahiru lantegiek batera 3460,030 tona zabor bota zituzten zerura 2014an. Hondakinen gehiengoa (2266,782 tona) arestian aipatutako nitrogeno oxidoaz konposatua zegoen.

Uretara eginiko isurketen datuak ere jasotzen ditu PRTR erregistroak, Aiala Vidrio eta Nubiola Pigmentos-enak. Lehenak 104,692 kilo hidrokarburo lurrintsu bota zituen konketan behera. Bigarrenak, berriz, artseniko eta konposatuen 8,5 kilo.

Kutsadurarekin erlazionatutako beste hainbat datu interesgarri eskaintzen ditu PRTR erregistroak, tartean enpresa bakoitzak sortzen duen hondakin kopurua. Zifra altuak berriz ere: 123.400 tona hondakin sortu zituzten 2014an erregistroan azaltzen diren 13 lantegi aiaraldearrek, horietako 17.066 tona arriskutsu moduan katalogatuak.

Arlo horretan Tubos Reunidos Industrial S.L.U. enpresa gailendu zen besteen artetik. Berak bakarrik 69.750 tona hondakin sortu zituen, horietatik 6.442  arriskutsuak.

Euskal Herrian, Petronor nagusi

Guardian enpresa Aiaraldeko txapelduna bada, Petronor da Euskal Herriko enpresa kutsatzaileen errege. Hala dio Berria egunkariak argitaratutako artikulu batek. Bertan azaltzen diren datuen arabera, 2013an 2,3 milioi CO2 igorri zituen atmosferara Petronorren findegiak, Hego Euskal Herriko enpresa guztien artean isurtzen dutenaren % 10a.

Azaroaren 15a gorriz markatutako eguna da PRTR erregistroaren egutegian. Egun horretan argitaratzen baititu Espainiar Gobernuaren Nekazaritza,

Elikadura eta Ingurugiro Ministerioaren baitako erakunde  horrek aurreko urteko emisio eta iturri kutsatzaileei buruzko datuak. Iaz ere ez zuen hutsik egin erregistroak, eta Estatu Espainiarreko ehunka fabriken datuak plazaratu zituen, aipatutako 13 aiaraldearrak tartean.

Enpresak derrigortuak daude PRTR erregistroak eskatzen duen informazioa ematera, baldin eta erregistroak ezartzen dituen muga batzuk (815/2013 errege dekretuan zehazten direnak) gainditzen badituzte.

Kontsumoa ere, altua

Kutsadura datuak soilik ez, enpresen energia-kontsumo datuak ere biltzen ditu PRTR erregistroak.

Esanguratsuak dira, adibidez, ur-kontsumo datuak. Erregistroan azaltzen diren aiaraldeko 13 enpresek batera 1.103.999 metro kubiko ur xahutzen dituzte. Tubos Reunidos da ur gehien erabiltzen duena: 76.730 litro hartzen ditu udal ur-saretik eta 253.520 azaleko ubidetik.

Gasolina gastua ere altua da fabriketan. 2014an guztira 520,69 tona gasolio erabili ziren aipatutako 13 enpresetan. Elektrizitate gastua handia da baita, hamahiru lantegi horien artean 599832,312 MWh gastatzen baitituzte.

Paris baino urrunago
Abendu hasieran ospatu zen Parisen COP21 mundu-gailurra. Klima aldaketaren aurkako Kyotoko protokoloa sinatu zuten herrialdeak bildu ziren bertan, mugimendu sozialek deituriko protestez inguraturik.

Helburu komun bat zehaztu zuten bilkura horretan: “neutraltasun klimatikora” heltzea. Hau da, gizakiek isurtzen dituzten gasen eta karbono xurgatzaileek (zuhaitzek zein horretarako diseinatutako aparailuek) hartzen dituztenen arteko oreka bat emango den egoerara iristea. Baina ez zuten helburu hori lortzeko epe zehatzik jarri, ez eta helburu hori betetzeko derrigortasunik ezarri ere. Aiaraldeko, Euskal Herriko zein munduko datuei begiratu bat ematerik baino ez dago helburu hori Paris baino askoz urrunago dagoela ohartzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide