Urduña eta Bilbo lotzen dituen Renferen C3 aldirikoen tren zerbitzua elbarrientzako egokitu dadin sinadura bilketa abiatu berri dute change.org web gunean.
Renfek mugikortasun urritasuna duten pertsonek tren zerbitzuaren erabilera bermatzeko beharrezko izapideak egin ditzan eskatzeko sinadura bilketa abiatu du Maria Luisa Goikoetxea urduñarrak, eta lehenengo 24 ordutan ehunka atxikimendu jaso ditu eskaerak.
Aurretik Laudioko tren geltokian ere antzeko eskaera izan zen, oraingoan ordea, trenera igotzeko dauden irisgarritasun arazoak konpontzeko eskatzen da. Izan ere eskatzaileak Bilbon erreabilitazioa egin behar duela eta trenean bidaiatzeko ezintasuna salatzen du; Urduñan ez ezik, gainontzeko herrietan ere antzeko arazoa duten pertsona gehiago daudela ere gaineratzen du.
Maria Luisak 1.000 sinadurako helburua jarri du eskaeran, artikulu hau idazterako unean jada 650tik gora izenpetze zeudelarik.