470.302 bisitarekin eta %48.66ko audientzia igoerarekin itxi du urtea www.aiaraldea.eus web-guneak

Erredakzioa 2016ko urt. 2a, 17:23

2010eko apirilaren 17an sareratu zenetik, www.aiaraldea.eus euskarazko tokiko web-gunearen audientzia hazi eta hazi egin da urtetik urtera. Atzean utzi berri dugun urtean web-gunearen bisita kopurua % 48,66 hazi da, guztira 470.302 bisita erregistratu direlarik (2014an hazkundea % 20koa izan zen, 316.358 bisita).

2010eko apirilaren 17an sareratu zenetik, www.aiaraldea.eus euskarazko tokiko web-gunearen audientzia hazi eta hazi egin da urtetik urtera. Atzean utzi berri dugun urtean web-gunearen bisita kopurua % 48,66 hazi da, guztira 470.302 bisita erregistratu direlarik (2014an hazkundea % 20koa izan zen, 316.358 bisita).

Bisitari kopuruak ere gora egin du proportzio berdinean, % 43,83, guztira 173.647 bisitar bakar izan ditu web-guneak 2015ean Google Analitics -ek emandako datuen arabera (2014an 119.802 izan ziren bisitariak).Ondorioz, 2015ean erabiltzaileek kontsultatutako orrialde kopuruak ere gora egin du nabarmen; guztira 1.155.904 orrialde bistaratu dira 12 hilabeteotan, % 41,98ko igoera (iaz 814.151 orrialde izan ziren).

Azken urteotako joerari jarraituta, sakelako gailuen erabilpena bikoiztu egin da; bisita guztien erdia sakelako telefonoen edo tableten bitartez eman da 2015 urtean, bi bisitatik bat; denera 237.400. Ordenagailuen bidez emandakoa izan da beste erdia (2013 urtean bost bisitetatik bakarra baino ez zen sakelako gailuen bidezkoa izan).

Audientzia aztertzerako orduan, beste aldagai garrantzitsua sare-sozialetatik eratorritako trafikoa da: 2015 urtean berriz ere Facebook izan da www.aiaraldea.eus-era erabiltzaileek erabili duten iturri nagusia, urtebetean sare-sozial honek sortutako trafikoa % 123,80 hazi da (guztira 141.453 bisita). Aiaraldea Komunikazio Leihoa facebook orria atsegin dutenen kopuruak ere gora egin du % 46.29 (gaur egun 2.225 dira Aiaraldearen orrialde korporatiboa atsegin dutenak) Bigarren iturri garrantzitsuena Twitter izan da, @aiaraldea profilak 3.388 jarraitzalerekin 26.335 bisita ekarri ditu, % 24.05eko igoera aurreko urtearekin alderatuta.

Bisita eta bisitariek bezala, argitaratutako edukiak ere gora egin du

Bisita eta batez ere bisitari kopuruak gora egin duten bezala, Aiaraldea Komunikazio Leihoak web-gunean jasotako eduki kopuruak ere nabarmen egin du gora 2015ean. Albisteak, komunitateak argitaratutako artikuluak eta argazki-bildumak izan dira igoera handiena izan dutenak, guztira 1.534 albiste (%35,51eko igoera), 308 artikulu komunitatean, 193 bideo, 353 argazki-bilduma, 183 elkarrizketa idatzi eta 1991 agenda deialdi argitaratu dira web-gunean itxi berri dugun urtean.

Creative Commons lizentzia librearekin (CC-BY-SA lizentziapean -egiletza aitortu berdin partekatu) inoizko argazki kopuru handiena sareratu da nahi duenaren eskura utziz, denera 28.029 argazki hain zuzen ere. Aiaraldearen argazkiteka librean dagoeneko 66.000 argazki daude eskuragai eskualde luze zabalean era boluntarioan lan egin duten dozenaka argazkilariei esker.

Norbanako zein elkarteek nahi beste eduki zuzenean argitaratu ditzaketen "Komunitatearen plaza" atalean ere eduki kopuru esanguratsuak argitaratu dira: lehenago aipatutako 308 artikuluez gainera, 112 argazki, 112 iritzi-zutabe, 31 iritzi-gutun, 52 hitzordu eta 89 bideo sareratu dira.
Erabiltzaile erregistratuen kopuruak gora egin du atal honetan ere, 105 norbanakok eta 80 entitatek argitaratu baitzituzten iaz euren edukiak komunitatearen plazan.

Aiaraldea Egunkariak 2 urte eta 43 zenbakiko uzta

Web-guneaz gainera, 2013ko urritik hamabostero argitaratzen den egunkariak bigarren urteurrena bete zuen urrian. Ezinezkoa zirudien erronkari heldu eta, gaur artean Aiaraldea Egunkariak 43 zenbakiko uzta oparoa zabaldu duela eskualdean. Ohiko zenbakiez gainera, gehigarri tematikoak eta hainbat zenbaki berezik ere argia ikusi dute 2015ean: besteak beste "Aiaraldea Jaietan 2016" 68 orrialdeko aldizkaria, Udal eta Foru hauteskundeei buruzko zenbaki berezia eta hauteskundeen biharramuneko emaitza eta erreakzioen egunkaria, zein Korrika 19ari eskainitako zenbaki monografikoa.

Udal eta Foru hauteskundeen jarraipen berezia

Urteak hiru erredakzio erronka nagusi izan ditu Aiaraldea Komunikazio Leihoko erredakzioan: Korrika 19a, udal eta foru hauteskundeak eta udako jaien jarraipena. Udal eta Foru hauteskundeetan (duela 4 urte bezala) udalerri bakoitzean aurkezten ziren alkategaien eta taldeen berri zehatza jaso zen; hala maiatzaren 19an kaleratutako Aiaraldea Egunkariaren zenbaki monografikoan, nola (gonbitea onartu zuten) alkategaiekin izandako bakarkako kafe-solasaldietan. Era berean, hauteskunde gauaren jarraipen estua egin zen, bai eta irabazleen erreakzioak jaso ere gauen bertan. Hauteskundeei buruzko informazio guztia azpi web-gune honetan zentralizatu zen. 

Udako jaien jarraipenean ere pertsonaia berria azaldu da www.aiaraldea.eus web-gunean, Reber Ahatea. Moko zorrotz eta lotsagabeari esker, bazterrak nahasten ibili da Aiaraldea Komunikazio Leihoko bekarioa Amurrion, Orozkon, Laudion, Okondon, Latiorron, Arrankudiagan eta Artziniegan besteak beste.


Merezimenduaren Argia Saria eta Urrezko Bikain Ziurtagiria

2015 urteak baina, sari garrantzitsua utzi du Aiaraldea Komunikazio Leihoa osatzen duten boluntario, kolaboratzaile eta langileen esku: Argia Astekariaren Merezimenduaren Argia Saria hain zuzen ere; 5 urteotako ibilbide emakorrari errekonozimendua. Era berean, euskararen kalitate ziurtagiria ere jaso du proiektuak Eusko Jaurlaritzaren eskutik; Urrrezko Bikain ziurtagiria. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide