Orain dela gutxi sortu zen Aiaramendi Korrikalariak taldea eta jada 11 kirolarik osatutako taldea da. Azken bi fitxaketak Kepa Vallejo amurrioarra eta Jon Durana urduñarra izan dira.
Kepa betidanik errepideko bizikletan aritu da. Baina aurten errepideko zein mendiko duatloiekin hasi da, eta berak dionaren arabera, horrek trailean murgiltzeko gogoak piztu dizkio. Aurten trail bakarrean parte hartu dut oraingoz, lesionatuta ibili baita. Urduñako duatloia baino lehen lepauztaia eta 3 gihar apurtu zituen baina guztiz sendotu da eta hilabete bat darama entrenatzen.
Korrikalariaren arabera, bi urtetan zehar motibazio eza izan eta gero, gaur egun motibatuta sentitzen da talde berriekin duatloiak eta trailak prestatzeko, “Eskualdeko trail guztietan parte hartu nahi dut eta aldi berean duatloiak ere prestatuko ditut”.
Jon Durana, orain arte duatloietan aritu da, trailaren mundua beretzat “berria” dela esango genuke. Horregatik taldean sartzea ez zuela espero azaldu du. Aurten mendiko duatloietan 25 urte beherako kategorian 2. postua lortu du eta kategoria orokorrean lehengo 10 artean dabil. Korrikalariak dionaren arabera “esperientzia berria da eta pixkanaka pixkanaka taldekideen esperientzia aprobetxatuz asko ikasiko dudala uste dut”.
Bere ustez, Aiaramendi inguruko korrikalariak batzen dituen taldea da, horrek izugarrizko erraztasunak emango dizkio bai entrenatzeko eta baita frogetara joateko ere, taldekide guztiak ingurukoak baitira. Hurrengo urteari begira duatloiak eta trailak egitea espero du.
Fonsok 10 urte baino gehiago daramatza trailean eta Galarleiz, Zegama-Aizkorri, Gorbeia Suzien, Hiru Handiak, Apuko, Burdin Hesia... bezalako lasterketetan lehiatu da.
Bere helburua lasterketen helmugara heltzea da “lasterketak bukatzea da nire helburua eta horregatik ez dut dena ematen lasterketa bakoitzean”. Denboraldi berrian talde berriarekin eskualdeko eta inguruetako mendi lasterketa guztietan parte hartuko du.