Gobernu-kontseiluak Kontserbazio Bereziko Eremu (KEB) izendatu du abenduaren hamabostean Arkamu-Gibillo-Arrastaria ingurunea, kontserbazio-neurriak eta Salvada-Gorobel mendilerroko Hegaztiak Babesteko Eremu Bereziaren (HBEB) neurriak ezarrita.
Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregiren hitzetan, «Europako Natura 2000 Sare ekologikoaren barneko bi eremu horiek Arabako ipar-mendebaldean daude, eta Gorobel mendilerroko HBEBak barruan du Bizkaiko Urduña udalerriaren lurren zati bat ere. Horien mugak gainjarri egiten direnez, eta biodibertsitate-balio antzekoak dituztenez, agiri bakar batean jaso dira bi eremu horietarako helburuak eta kontserbazio-neurriak».
Salvada-Gorobel mendilerroa Angulo menditik Nerbioiren jauzitik harago hedatzen da, tartean, Txarlazo edo Fraile mendi ezagunak daudela. Iparraldeko aldean 25 kilometroko luzera eta 600 metroko desnibela duen kareharrizko horma dago. Hegoaldeko aldeak behera egiten du leun, Burgosko Losa haranera, Santiago mendiarekin muga eginez. Mendilerroaren gainaldean lautada handi bat dago, nagusiki larrez, txilardiz eta pagadiz betea.
Gibillo mendilerroaren mendebaldeko isurialdeko hormak barne hartzen ditu aipatutako eremuak, eta, Gorobel mendilerroaren hormekin batera, Arrastariako zirkua osatzen du. HBEBaren azalera ia osoa, % 71, titulartasun publikokoa da, eta Aiara udalerrian dago.
Bertikaltasuna eta irisgaiztasuna direla medio, kareharrizko hormak leku aproposa dira hegazti harkaiztarrak eta mendikoak hazteko. Gainera, klima atlantikoaren eta mediterraneoaren arteko banalerroan dago eremu hori eta bi klima motetara egokitutako landare- eta animalia-espezieen bizilekua da, mendilerroa biodibertsitate handiko eremu den seinale.
Bertan 121 hegazti-, 55 ugaztun-, 13 narrasti-, 11 anfibio- eta 6 arrain-espezie bizi dira.
Honi buruzko informazio gehiago Eusko Jaurlaritzako webgunean topatu dezakezue.