Eguberriak Aiaraldetik urrun igaro beharra, lana edo ikasketak medio

Txabi Alvarado Bañares 2015ko abe. 17a, 08:55

Eguberriak familiarekin eta lagunekin etxean biltzeko garai moduan finkatu ditu tradizioak. Badaude, baina, datozen asteak atzerrian igaroko dituzten aiaraldear ugari, lana edo ikasketak direla eta. Euretako hiruk Eguberriak nola igaroko dituzten kontatu dute.

1.- Aurtengo eguberriak kanpoan ospatuko dituzu? Non eta zergatik?

2.- Egun horiek Aiaraldean igarotzea faltan botako duzula uste duzu? Familia, lagunartea, giroa...

3.- Nola ospatzen dira eguberriak hor?

 

Eguberriak familiarekin eta lagunekin etxean biltzeko garai moduan finkatu ditu tradizioak. Badaude, baina, datozen asteak atzerrian igaroko dituzten aiaraldear ugari, lana edo ikasketak direla eta. Euretako hiruk Eguberriak nola igaroko dituzten kontatu dute.

1.- Aurtengo eguberriak kanpoan ospatuko dituzu? Non eta zergatik?

2.- Egun horiek Aiaraldean igarotzea faltan botako duzula uste duzu? Familia, lagunartea, giroa...

3.- Nola ospatzen dira eguberriak hor?

 

GOIATZ URKIJO KASTAÑARES
Ikaslea (TXILE)

1.- Bai, aurtengo eguberriak Txilen ospatuko ditut, urtebete emango dut (2016ko uztailera arte) bertan nire ikasketak amaitzen. Esan beharra dut ikasketak Euskal Herritik kanpo egiteko aukera erabat gomendagarria eta aberasgarria dela.

2.- Baietz uste dut. Hala ere, eguberria modu, leku, konpainia, urtaro.... ezberdinean ospatzeak ere bere xarma duela iruditzen zait. Dena den, garai hauetan nirean egon diren ohiturak eta familia elkartzeko guneak faltan botako ditudala uste dut. Azken hori ez daukat argi Gabonetako giroagatik izango den edo dagoeneko etxetik kanpo ia urte erdi daramadalako.

3.- Bai, eguberriak ospatu egiten dira, hala ere gureekin alderatuta badira ezberdintasunak. Batetik, eguraldia. Hemen eguberriak uda sasoian ospatzen dira. Gabon zaharra hondartzan ospatzea ahalbidetzen du horrek. Guk hamabi mahatsak jan ohi ditugun bitartean hemengo batzuk kostaldera doaz su artifizialak ikustera.
Etxeko giroan afaltzen dutenek, aldiz, hainbat ohitura jarraitzen dituzte. Esaterako, urteko lehen besarkada familiako sexu ezberdineko kide bati ematen diote, diru aldetik urte oparoa izateko esku artean txanpona (haientzako “plata”) izaten dute, eta barruko arropa horia erabiltzen dute egun horretan.  Bestalde, gure Olentzerori “Viejito Pascuero” deitzen diote, eta opariak ekartzen dizkie umeei.
Badira gurearekin konparatuta hain ezberdinak ez diren gauzak ere: eguberrietako apaingarri gisa  gabonetako zuhaitz nahiz argiak erabiltzen dituzte eurek ere. Niretzat, zalantza barik, bitxiena eguberriak 30 gradutik gora ospatzea izango da, orain 12.000 kilometrotara dudan beheko sutik kanpo.

 

AITOR ULIBARRI HERNANDEZ
Marinela (TURKIA)

1.- Bai. Aurten ere  eguberriak etxetik kanpo ospatuko ditut; Turkian, Mersin hirian. Merkataritza itsasontzi batean lan egiten dut,  eta horregatik hiru urte daramatzat eguberriak kanpoan ospatzen. Nire lanagatik normalean eguberriak edonon ospa ditzaket. Iaz Argelian pasa nituen. Pixka bat gogorra da etxetik kanpo egotea, eta gainera zeure familia eta lagunak ez ikustea, baina denborarekin edozertara moldatzen zara.

2.- Noski baietz. Asko botatzen dira faltan familia, lagunak eta koadrila; baina gehien bat nire herria: Okondo, Aiaraldea eta Euskal Herria. Nire lanagatik herri eta kultura asko ezagutu ditzaket baina gure sustraiak ahaztea ezinezkoa da. Etxera bueltatzeko zenbat egun falta diren egunero kontrolatzen dut.

3.- Hemen ere, Turkian, eguberriak ospatzen dira. Zaila da jakitea nolakoak izango diren aurten, hiri honetako egoera politikoa  pixka bat larria delako. Guk behintzat itsasontzian  elkarrekin igaroko ditugu. Ez dira izango eguberririk onenetarikoak, baina, tira, lagunen artean egongo gara.

 

GUILLERMO ANDREVA DE BARRIO
Langilea (KAZAJSTAN)

1.- Bizitzen nagoen tokian igaroko ditut Gabonak; Astanan, Kazajstaneko hiriburuan. Hemen egotearen arrazoia beste hainbat jendek duenaren antzekoa da: lana. Nire enpresak hona urte batzuetarako etortzea eskaini zidan eta ez nuen aukera hori galdu nahi izan.

2.- Noski botako dudala faltan Gabonak Aiaraldean igarotzea, oso gabonzalea ez naizen arren ekidin ezina da garai honetan zure jendea apur bat gehiago faltan botatzea. Familiarekin egotea, zure lagunekin poteak hartzea... garai honetan hemen ia ezinezkoa da kalera ateratzea paseo bat ematera, tenperatura baxuek ez digute uzten. Nire ilobak Olentzeroren opariak irekitzen ez ikustea ere botako dut faltan. Ea zortea dudan eta gabon zaharretarako gerturatzerik dudan.

3.- Hemen ez dira Gabonak ospatzen, gehiengoa musulmana delako. Eskertzekoa da hori, horrela egun hauek, beste edozein bezala, lanean igaroko ditut eta ez dut horrenbeste pentsatuko etxean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide