EH Bilduk aldarrikatu du berea dela haustura demokratikorako boto erabilgarri bakarra

Erredakzioa 2015ko abe. 16a, 11:57

EH Bilduk hedabideentzako gosaria egin du gaur Laudion. Iker Urbina eta Lorena Lopez de Lacalle Kongresurako eta Senaturako zerrendaburuek hartu dute parte bertan. Laudioko alkateak babesa eskaini die hautagaiei.

EH Bilduk hedabideentzako gosaria egin du gaur Laudion. Iker Urbina eta Lorena Lopez de Lacalle Kongresurako eta Senaturako zerrendaburuek hartu dute parte bertan. Laudioko alkateak babesa eskaini die hautagaiei.

Iker Urbinak azpimarratu du EH Bildu dela haustura demokratikoaren aldeko apustu garbia egiten duen alderdi bakarra. “Alderdi berriek iragarri zuten demokrazia birsortu behar zutela, baina bere diskurtsoa aldatzen joan da. Podemosek erabakitzeko eskubidea errespetatuko lukeela esan zuen eta orain Espainia hautsiezina dela defendatzen du”, azaldu du Iker Urbinak.

Zentzu horretan, Euskal Herriko interesak eta eskubideak defendatzeko boto erabilgarri bakarra EH Bildukoa dela aldarrikatu du Kongresurako hautagaiak.

Iker Urbinaren ustez, Euskal Herrian erabakitzea beharrezkoa da krisialdiak eragindako eskubide murrizketei aurre egiteko. “Inork ez du nahi garrantzitsuak diren gauzei buruz beste batek erabakitzea. Aiara da horren adibide argia, eskualdeak planteamendu propioa behar du enplegua sustatzeko eta hori ez da Madriletik etorriko”, nabarmendu du EH Bilduko kideak.

Jokoan dagoena ez da eserleku kopurua, burujabetzaren aldeko apustua baizik” adierazi du Iker Urbinak bukatzeko.

Hitza bete

Lorena Lopez de Lacallek bereziki nabarmendu du EH Bilduk bere hitza bete duela. “Gasteizko udalean eta Arabako Foru Aldundian aldaketa bultzatu dugu”, erantsi du. Aldi berean, EH Bilduk benetako partaidetza bermatzen duela esan du.

Eskualdeari dagokionez, Senaturako hautagaiaren aburuz “eskandalua” da Nerbioigoienako araztegiak oraindik eraiki gabe egotea. Hautagaiak ziurtatu du borrokatuko dutela lan horiek Madrilgo Gobernuak ahalik eta lasterren egin ditzan.

Gainera, AP-68 autobidearen egoera ere aipatu du. “Europar Batasunak arreta deitu dio Estatu Espainiarrari mozkinak pribatizatzen dituelako eta zorrak publiko egiten dituelako. AP-68 errepidea publikoa izan dadin urratsak eman behar ditugu”.

Garoñaren itxiera ere aldarrikatu du Lorena Lopez de Lacallek.

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide