Kirol elkarte eta klub ezberdinek hainbat ekintza antolatu dituzte Gabon hauetarako. Eskualdeko hainbat herritan Gabonetako oporrez eta ohiko ekintzez gain, kirolaz ere disfrutatzeko aukera egongo da.
Gustu guztietarako kirolaz gozatzeko aukera egongo da Gabonetan. Korrikalariek, adibidez, eskaintza oso zabala izango dute, izan ere, San Silvestreko frogak kenduta, Laudioko Ibar krosa eta Amurrioko herri krosa ere izango dituzte.
Laudioko Atletismo Klubak 1.460 metroko zirkuitua prestatuko du iganderako. Kategoria guztiek izango dute lehiatzeko aukera eta lasterketa herrikoia ere egongo da.
Amurrioko Oinkariak taldeak, ordea, urtarrilaren 10erako prestatu du Berdintasunaren Aldeko Herri Lasterketaren IV. Edizioa. 3 lasterketa ezberdin egongo dira, herrikoia (8,5km), Gazteena (1km) eta txikiena (500metro)
Txirrindulariek ere, urteari agur esan ahal diote abenduaren 24an Amurrion, Kuskumendi MBT taldeak antolatutako irteeran parte hartuz.
9:30ean aterako dira Juan Urrutia plazatik eta 13:00ean luntx bat izango dute.
Abenduaren 28an, aldiz, Artziniegan Bizi Festa egongo da eta adin guztietako jendeak parte hartu ahal izango du.
Bizikleta hartu eta ibilbide ezberdinak egingo dituzte goizeko 11:30etatik aurrera.
Saskibaloian, ordea, abenduaren 28an Urduñako Jai Alain 19:15ean lagunarteko partida jokatuko dute Nerbioigoiena Nesken Konbinatua deituriko taldea.
Eskualdeko hiru klubetako junior neskek osatzen dute taldea: Urduñako 4k, Amurrioko 6k eta Laudioko 1ek.
Eskiatzeko denboraldia ere pil pilean dago. Hilabete honetan irekiko dituzte jada pista denak. Amurrioko elur taldeak txangoa egin zuen abenduaren 4tik 8ra bitartean. Urtarrilaren 15etik aurrera hasiko dira txangoak egiten.
Euskal Herrian gainera, urteari amaira ezin hobea emateko askok, urteko azken egunean mendira igotzeko ohitura dute.
Hori dela eta, Txarlazo Mendi Taldeak, adibidez, Txarlazora igotzeko txangoa antolatzen du. 9:30ean aterako dira Foru Plazatik. Horrez gain, hamaiketakoa izango dute denak elkarrekin. Ganekogorta Mendi Taldekoek egun berean egingo dute txangoa Ganekogorta mendira. Goizeko 9:00ean aterako dira landetatik eta mendi igoeraz gain, hamaiketakoa eta taldeko brindisa egingo dute.
San Silbestreko frogak eta ohiturak
Urduña, Orkozko eta Luiaondon abenduaren 31 San Silvestreko 3 froga ezberdin antolatzen dituzte.
Arando Korrilakari Elkarteak herri lasterketa antolatzen du Urduñan. Bi txanda ezberdinetan banatu dute lasterketa. Lehenengoa etxeko txikiek parte hartu ahal izateko arratsaldeko 18:30ean. Beraiek 1,5kilometroko ibilbidea egin beharko dute. Nagusiek, ordea, 3 kilometrotakoa ibilbidea egin behar izango dute hiriko kale ezberdinetatik zehar umeek euren lasterketarekin bukatzen dutenean.
Orozkon ordea, Spiuk, udala eta Txirrindularitza Elkarteak duatloiaren XIII. Edizioa antolatu dute. Ibilbidea ez da aldatu, 2,5 kilometro korrikan eta ondoren 9 bizikletarekin. Karlos Isusi, Orozkoko Txirrindularitza Elkarteko kidearen arabera, ibilbidea “bai korrikan zein bizikletan egitekoa, errazak dira eta edozeinek eiteko modukoak” .
Luiaondon 14 kilometrotakoII San Silvestre mendi ibilaldia egingo dute abenduaren 31n. Santa Marinara igoko dira goizeko 9:30ean. 4 ordu inguruko martxa hau Administrazioa batzarrak antolatu du Mendiko Galduak Taldearen laguntzarekin.
Orain arte egindako ekintzak
Abendua hasi bezain laster hasi ziren Gabonekin zerikusia duten kirol ekintzak. Aresketa Gimnasia Erritmikoko taldeak , adibidez, ordu beteko erakustaldia eskaini zuen abenduaren 11n. Denboraldian zehar egindako lanak erakutsi zituzten talde honetako neskek. Laudion, asteburu berean hasi zen Gabonetako tenis txapelketa eta larunbatean jokatuko dira finalak.