“Nik badakit jende gehienak ez dituela nire pelikulak gustuko”

Txabi Alvarado Bañares 2015ko abe. 14a, 09:33

Igande goiza da. Ez dugu beste tarterik topatu PATXI URKIJOrekin (Laudio, 1962) zita lotzeko. Filma bat estreinatu zuen duela bi aste eta hurrengoaren gidoia prestatzeari ekin dio, Unibertsitatean klaseak emateari utzi gabe.

Igande goiza da. Ez dugu beste tarterik topatu PATXI URKIJOrekin (Laudio, 1962) zita lotzeko. Filma bat estreinatu zuen duela bi aste eta hurrengoaren gidoia prestatzeari ekin dio, Unibertsitatean klaseak emateari utzi gabe.

Aste korapilatsua izan duzu...
Bai, hala suertatu da. Atzo Zaratamon egon nintzen, zinemari buruzko solasaldi bat gidatzen, eta bihar Bilbon egongo naiz, zine klasikoari buruzko hitzaldi bat eskaintzen.

Hortaz gain, zure azken filmaren (“De mal en peor”) estreinaldia egin zenuen iragan igandean Laudion. Nolakoa izan zen?
Harrigarria  izan zen niretzat. Orain dela zortzi urte “Atzo/Ayer” filma estreinatu nuenean sei lagun gerturatu ziren, baina igandean 50 lagun inguru zeuden aretoan. Pozik, beraz.

Hasieran zenuten asmoa, baina, ez zen filma bat egitea.
Ez, hasierako asmoa bideoklip bat egitea zen, rock talde batentzat. Baina iazko abenduan, lana bukatuta genuenean, nahi ez zutela esan ziguten. Hori dela eta, grabatutako material guztia bildu genuen urtarrilean eta martxoan material berria grabatzeari ekin genion, bideoklipa zena filma bilakatzeko asmoarekin.

Zer zara, irakasle ogibidea duen zinemagilea edo denbora librean zinema egiten duen irakaslea?
Denbora librean zinema egiten duen irakaslea (barreak). Bestela ezinezkoa da. Kultura ez da orain soilik egon baztertua, beti egon da. Baina azken bolada honetan badirudi marra bat markatu dutela. Alde batekoei dirutza ematen diete, eta beste aldekoei ezta hurrik ere. Geroz eta nabarmenagoa da hori.

Baina zu beti aritu izan zara zinema komertzialaren parametro eta erritmoetatik kanpo.
Hala da. Alde batetik, filmaren ekoizpena dugu. Bestetik, pelikularen “mugimendua”, txapelketaz txapelketa. Hori dirutza suposatzen du. Ez dago idatzita, baina aurresuposatu egiten da filma jaialdi bateko sail ofizialean sartzen bada zuzendaria jaialdira derrigorrean bertaratu egin behar dela. Bidaia, hotela... kostu handia da.

Urteak daramatzazu ikus-entzunezkoen munduan. Makina bat proiektu egin izan dituzu. Lerro edo ibilbide zehatzik jarraitu duzu urte hauetan guztietan?
Ez da kasualitateak gidatutako bide bat izan. Ikus-entzunezko lan ia guztietan irudia lantzeko kultura eredua bera da: mendebaldeko kultura. Kultura horren barruko margolaritza, arkitektura edo zinemari erreparatuz  gero, ia-ia guztiek eredu bera jarraitzen dutela ikusi daiteke.
Baina Oteizari esker badakigu Euskal Herrian bestelako eredu bat jarraitu izan zela. Euskaldunentzat, hutsa (ez-betea) garrantzitsuagoa zen. Isiltasuna eta hutsa.

“Nire pelikulak arraroak eta ulertzeko zailak direla esatea piropo bat da ia-ia”

Hori da gure ardatza. Zergatik ez egin fikziozko filmak eredu hori jarraituaz? Hori da pelikulaz pelikula proposatu izan dudana: geure izaera ikus-entzunezko medioetan lantzea, sortzea eta proposatzea, baina hutsa eta isiltasunarekin.

Eta hori nola egiten da?
Kontu handiarekin (barreak). Badago euskal pelikula bat, erreportaje izugarria: “Amalur”, Fernando Larruquertek Nestor Basterretxearen laguntzarekin eginikoa, Oteizaren pentsamoldean oinarrituta. Oso pelikula ezberdina da besteekin alderatuta. Orduan, posible bada erreportaje bat egitea, zergatik ez fikziozko lan bat? Horretan nabil, lantzen.
Orokorrean jendeari ez zaio egiten duda lana gustatzen, bi arrazoi oso nabarmenengatik. Alde batetik, medio falta. Ez dugu dirurik eta nabaritzen da, eta hori ez da jendearen gogokoa. Bestetik, batzuk diote argumentuak konplexuak direla, ulertzeko zailak, oso korapilatsuak, oso arraroak. Hori niretzat piropo bat da ia-ia.

Lanketa horri begira proiekturik duzu esku artean?
Bai. Pelikula bat prestatzen ari naiz, 1970an zine txapelketa batean jazotako benetako gertaera batean oinarritua. Istorio izugarria da. Gidoia egiten ari naiz. Atzo bukatu nuen lehen sekuentzia idazten.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide