Laudioko Tokiko Gobernu-Batzarrak bi diru laguntza onartu berri ditu. Alde batetik, Tindufeko kanpamenduetan izandako kalteak arintzeko 1.100 euroko laguntza emango du Udalak. Uholde gogorrak izan ziren urrian, azken 40 urteko bortitzenak, eta larriki kaltetu zituzten errefuxiatu guneak, bertako eskolak eta ospitaleak suntsituz. Saharako errefuxiatuentzako laguntza RASD-aren Lagun Elkartearen bidez kudeatuko du Udalak.
Beste aldetik, Elikagai-Bankuari 1.000 euroko laguntza emango dio Udalak. Arabako Elikagai Bankuak egoera onean dauden elikagai soberakinak biltzen ditu, beharra duten familia eta pertsonen artean banatzeko. Elikagai Bankuak osatutako boluntario talde bat eskualdeko herri desberdinetako supermerkatuetan izan da azken egunotan herritarrek emandako elikagaiak biltzen. Aiaraldeko udalek ere kanpaina horretan parte hartu nahi izan dute.