"Arabaren ahotsa izan nahi dut Madrilgo Senatuan"

Erredakzioa 2015ko abe. 9a, 09:33

ALMUDENA OTAOLA (Okondo) da EAJk Araban aurkeztutako Senatuko zerrendaburua. Okondoko udalean zinegotzi eta Arabako Batzar Nagusietan aritu ostean arabarren ordezkaria izan nahi du Madrilen.

EAJk Araban aurkeztu duen Senaturako zerrendaburua zara, nola jaso zenuen proposamena?

ALMUDENA OTAOLA (Okondo) da EAJk Araban aurkeztutako Senatuko zerrendaburua. Okondoko udalean zinegotzi eta Arabako Batzar Nagusietan aritu ostean arabarren ordezkaria izan nahi du Madrilen.

EAJk Araban aurkeztu duen Senaturako zerrendaburua zara, nola jaso zenuen proposamena?

Zalantzarik gabe, erantzukizun handia da esku artean dudana baina, era berean, ohorea da niretzat. Benetan eskertzen diet EAJren Arabako Uri erakunde eta alderdikide guztiei nigan jarri duten konfiantza. Arabarekin daukadan konpromisoa bete nahi dut eta horretarako nire onena emango dut.

Zein da Senatura eraman nahi duzun mezua?

Oso argi dut zertara joango naizen Senatura, Arabaren eta arabarren ahotsa eramatera joango naiz.

Madril helburutzat dutenei, hau da, PPri, PSOEri, berehala ahazten zaie arabarrak direla. Miranda de Ebrora heldu orduko, ahaztu egiten zaie nondik datozen, nortzuk hautatu dituzten eta nortzuk ordezkatzeko betebeharra duten.

Araban gauza bat esaten dute eta Madrilera heltzean Arabaren kontra egiten dute euren bozekin. PP eta PSEko ordezkari arabarrek beti, beti bozkatzen dute Madrilgo interesen arabera, Genovatik edo Ferrazetik agintzen dieten zentzuan: ez dute bozkatzen Arabaren eta arabarren interesen edo beharren arabera.

Eta Podemosekin antzekoa gertatuko denaren susmoa eta ardura daukat.

Zerrendak egiterakoan argi ikusi dugu: Madrilgo aparatuak egin ditu, ez Euskadiko afiliatuek.

Horregatik, Arabaren ahotsa izan nahi dut eta gure eskubideak eta arabarron interesak besterik ez ditut defendituko”.

EAJk, edonon dagoelarik ere, Gasteizen, Madrilen, Bruselan… Euskadiren alde lan egiten du. Eta nik lan horri jarraipena eman nahi diot. Euskadiren eta Arabaren alde lan egin nahi dut.

Zeintzuk izango dira, zure ustez, hurrengo legealdiko erronkak?

Datozen urteetan gure etorkizuna arriskuan dago. Zentralizaziorako joera handia du Madrilek.

"Gure erakundeen eskumenak murriztu nahi dituzte. Hainbat adibide ikusi ditugu azken urteotan. Espainiako alderdi politikoek gure egonkortasunarekin amaitu nahi dute."

Ikusi besterik ez dago Ekonomi Itunari nolako eraso bortitza egiten ari diren. Hemengo erakundeen kudeaketa beste erakunde batzuena baino askoz hobea izan da eta horregatik dugu bizi kalitate hobea. Baina, ez dute beren kudeaketa txarra onartu nahi eta hori estaltzeko pribilejioak ditugula diote.

Gezur borobila da hori, euskaldunok ez dugu inolako pribilejiorik. Eskubide Historikoak eta Ekonomia Ituna ez dira pribilejioak, gure herriaren ezaugarri propioak dira.

Bestalde, trantsizio berri baten atarian gaude. Espainiako lurralde eredua krisi sakonean dago. EAJk argi du herri bat garela, nazio bat garela. Espainiak Euskadiren nortasuna aitortu behar du eta gure harremanak aldebikoak izan behar dira. Orain arte ez dugu bermerik izan.

Askotan herritarrek ez daukate oso argi Senatuko eginkizuna zein den, oso erakunde urruna baita, azalduko zenieke zergatik den garrantzitsua esparru hori?

Senatua lurralde ordezkaritzarako ganbara da. Baina, tamalez, azken lau urteetan Senatuan egon diren arabarrek, Espainiako alderdi handietako kide izanik, Espainiaren interesak defendatu dituzte, ez arabarronak.

Ez dituzte gure kezkak bertara eraman eta sarritan herrialde gisa ditugun interesen kontra egin dute. Horregatik, oso garrantzitsua da EAJk Araba defendatuko duen talde indartsu bat edukitzea.

Nik Arabaren ahotsa izan nahi dut Madrilen. Senatura joan nahi dut, besteak beste, Garoña behin betiko ixtea exijitzeko, Forondak 24 orduko jarduna izatea eskatzeko, eta Trebiñu Araba dela aldarrikatzeko.

Zein da politikan egin duzun ibilbidea? Nolakoa izaten ari da kanpaina?

Oso gaztetatik interesatu zaizkit herrigintza eta politika. Lau urte eman nituen Okondoko Udalean zinegotzi lanetan eta beste zortzi Arabako Batzar Nagusietan. Orain aukera berri bat eskaini didate eta ilusio handiz hartu dut.

Esperientzia polita izaten ari da kanpaina. Herriz herri gabiltza, Mikel Legarda, Kongresurako zerrendaburua, eta biok, eta jendeak oso ondo hartzen gaitu.

Ilusio eta babesa sentitzen dugu. Iñigo Urkullu Lehendakaria eta Andoni Ortuzar, EBBren presidentea, presente izan dira, eta izango dira, Arabako kanpainan, EAJk lurralde honekin duen konpromisoa argi gera dadin.

"Arabako txoko guztietara heldu nahi dugu jendeari gure asmoen berri emateko eta euren kezka eta arazoak entzuteko".

Guztiei gure hitza eman diegu: hauteskunde kanpainan ez ezik, datozen lau urteetan arabarrei entzuteko prest egongo gara eta beren arazoei konponbideak ematen saiatzeko lan egingo dugu.

Gure abiapuntua eta helmuga Euskadin daude eta argi dut, orain arte bezala, EAJ izango dela Euskadi eta Arabaren alde erantzukizunez lan egingo duen alderdi bakarra.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide