Euskara, pieza mugitu beharra

Erredakzioa 2015ko abe. 2a, 23:54

Xake partida batean jokalaria zugzwang-en dagoela esaten da, egiten duen mugimendua egiten duela, partida galduko badu. Euskararen normalizazioaren aldeko borroka xake taula batean jokatuko balitz, antzeko egoera bat emango litzateke gaur egun. Hori iradokitzen dute eskualdeko zenbait norbanako eta eragileetako ordezkariek.

“Euskara ‘impass’ batean dago, ez atzera ez aurrera, kantitateari dagokionez, eta kalitateari dagokionez, atzera doa, dudarik gabe”, baieztatu du Anuntxi Arana antropologoak.

Xake partida batean jokalaria zugzwang-en dagoela esaten da, egiten duen mugimendua egiten duela, partida galduko badu. Euskararen normalizazioaren aldeko borroka xake taula batean jokatuko balitz, antzeko egoera bat emango litzateke gaur egun. Hori iradokitzen dute eskualdeko zenbait norbanako eta eragileetako ordezkariek.

“Euskara ‘impass’ batean dago, ez atzera ez aurrera, kantitateari dagokionez, eta kalitateari dagokionez, atzera doa, dudarik gabe”, baieztatu du Anuntxi Arana antropologoak.

ANUNTXI ARANA: “Impass batean dago euskara, ez atzera eta ez aurrera. Eta kalitateari dagokionez atzera doa, dudarik gabe”

Hogeitalau euskara elkarteko kidea den Joseba Llanorentzat, berriz, argi dago “ziklo baten amaiera” iritsi zaiola euskalgintzari. “Frankismotik ateratzean egitasmo batzuk jarri ziren martxan, eta gaur egun nabaritzen dira horren emaitzak; euskararen ezagutza mailari begira batez ere”. Baieztapen horrekin bat egiten du Juanjo Respaldiza bertsolari orozkoarrak. “Edozeinek ikusteko modukoa da ziklo baten amaiera bizitzen ari garela, eta ez soilik euskararen arloan”.

NATXO URKIXO: “Herri kulturgintzan ez da belaunaldi aldaketarik eman. Hainbat arlotan sortu behar dira motibazioak”

Basalarrina Euskal Topaguneko kide den Toño Vallesek, bere aldetik, hezkuntzan jarri du begirada. “Hezkuntzan planteatu ziren helburuak bete egin dira”. Baina gaineratu du ez dela helburu gehiagorik markatu, eta euskara “komunikazio alorretik” gutxiagora doala.
Mikel Ayllonentzat ere okertzen ari den egoera da euskararena. Mundua aldatu egin dela uste du idazle laudioarrak, eta euskalgintzak ez duela jakin izan bere mezua egokitzen. “Eta okerrena da arazoa begien aurrean dugula eta ez diogula begiratu nahi, pasillo erdian dagoen elefantea bailitzan”. Hainbat galdera planteatu ditu Ayllonek argudio gisa: “Zenbat jendek irakurtzen du euskaraz? Zenbat jendek ikusten du telebista euskaraz? Zenbat jendek gozatzen du euskaraz? Zenbat jendek negar egiten du euskaraz? Zenbat jende maitemintzen da euskaraz? Funtsean, zenbat jende bizi da euskaraz?”.

JOSUNE IRABIEN: “Garrantzitsua da udal ordezkariek euskaraz jakitea. Esparru formal eta informalen arteko zubiak eraiki behar dira”

Badaude ikuspegi baikorragoa dutenak ere. “Egoera ez da itxaropentsua”, aitortu du AEKko kidea den Angela Ricok, baina gaineratu du ikusten dituela “itxaropenerako zantzuak”. “Euskarak eremu berriak berenganatu ditu apurka apurka, eta hori garrantzitsua da”.

Kalera salto
Hizkuntzaren ezagutzaren eta erabileraren arteko distantzian kokatu dute arazoaren muina elkarrizketatu gehienek. “Gure erronka euskara eskolako eremutik ateratzea izan behar da, herriko kaleetara eramateko”, aldarrikatu du Sonia Abeziak.

SONIA ABEZIA: “Erronka euskara eskolako eremutik ateratzea izan behar da, herriko kaleetara eramateko”

Aiaraldean sortu berri den Hezkuntza Foroko kidea da bera, eta Lanbide Heziketan zikloak euskaraz eskaintzea ere “ezinbestekotzat” du.
Hezkuntza Foroko kidearekin bat egiten du Amurrioko alkatea den Josune Irabienek baita. “Esparru ez formalerako zubia eraiki behar da, eskolatik haragokoa”. Horretan instituzioek funtzio garrantzitsua jokatzen dutela uste du Irabienek, eta garrantzitsutzat jo du udal-ordezkariak euskaraz komunikatzeko gai izatea.

JOSEBA LLANO: “Helmugarik gabeko bidea da euskararen aldekoa. Inoiz ez gara egoera idiliko batera iritsiko, baina bide onean goaz”

Euskal kultura ere izan du hizpide Amurrioko alkateak. “Ez dakit krisian dagoen, baina jada ez dago lehen zegoen erreferente kopurua”. Harago joan da Natxo Urkixo Laudioko alkateak: “Ez da belaunaldi aldaketarik eman, mundu liberalak norbanakoaren defentsa sutsua egiten duelako, jendea elkartzea gaitzetsiz”.

MIKEL AYLLON: “Ez du balio euskara moda bati lotzeak. Sortu nahi dugun mundu berrira lotu behar dugu euskara”

“Ezagutzaren datuak asko aldatu dira azken hamarkada honetan“, aipatu du Angela Ricok, “baina tamalez, euskararen kinka ikusirik, esango nuke euskaraz hitz egitea eta batez ere euskaraz bizitzea ez dagoela jendearen lehentasunen artean, ez da beharrezkoa ikusten, eta hau da gakoa“.

KOLDO RODRIGUEZ: "Zama guztia jarri da hezkuntza erakundeetan, jakinda gainera ez dela hezkuntzaren gain erortzen den arazo bat soilik"

Aresketa Ikastolako Koldo Rodriguezen ustez "zama guztia" jarri da Hezkuntzako erakundeetan, "jakinda gainera ez dela hezkuntzaren gain erortzen den arazo bat soilik".  Euskarak "ikastetxeen hormak zeharkatu" behar dituela ladarrikatu du Rodriguezek, "eta eremu gehiago konkistatu: kirola, merkataritza, administrazioak, garraioa, osasuna…"


Masa kritikoaren beharra
Hori dela eta, euskara sustatuko duen “masa kritiko” baten beharra dagoela aldarrikatu du Toño Vallesek. Hala uste du baita Anuntxi Aranak: “Militantzia beharrezkoa da oraindik, kontzientziarik ez duen gutxiengo bat izanda pikutara joango gara eta”. Juanjo Respaldizarentzat, berriz,“Identitatea” jarri behar da mahai gainean. “Orain badirudi euskalduna izateko euskara jakitea ez dela horren garrantzitsua, tentsio puntu hori galdu egin dugu”.

ANGELA RICO: “Hizkuntza minorizatua garenaren onplexu historikoarekin  apurtu egin behar dugu”

Joseba Llanoren iritziz, “euskara oso lotua egon da abertzaletasunarekin, baina orain ezin gara horretan geratu. Beste estrategia batzuk jarri behar dira martxan. Norberaren emozio eta sentimenduei lotu behar da euskara”.

Motibazio berriak sortzean, horretan datza gakoak. Baina motibazioak “pertsonen araberakoak” dira, Natxo Urkixoren arabera, “hainbat arlotan egon behar dira beraz”.

JUANJO RESPALDIZA: “Orain badirudi euskalduna izateko euskara jakitea ez dela horren garrantzitsua, tentsio puntu hori galdu egin dugu”

Mikel Ayllonentzat ez du balio euskara moda bati lotzeak. “Euskara modan dago Korrika gure herritik pasatzen denean, baina gero modan egoteari uzten dio”. Euskarari balio batzuk ematea da giltza: “Sortu nahi dugun mundu berrira lotu behar dugu euskara”.

Xake mate?
Pieza, mugmendu eta estrategia asko; baina urrun jarraitzen du xake-mateak. “Helmugarik gabeko bidaia batean gaude”, dio Joseba Llanok. “Nik ez dut uste helduko denik denok euskaraz hitz egingo dugun eguna, mundu idiliko batean biziko garena, euskara  hizkuntza bizia den aldetik beti egongo da inguruko beste hizkuntzekin elkarrekintzan”.

TOÑO VALLES: “Hezkuntzan planteatutako helburuak bete egin dira, baina ez da helburu berririk markatu”

Xake matera iritsi gabe ere, euskaraz bizi daitekeela iradoki du Angela Ricok. “Hizkuntza minorizatua gara. Eta zer? Konplexu historiko horrekin apurtu egin behar dugu. Txikitasunetik gauza handi asko egin daitezke”.

Mikel Ayllonentzat, baina, garrantzitsua da euskararen hegemonia helburutzat izatea. “Imajinatzen duzu Ingalaterran ingelesa hitz egitea sustatzen duen eragile bat? Ez, ezta? Ba egoera horretara iritsi beharko ginateke hemen”.

Xake matearekin edo gabe, partida ez da bukatu. Piezek taula gainean jarraitzen dute, nork mugituko zain.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide