Berbalagunak izatetik, euskaraz mintzatzen diren lagunak izatera

Txabi Alvarado Bañares 2015ko abe. 3a, 09:55

Martxan daude berriz Aiaraldeko Berbalagun taldeak. Euskaraz hitz egiteko taldeak sortzean datza Berbalagun egitasmoak. Duela 8 urte jarri zen lehen aldiz martxan eskualdean, eta gaur egun dozena bat talde daude: 8 Laudion eta bina Amurrio eta Urduñan. 60 pertsona inguruk hartzen dute parte talde horietan.

Martxan daude berriz Aiaraldeko Berbalagun taldeak. Euskaraz hitz egiteko taldeak sortzean datza Berbalagun egitasmoak. Duela 8 urte jarri zen lehen aldiz martxan eskualdean, eta gaur egun dozena bat talde daude: 8 Laudion eta bina Amurrio eta Urduñan. 60 pertsona inguruk hartzen dute parte talde horietan.

Mendi-txangoak, masaje-tailerrak, sukaldaritza ikastaroak, ikuskizunak... edo poteo soil bat. Oso anitzak dira Aiaraldeko Berbalagun taldeek egiten dituzten ekimenak. Baina ekintza horiek guztiek badute ezaugarri bat komunean: maila hobean edo txarragoan, baina euskaraz egiten direla. Hori baita AEKren Berbalagun egitasmoaren xedea: jendea giro informal batean biltzea, euskaraz mintzatzeko. Oasi txiki batzuk sortzea, kaleko hizkuntza nagusia gaztelera den eskualde batean.

Aiaraldeko hiru herritan topatu daitezke horrelako “oasiak”: Laudion, Amurrion eta Urduñan. Baina Luiaondon eta Orozkon ere sortzekotan dabiltza. Talde “guztiz irekiak eta doakoak” direla azaldu du Berbalagunen dinamizatzailea den Aaron Garmendiak, eta guztira 60 lagun inguru biltzen direla ere aipatu du. Ekintza ugari antolatzen dituzte, baina taldeak ez dira ekintza horietara bertaratzera mugatzen. Astero elkartzen dira, bakoitza bere dinamika propioarekin.

Lagunartean euskaraz
Laudion ostegunetan biltzen dira Berbalagun talde gehienak. Talde horietako batek sukaldaritza du gustuko, eta batzuetan Zubiko Etxean biltzen dira, hainbat errezeta prestatzeko. Talde horretan dago Carmelina Calavia, eta Berbalagun egitasmoa sortu zenetik dabil ekimenean parte hartzen, zortzi urte. Calaviak azpimarratu du jada ez direla biltzen “euskaraz hitz egite hutsagatik”. “Lagunak egin gara, eta oso ondo moldatzen gara elkarrekin. Jada ez dugu politikaz edo Laudioko kontuez soilik hitz egiten, kontu pertsonalen inguruan ere mintzatzen gara”.

Dozena bat Berbalagun talde daude eskualdean: zortzi Laudion eta bina Amurrio eta Urduñan. Luiaondo eta Orozkon ere taldeak sortu nahi dituzte

Helburu bikoitza zuen Oihana Ruizek azaroaren hasieran Berbalagun talde horretan sartu zenean. Iruñakoa da bera, baina senarra amurrioarra du eta hori dela eta Laudiora joan zen bizitzera, duela bi urte. “Hemengoa ez naizenez ez dut Laudioko jende asko ezagutzen, eta modu honetan pertsona gehiago ezagutzeko aukera izan dut”. Euskara praktikatzea ere izan du helburu: “Ikastolan egin nituen ikasketak, baina orduz geroztik ez dut euskara asko erabili, eta noizbait haurrak izaten baditut eurei euskara hitz egitea gustatuko litzaidake”.

Hainbat ezagutza-mailetako kideak daude Berbalagun taldeetan. Eta hori, gutxiago dakitenentzako oztopo bat baino, “abantaila” dela ziurtatu du Ruizek, “zu baino euskara maila altuagoa dutenek hobeto hitz egiten laguntzen dizutelako”. Baieztapen horrekin bat egin du Calaviak. “Batzuk gure taldera etorri eta beldurtu egiten dira, euskara maila ez delako oso ona”, azaldu du, “baina horretarako dago taldea. Erdi euskaraz eta erdi gazteleraz egiten baduzu lasai, joango zara trebatzen”.

Abenturak ere, euskaraz
Berbalagun egitasmoa ez da euskara talde-dinamika bidez sustatzeko eskualdean dagoen ekimen bakarra. “Gurasolagun” proiektua ere hor dago, guraso eta haurren artean euskara sustatzeko hainbat ekintza antolatzen dituen dinamika. Hortaz gain, “Berbabentura” ekimena jarri dute martxan, kirola egiterakoan ere euskara mihian izateko. Abenduaren 12rako jarri dute lehen zita. Mairuelegorreta kobara egingo dute txangoa, eta 20 lagunek eman dute izena, momentuz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide