“Dokumentu ofizial guztietan gaztelania erabiltzen zen, herrian euskaraz egiten zen bitartean”

Erredakzioa 2015ko abe. 3a, 08:11

Historialari amurrioarra da AKETZA MERINO. Abenduaren 3a dela probesturik, euskarak Aiaraldean izan duen bilakaeraren inguruko zenbait galdera erantzun ditu.

Izan da noizbait euskara hegemoniko (hau da, hizkuntza nagusi) Aiaraldean?

Historialari amurrioarra da AKETZA MERINO. Abenduaren 3a dela probesturik, euskarak Aiaraldean izan duen bilakaeraren inguruko zenbait galdera erantzun ditu.

Izan da noizbait euskara hegemoniko (hau da, hizkuntza nagusi) Aiaraldean?

Lehenengo eta behin, kontuan hartu behar dugu daukagun informazioa nahiko eskasa dela, beraz ez da hainbeste ziur dakiguna. Baina badakigu euskara hizkuntz nagusia izan zela XIX. mendera arte Laudion, Luiaondon, Okondon, Baranbion, Lezaman... leku horietan, biztanle asko euskaldun elebakarrak izan ziren seguru asko.

Hizkuntza nagusia zen garai horietan, zer nolakoa zen euskararen eta bestelako hizkuntzen artean ematen zen harremana?

Dokumentu ofizial guztietan gaztelania erabiltzen zen, herri mailan euskaraz egiten zen bitartean. Dena den, nik uste dut elebitasuna esan den baino garrantzitsuagoa izan zela. Artziniega aldean seguru asko bi hizkuntzak luzaroan bizi ziren elkarren ondoan, eta gainera, dakigunez, Aiaraldean pertsona asko mandazainetan jardun ziren, Errioxa eta Gaztelara bidaiak egiten. Pentsatzekoa da hauek gaztelania zekitela, apur bat bederen.

“Badakigu euskara hizkuntza nagusia izan zela XIX. mendera arte Laudion, Luiaondon, Okondon, Baranbion, Lezaman...”

Noiz eta non hasten da egoera hori aldatzen? Zergatik?

Euskararen galera Aiaraldean Artziniegan hasi zen, mendebaldetik ekialderantz joan zen galtzen. XVIII. mendearen bukaeran esaten denez, Menoio inguruan ez zen euskara erabiltzen baina, esate baterako, Okondo euskaldun petoa zen oraindik. Lehenengo Karlistadaren garaian hasi zen galtzen Amurrio, Luiaondon eta inguruko herrietan. Bonaparte Printzeak esan zuenez, 1876. urtean Baranbio eta Laudio ziren herri euskaldun bakarrak gure inguruan. Okondogoiena, Luiaondo, Lezama, Larrinbe eta Astobiza erdi-euskaldunak zirela esan zuen, hau da, oraindik bazeuden euskaldunak eta euskara erabiltzen zen baina belaunaldi arteko transmisioa galduta zegoen.

Transmisioaren etena XIX. mendearen azken urteetan gauzatu zen Baranbion eta Laudion, salbuespen batzuk salbu.

“Gerra Zibila hasi zenerako euskara galduta zegoen ia Aiaraldea osoan”

Zeintzuk dira euskararen desagertzean eragin izan duten faktoreak? Askok Gerra Zibilean eta Frankismoan jartzen duten euskararen desagertzearen mugarri nagusia. Aiaraldean orduan desagertu zen edo lehenagotik ere ematen zen fenomenoa zen desagertzearena?

Gerra Zibila hasi zenerako euskara galduta zegoen ia Aiaraldea osoan; leku askotan mende bat eta beste batzuetan bi mende lehenago desagertu zen.

Oraindik bazeuden bertoko euskaldun batzuk, eta Euskal Herriko beste tokitik etorritakoak ere (Orozko, Arratia edo Gipuzkoatik), baina salbuespenak baino ez ziren. Baina egia da Bigarren Errepublikako garaietan euskara berreskuratzeko ahalegin batzuk egin zituztela abertzaleek, frankismoak ezinezkoak bihurtu zituenak.

Beraz, zergatik desagertu zen euskara Aiaraldean? Faktore batzuk aipa ditzakegu: gaztelaniarekin harreman estua eta hurbila; gaztelania beharrezkoa zen administrazioan, ejertzitoan edo Amerikan lan egiteko, eta prestigio handiagoa zeukan; Espainako politika liberalak, irakasle atzerritarrak eta erdaldunak izendatuz...

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide