“Hezkuntza formalak euskararen alde eman dezakeen guztia eman dezan sortu dugu foroa”

Erredakzioa 2015ko abe. 3a, 08:54

Eskualdeko ikastetxeek euskara sustatzeko sortutako Hezkuntza Foroko kidea da SONIA ABEZIA. Abenduaren 3a dela baliatuta, foroaren eta euskarak eskualdean duen egoeraren inguruan mintzatu da.  

Zer helbururekin sortu duzue Hezkuntza Foroa? Zer sorrera fasetan zaudete?

Eskualdeko ikastetxeek euskara sustatzeko sortutako Hezkuntza Foroko kidea da SONIA ABEZIA. Abenduaren 3a dela baliatuta, foroaren eta euskarak eskualdean duen egoeraren inguruan mintzatu da.  

Zer helbururekin sortu duzue Hezkuntza Foroa? Zer sorrera fasetan zaudete?

Ulibarri programan (Ikastetxeen hizkuntza normalizazio programa) parte hartzen dugun ikastetxeetako bileretan aspaldi sortu zen gure arteko harremanak indartzeko beharra jarduera komunak antolatzeko, eta gonbitea luzatu genien Aiarako Ikastetxe guztiei zein udaletako euskara teknikariei bilera batean parte hartzeko.

Iaz, foroaren funtzionamendua zehaztu eta gero, ikastetxe bakoitzean zer antolatzen zen eta elkarrekin zer egin genezakeen aztertu genuen eta hainbat jardueratan parte hartzeko koordinatzen hasi ginen. Aurten, kirolaren gaia lantzen ari gara eta ikastetxeetan egindako inkesten emaitzak aztertzen ari gara.

Hezkuntza formalak euskararen aldeko borrokan eman zezakeen guztia eman duela uste duzu?
Ez, horregatik ari gara foro honetan lan egiten. Baina argi izan behar dugu hezkuntza formala ez dela bakarrik klaseko espazioa eta hortik kanpo erabilerarekin arazoak handiak daude. Eskoletako eremu informaletan ere (korridoreetan, patioan, eskolaz kanpoko jardueretan) erabilera oso garrantzitsua da eta gure asmoa horretan eragitea da.

Zein da, zure ustez, orokorrean, gaur egun euskarak bizi duen egoera?
Hazkuntza fase batean dagoela uste dut, ezagutzaren datuek hori adierazten baitute. Hala ere, orain gure indar guztiak erabileran jarri behar ditugula uste dut, hau da, gure erronka euskara eskolako eremutik ateratzea izan behar da, herriko kaleetara eramateko.

“Euskara eskolako eremutik ateratzea izan behar da gure erronka, herriko kaleetara eramateko”

Askok euskalgintzaren ziklo baten amaiera bizitzen ari garela diote. Hala uste duzu zuk?
Lehen esan dudan moduan, ziklo edo fase berri honetan erabileraren garrantzia azpimarratuko nuke. Gaur egun, A-eredua ia guztiz dagoenez, gure ume eta gazte guztiak elebidunak dira, baina arazoa da kalean hori ez dela igartzen. Horretan gure indar guztiak jarri beharko genituzkeela uste dut.

Ziklo berri bat ireki behar dela uste duzu? Zer ildo izan beharko lituzke ziklo horrek?
Aiaraldea.eus, Berbalagun eta Gurasolagun programak eta gure ume eta gazteentzako kultura jarduera guztiz euskaldunak sustatu behar direla uste dut eta horretarako erakunde guztien babesa ezinbestekoa da.

“Lan munduan euskararen garrantzia gero eta handiagoa dela azpimarratuko nuke”

Duela zenbait urte militantzia zen euskara ikasteko jendartean zegoen motibazio nagusia. Gaur egun beste batzuk egon daitezke (klasean ikastea, lan egiteko ikastea...). Zein da, zure ustez, gaur egun dagoen motibazio nagusia?
Ez dakit zein izan daitekeen, baina lan munduan euskararen garrantzia gero eta handiagoa dela azpimarratuko nuke. Bai Euskarari ziurtagiria, hainbat enpresatan ezartzen ari diren euskara planak eta Laudioko Udalak martxan duen Merkataritza, Ostalaritza eta Enpresetarako Euskara Plana bezalako ekimenak oso garrantzitsuak dira lan mundua euskalduntzen laguntzeko.

“Horregatik, ezinbestekoa da Lanbide Heziketako zikloak euskaraz eskaintzea ikasle euskaldunek euskaraz ikasten jarraitzeko aukera izan dezaten”

Horregatik, ezinbestekoa da Lanbide Heziketako zikloak euskaraz eskaintzea ikasle euskaldunek euskaraz ikasten jarraitzeko aukera izan dezaten. Hori izango litzateke, gaur egun, Aiaraldean indartu beharreko esparru garrantzitsua, etorkizunerako erronka handia hezkuntzaren munduan aritzen garen eragile guztiontzat.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide