“Hizkuntza minorizatua gara, eta zer? Konplexu historiko horrekin apurtu behar da”

Erredakzioa 2015ko abe. 3a, 08:28

ANGELA RICO (Laudio, 1983) AEK-ko kidea da. Abenduaren 3a dela eta, euskararen gaur egungo egoeraren eta etorkizunaren inguruko zenbait galdera erantzun ditu.

Zein da, zure ustez, orokorrean, gaur egun euskarak bizi duen egoera?

ANGELA RICO (Laudio, 1983) AEK-ko kidea da. Abenduaren 3a dela eta, euskararen gaur egungo egoeraren eta etorkizunaren inguruko zenbait galdera erantzun ditu.

Zein da, zure ustez, orokorrean, gaur egun euskarak bizi duen egoera?

Egoera ez da txalotzekoa, baina itxaropenerako zantzuak ikusten ditut. Euskarak eremu berriak bereganatu ditu apurka-apurka eta hau garrantzitsua da . Izan ere, interneten presentzia handia du eta hau baldintza garrantzitsua da hizkuntza baten biziraupenerako. Hala ere, beti bezala, arazoa ez da presentzia edo ezagutza, erabilera baizik. Ezagutzaren datuak asko aldatu dira azken hamarkada honetan, baina tamalez, euskararen kinka ikusirik, esango nuke euskaraz hitz egitea eta batez ere euskaraz bizitzea ez dagoela jendearen lehentasunen artean, ez da beharrezkoa ikusten, eta hau da gakoa.

“Euskararen gaur egungo egoera ez da txalotzekoa, baina itxaropenerako zantzuak ikusten ditut”

Askok euskalgintzaren ziklo baten amaiera bizitzen ari garela diote. Hala uste duzu zuk?

Ez dakit amaiera bati buruz hitz egin daitekeen. Asko dago egiteke, inguru erdaldun batean bizi gara, honek suposatzen duen guztiarekin. Mikrokosmos euskalduna osatzen duten eragileek lanean jarraitu beharko dute, halabeharrez.

Ziklo berri bat ireki behar dela uste duzu? Zer ildo izan beharko lituzke ziklo horrek?

Alde batetik, hizkuntza minorizatua gara, eta zer? Konplexu historiko horrekin apurtu behar da, hizkuntza minorizatuek ere badute lekua aniztasunean, parte garrantzitsua dira, txikitasunetik gauza handi asko egin daitezke. Hau ziklo berriari heltzeko ildo inportantea iruditzen zait.

Bestetik, gazteek hartu behar dute transmisiorako lekukoa. Gazteak motibatu behar dira, erraza da esaten, badakit, egitea beste kontu bat da. Oraindik ez da asmatu formula magikoa, baina eskolatik kanpo euskara erabiltzeko espazioak sortzea beharrezkoa ikusten dut. Motibaziorako bide berriez ari naiz. Gogoan daukat eskolan “egin euskaraz” behin eta berriro esaten zigutenean, matraka ematea ez da bidea, argi daukat. Baina irakasleak euskarazko eredu hurbilenak ditugu eta euskara maitatzen irakasten duenik badago, matraka eman gabe eta mehatxurik gabe (behin baino gehiagotan zigortu naute jolastokirik gabe erdaraz egiteagatik).

“Gazteek horrelako figura erreferenteak behar dituzte inguruan, funtsezkoak dituzte euskaren aldeko hautua egiteko”

Nire kasura etorrita, 14-15 urterekin ez nuen apenas euskaraz hitz egiten, etxeko hizkuntza erdara da eta koadrilan euskara jakite hutsagatik euskaldunak ginela uste genuen, ze erratuta geunden. Institutuan euskaraz bizitzea maite zuen Karla irakaslea izan genuen. Egun ez dut gogoratzen gramatika ariketa asko egiten genituen ala askotan zigortu ninduen, bai, ordea, bertsotan zaletu ninduela eta euskal idazleak deskubritu zizkidala. Gazteek horrelako figura erreferenteak behar dituzte inguruan, funtsezkoak dituzte euskaren aldeko hautua egiteko. Ez da eragiten duen faktore bakarra, jakina, baina bai lagungarria.

Zein da, zure ustez, euskara ikasteko gaur egun dagoen motibazio nagusia?

Bihotzetik ateratzen dena, hori da motibazio handiena. Pertsona bat, leku bat edota hizkuntza batekiko sentimendua benetakoa denean berdin dio zenbat km egin behar diren hara heltzeko. Are gehiago, oinez eta euripean egin behar badira, askoz hobeto, bidaiaren amaieran jasotzen den saria handiagoa da eta.

Euskara ikasi eta erabiltzeko motibazio berriak eraiki behar al ditu euskalgintzak?

Bai, euskalgintzak sinestarazi behar dio jendarteari benetan euskarari mesedea egin nahi bazaio, euskaraz hitz egin behar dela, baina ez bakarrik euskarak bizi duen egoera kaskarrari buruz hitz egiteko. Hitz egin dezagun euskaraz baina arazoei buruz, ekonomiari buruz, maitasunari buruz, poztasunei buruz, beldurrei buruz...bizitzari buruz, finean. Honetaz jabetzen ez garen bitartean, ez da benetako normalizazioa helduko, jendarteak ez baditu aurrerapausoak ematen eta eskatzen, nekez emango dituzte administrazioek

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide