"Euskara hizkuntza nagusia izan da Aiaraldeko lurretan"

Erredakzioa 2015ko abe. 3a, 09:17

KOLDU ULIBARRI (Urduña, 1985) euskal filologoa da. Aiaraldeko euskarari buruz planteatutako galderei luze eta zabal erantzun die ondorengo testuan:

Izan da noizbait euskara hegemoniko Aiaraldean. Non? Noiz?

KOLDU ULIBARRI (Urduña, 1985) euskal filologoa da. Aiaraldeko euskarari buruz planteatutako galderei luze eta zabal erantzun die ondorengo testuan:

Izan da noizbait euskara hegemoniko Aiaraldean. Non? Noiz?

Euskara hizkuntza nagusia izan da Aiaraldeko lurretan, noski; ez dakigu noiztik (teoria ezberdinak daude euskara EAE-ra nola eta noiz heldu zen azaltzen dutenik) (1. OHARRA) baina gutxienez lurraldea antolatu zenetik (hots, leku ezberdinei izena ematen hasi zitzaionetik) toponimiak erakusten digu eremu zabal batean euskara erabili zutela lurrok izendatzeko, eta hortik dator bertakoen hizkuntza nagusia euskara izan zela. Aiaraldeko beste lurralde batzuetan toponimia erromantzea dugu, oro har, lehenengo dokumentuetatik, eta bertakoen hizkuntza nagusia erdara izan zela suposa genezake.

Zein lur dagokio hizkuntza bati eta zein besteari Barrenengoak zehaztu zuen, toponimiaz fidaturik, eta “erdal-eremua” Artziniega inguruan, Aiaraldeko ipar-mendebaldean, kokatu zuen: “en la zona confinante con los valles burgaleses de Angulo y Mena, la escasez de elementos euskéricos es evidente. Son mínimos en Sojo […], muy pocos en Mendieta, casi nulos en Santa Coloma y nulos en Sojoguti y Retes de Tudela” (Barrenenegoa 2011: 493). Hortik hegoaldera, badirudi Garobel mendizerrak egingo zukeela hizkuntzaren muga Orduñaraino, ondoren Kuartagorantz doala Gibijo mendietan zehar. Lehen batean, muga horretatik ekialdera euskara zen nagusi, mendebaldera erdara.

Hizkuntza nagusi zen garai horietan, zer nolakoa zen euskararen eta bestelako hizkuntzen artean ematen zen harremana?
Aurreko galderan marraztu den muga hori ezin da esan zurruna zenik; aitzitik, oso malgua zela ulertu behar dugu, eta antzinatik hizkuntza bien elkarbizitza egon zela mugaren alde batean eta bestean, eta oro har Aiaraldean zehar (2. OHARRA) marraztu dugun erdal eremuan Barrenengoak aipaturiko Mendieta eta Sojoguti-k eta mendizerratik gora dauden Mena eta Losa baiaretako Artieda (< Arteta) edo Zaballa toponimoak erakusten digute alde erdaldunean ere euskara egon zela. Era berean, alde euskaldunari dagozkion Llanteno eta Costerak erdal izena daramate.

Alabaina, pentsatu behar dugu hizkuntzen arteko elkarbizitza ez zela parekoa: euskara herri xehea eta eguneroko harremanetarako erabiltzen zela suposatu behar dugu, idazten zekiten aiaraldearrak (guganaino heldu zaigun hizkuntza ekoizpena) latina edo erromantzea erabiltzen zuten. Aiaraldetik kanpora marinel, gorte-gizon, edo Ameriketara diru bila joan behar izan zirenei, gainera, gaztelania ikastea beharrezko zitzaiela suposatu behar dugu. Alabaina, herrian geratzen ziren askok ez zuten euskaraz beste hizkuntzarik jakingo, eta lurraldeko erdaldun gehienak elebidunak izango zirela pertsa dezakegu.

Bikoiztasun hau hirigune garrantzitsuetan, Artziniegan eta Orduñan, ikus daiteke hobeto, eta baserri-eremuetan euskaldun iraungo zuten luzaroago: Artziniega, lehen aipaturiko mugaren arabera erdal eremuan legoke, baina badakigu 1682. urtean Arabako Batzar Nagusietan gaztelaniaz ez zekien prokuradorea bidali zutela, toponimiak dioena dioela garai horretan euskaldun elebakarrak hiriaren agintean zeudela erakutsiz. Orduñaren kasuan, XVII. mendean Isasti historialariak euskararik egiten ez zela aipatzen du hiri honetan, baina XIX. mende hasieran oraindik “gazteleraz gaizki mintzatzen diren edo zeharo ez dakiten artisau eta jornalariak dira”.

Askok Gerra Zibilean eta Frankismoan jartzen duten euskararen desagertzearen mugarri nagusia. Aiaraldean orduan desagertu zen edo lehenagotik ere ematen zen fenomenoa zen desagertzearena?
Oro har Arabarako esaten denez, XVIII. mendean gertatu zen euskararen atzerakada handiena, eta garai horretako historialari batek bi zio aipatu zituen galera horretarako: herrietako apaizek euskararik ez jakitea eta arabarrek gaztelauekin harreman estuak izatea. Lehenengo zioa ulertzeko, gogoratu behar dugu orduan apaizek herrian zuten garrantzia ez zen mugatzen herritarren arimari, humeek irakurtzen eta idazten ikas zezaketen apurra elizan izango zen, herriko apaizarekin, eta horrek euskararen atzerakada bultzatuko zuen. Bigarrenari buruz, ez da kasualitatea izango orduan zabaltzea Bilbo eta Gaztela lotuko zuen erret-bide berria.

Honekin batera, ezin ahaztu urte horietan Borboidarrak heldu zirela boterera, eta eurekin batera Frantzian hedatzen ari zen Ilustrazioaren ideiak zabaldu ziren gurera. Honek izan zuen ondorioetako bat izan zen gobernuak herri xehea heztearen beharra etorri zela, eta gobernuak berak hartuko duela ardura hori, eta heztea gaztelaniaz izango zen, ordutik aurrera. Honekin batera, Aiaraldeko jendeak Amerikara joatea ikusten zuten garaiko egoera ekonomikoaren irtenbide bakartzat, beraz, ordurako gaztelania jakitearen beharra areagotu zela pentsa dezakegu.

Egoera honetan ulertu behar dugu euskararen galera gure lurraldean, baina ezin dugu ahaztu euskara sustatzeko ekimenak egon zirela Euskal Herrian zehar, XVIII-XIX. mende bitartean elizgizonek hartu zuen euskaldun zirauen herria euskarazko predikazioaren bidez hezteko ardura, ilustratuak zekarten ideia berriei aurre egiteko: honek Eliza eta Estatuaren arteko tirabirak sortu zituzten XIX. mendean zehar, eta badirudi honek eragin zuela euskara ideologia mota bati egokitu izana (guda ideologikoan galtzaile ateratzen ari zen) eta euskara aurrera jotzea galarazi zuen. J. P. Ulibarri idazle okondoarrak lan handia egin zuen euskararen aldeko apustua herri xeheraino hel zedin, baina euskararen prestigioa (eta hiztun kopurua) beherantz zihoan gure eremuan, euskaldunak Bizkaitik hurbilen ziren herrietara mugatuz.

Era berean, Foruen galeraren (1876) ostean euskararen eta euskal-zenaren bultzada egon zen, ondoko abertzaletasunean zertu zena, eta XX. mendean zehar euskara irakasteko beharra ikusi zuten alderdi abertzaleek, tartean Laudioko Federiko Belaustegigoitiak egon zen, euskaldunberria bera, eta saiatu ziren euskal klaseak antolatzen, herrietan zeuden euskaldunzaharrak agerraraziz eta euskaldunberriak sortuz. Bultzada hau baina, 1937an igitatu zen.

Leku gehienetan desagertu arren, egon da lekurik zeinetan euskara mantendu egin izan den?
Lurraldea osotasunean hartzen badugu, gaur egun Orozko dugu herriko euskara mantendu duen herri bakarra: Arabako Laudion eta Baranbion (ahozko hizkera jasotzea lortu den herrietan) jaiotako euskaldun zaharren semeak jada etxetik kanpo ikasiriko euskara darabilte edo kanpotik etorriak dira (honetan udal ezberdinetako euskara teknikariek ni baino informazio zehatzagoa izan dezakete).

Euskararen desagertzearekin batera tokiko euskalkien desagertzea ere dago. Zer nolako euskalkiak zeuden eskualdean? Noiz eta nola desagertu ziren? Gaur egun geratzen da bizirautea lortu duen tokiko euskalkirik Aiaraldean?
Nola ez, herri batean euskara galtzeak barruan dakar herri horretako tokiko euskalkia desagertu dela, ez berez euskara (Sebillara Bermeoko euskaldun bat bizi bada, esan dezakegu Sebillan euskara egiten dela, baina ez gizonak “sebillera” egiten duela). Euskalkiaren izaera nolakoa zen jakitea zaila zaigu: Toponimian laguntzaren bat eman gaitzake, baina materialik beharrezkoena testuak dira, eta testu gutxi ditugu Aiaraldeko euskaran idatzirik eta ditugunak atzo goizekoak dira, euskararen galera prozesua oso aurreraturik zegoenean, eta geratzen ziren euskaldunak inguruko herri euskaldunagoetan oinarritu behar zirenean euskaraz hitz egiteko.

Alabaina, esan dugun bezala Orozkokoa da bizirautea lortu duen tokiko hizkera bakarra eta dialektologoen arabera Arratian egiten denarekin du antzekotasun gehien gaur egun. Eta gaur egun esatea garrantzitsua da, ez baitirudi beti horrela izan zenik: XIX. mende erdialdean Bonaparteren mapa famatuak Orozkoko hizkerak leku aparte bat osatzen zuen Baranbiorekin, Laudio eta Luiandokoa Nerbioi arroan egiten zenarekin lotzen den bitartean. Lehenago, J. M. Zabala fraide frantziskotarrak Bizkaiko hizkeraren deskribapena egiterakoan ematen dituen zertzeladetan erakusten digu Orozkoko hizkera Laudio, Baranbio eta Luiandoko herriekin bat egiten zuela. Honek pentsatzera garamatza egun Orozkoko euskararen berezitasun asko lehen Aiaraldeko gainontzeko lurraldeetako hizkeran ere egon zitezkeela.

Neure doktorego tesian XVIII. mendeko euskaraz idatzitako sermoitegi bat aztertu dut, eta erakusten duen hizkeragatik Aiaraldeko hizkeraren lekukotasun zaharrenetakoa izan daitekeela uste izan dut, edo gutxienez hipotesi hori oinarritzeko froga pisuzkoak eman, ez baitugu ez testuaren ezta idazlearen jatorriari buruzko inolako ezagutzarik. Testuaren hizkerak, Orozkon diren ezaugarri oso markatuekin batera, Araban XVI. mendean hitz egiten zen euskararen zantzuak baditu, XVIII. menderako Bizkaian galdurik ziren ezaugarri zaharrak eta baita ere Aiaraldeko berezkotzat jo ditzakegun ezaugarriak. Honela, esan dezakegu Aiaraldeko euskara garai zaharretan hizkera oso markatua zela, Bizkaiko eta Arabako hizkuntza eremu berritzaileetatik eraginak jasotzen zituena baina bere nortasuna gordetzen zuena, egun Orozkon ikus dezakegunaren antzera.

Hala ere, ezin ahaztu XVIII. mendetik hona gauza asko aldatu zirela, ezin baitugu ahaztu hizkuntza zera bizi bat dela, aldioro aldatuz eta berrituz doana. Eta ez dugu zergatik pentsatu behar Aiaraldeko balizko hizkera honek, guztiz Orozkon egiten denarekin bat egiten duenik, ez eta Orozkokoa aldarrikatu Aiaraldeko euskaratzat. Aldiz, Aiaraldeko edozeinek egiten duen euskara da Aiaraldekoa, garrantzitsuena egitea baita.

Noiz hasi zen berreskuratzea ematen? Nola?
Ez naiz honetan aditu, baina Francoren diktaduraren azkenengo urteetan (inoiz diktablanda deitu izan den garaian), Urduñan behintzat egon ziren, era erdi-klandestinoan euskarazko klaseak. Ezaguna zait Mariaren lagundiko monjen artean euskaldun batzuk euskarazko klaseak eman zituztela 1959~60 urte bitartean, eta hauekin batera beste erakunde batzuetan ere halako klaseak egin zirela.

OHARRAK:

1) “Hezkuntza formalak euskararen alde eman dezakeen guztia eman Batzuk (gutxiengoa, nik uste) pentsatzen dute erromatar inperioa erori ostean heldu zela euskara gaur egun EAE osatzen duten lurraldeetara: labur esanda, euren hipotesia da bisigodoen garaian baskoiak —Nafarroa Garaian eta Akitania inguruan (Pirinioen bi aldeetan, alegia) bizi zen herria— mendebaldeko lurrak bereganatu zituztenean heldu zela euskara horra (euskalduntze berantiarra “vasconización tardía” deitzen den teoria). Gehiengoak, baina, pentsatzen dugu euskara (edo jatorri bereko hizkuntza-anai zahar bat) EAEko lurraldeetako hizkuntza ere bazela, eta baskoiak mendebaldera heldu zirenerako jada bazela euskara (bi hipotesiei buruz, ik. Abaitua & Unzueta 2011 eta Gorrochategui 2009)

2) Honela ulertu behar da Aiarako jauna zen Perez de Ayalak bere familiaren genealogian Aiarkao lehenengo jaunari buruz idatzi zuena: Los que vinieron a poblar la Tierra de Ayala, dellos eran vascongados e dellos latinados. E los vascongados llamavan a este don Vela “Jaun Belaco”, e los latinados “don Belaco” (ca.1371). Bai eta Lope García de Salazar historialariak bere Buenas andanzas y fortunas liburuan dakarren beste esaldi hau ere: llamose conde don Vela señor de Ayala. E poblada aquella tierra de vascos e de latinados, morió e está sepultado en Santa María de Respaldiça. (1471-1476).

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide