Azaroak 25: Isilpetik plaza publikora

Txabi Alvarado Bañares 2015ko aza. 25a, 09:52

Emakumeenganako indarkeria matxista salatzeko ekimenak ugaritu egingo dira datozen egunetan. Azken hamarkadetan pauso ugari eman dira eskualdean problematika hori etxeko pribatutasunetik kalera ateratzeko. Aldaketak eman dira legedian, zerbitzu publikoetan, formazioan, prebentzioan, herri mugimenduen jardueran... baina oraindik pauso gehiago eman behar direla aldarrikatzen dute emakumeen elkarteek.

Emakumeenganako indarkeria matxista salatzeko ekimenak ugaritu egingo dira datozen egunetan. Azken hamarkadetan pauso ugari eman dira eskualdean problematika hori etxeko pribatutasunetik kalera ateratzeko. Aldaketak eman dira legedian, zerbitzu publikoetan, formazioan, prebentzioan, herri mugimenduen jardueran... baina oraindik pauso gehiago eman behar direla aldarrikatzen dute emakumeen elkarteek.

Urtero bezala, hainbat elkarretaratze egingo dira eskualdean azaroaren 25aren harira, indarkeria matxistaren desagerpenaren alde. Azken urteetan ohikoak bilakatu dira horrelako ekintzak eskualdean, Emakumeenganako Indarkeria Desagertzeko Nazioarteko Egunean zein eraso edo hilketa bat gertatzen denean. Etxeko pribatutasunetik herrietako plazetara egin du salto problematikak. Salto handia izan dela diote eskualdeko emakumeen elkarte gehienek, baina oraindik pauso asko eman behar direla azpimarratu dute.

Lehen mobilizazioak
Lehenengo mobilizazioak Franko hil osteko urteetan eman ziren, hiriburuetan. Abortatzeko eskubidearen aldarrikapena pil-pilean zegoen. “Manifestazio ugari egiten ziren Bilboko Alde Zaharrean”, oroitu du  Orozkoko Matxintxu emakume elkarteko Idoia Gregoriok. Garai hartako egoera gaur egungoarekiko “oso ezberdina” zela azaldu du Matxintxuko kideak, “diktadura bat igaro berri zen, eta estatuak normaltzat hartzen zituen indarkeria matxistaren kasuak”.

Baina apurka-apurka hasi ziren eskualdean lehen emakume elkarteak sortzen. Emakume ugari bildu ziren talde horietan, eta esperientziak eta bizipenak komunean jarrita ondorioztatu zuten indarkeria kasuak ez zirela etxeko egoera isolatuak, ez zituela kasualitateak eragiten, fenomeno orokortu bat zela indarkeria matxistarena. “Arazo hori existitzen zelaz” kontzientziatu behar izan ziren lehenbizi, Menagaraiko Emakume Taldeko lehendakaria den Ana Ugarteren esanetan.  

Indarkeria matxistaren aurkako lehen mobilizazioak Franko hil ostean eman ziren. Hiriburuetan lehenbizi, eta herrietan gero. Abortuaren eta adulterioaren legeen aurkako aldarriak ziren nagusi

 “Hasieran hiriburuetan egiten ziren mobilizazioetara joaten ginen”, hasi da azaltzen Artziniegako Hiriska Emakume elkarteko lehendakaria den Maite Iztuetak. Baina Artziniegan bertan elkarretaratzeak egiteari ekin zioten gero. “Garai hartan ‘La mate porque era mía” lemaren aurka egiten genuen, emakumeak inorenak ez ginela aldarrikatuaz”, oroitu du garai hartan Laudioko Emakume Asanbladan zegoen Pili Elortegik. Institutuan sortu zen taldea, eta  abortuaren edota adulterioaren legeen aurka ere aritu ziren (garai hartan emakumezkoen adulterioa zigortua zegoen, gizonezkoena ez ordea).

Artziniega bezalako herri txiki batean  “lau katu” zirela adierazi du Maite Iztuetak. “Jende gutxi, eta gaizki ikusiak gainera”. Mobilizazio horietara joate hutsagatik herritarren komentarioak entzun behar zituztela azpimarratu du Amurrioko Aurreraka elkarteko Irene Novalesek. “Ez zen erraza manifestazioak antolatzea, are gutxiago herri txiki batean. Jendeak ez zintuen ulertzen”. Laudion ere, antzera: Solastiar emakumeen elkarteak antolatutako lehen mobilizaziora elkarteko kideak baino ez ziren gerturatu, Maria Jesus Aretxederrak gogora ekarri duenez.

Mobilizazioez gain, bestelako ekintza batzuk ere antolatu izan dituzte eskualdeko elkarteek indarkeria matxista prebenitzeko: hitzaldiak, autodefentsa tailerrak...

Urteak aurrera egin ahala, baina, handitu egin da elkarretaratze horietara doazen pertsonen kopurua, baina ez dute horregatik garrantzirik galdu, emakume elkarteetako kideen iritziz. “Hemen gaudela esateko balio dute mobilizazioek”, Novalesen aburuz; arazoa sozializatzeko, etxetik plazara ateratzeko, alegia. Artziniegan ere garrantzi handia ematen diete elkarretaratzeei, Espainiar estatuan hilketa matxista bat ematen den kasu bakoitzean ateratzen dira plazara. Mobilizazioen aldetik, aurten bi ekimen deigarri egon dira: Amurrio eta Laudioko jaien txupinazoetan eraso sexisten aurka eginikoak.

Barne mailako lanketa
Baina eskualdeko elkarteak ez dira mobilizazioak egitera mugatu, barne mailako lanketan jarri izan dute bereziki arreta. Tailerrak, hitzaldiak... makina bat ekimen egin izan dituzte indarkeria matxistarekiko kontzientziazio eta prebentzioa garatzeko. Menagarain, adibidez, autodefentsarako tailerrei eman diete lehentasuna, etxeen arteko distantziek eta bide argituen gabeziak hala eskatzen zutelako, Ana Ugartek adierazi duenez. 

Erronka komun bat izan dute elkarteek: indarkeria matxista pairatzen ari ziren emakumeei salaketa jartzearen pausoa ematen laguntzea. Erronka zaila. “Salaketa bat jartzea ez da ogia erostera joatea bezain erraza”, azaldu du Ugartek. Baieztapen horrekin bat egiten du Idoia Gregoriok: “Oso ondo dago salaketa jartzea. Baina salatu ostean zer? Emakumea etxerik gabe, sostengu ekonomikorik gabe eta lagunik gabe geratu daiteke”.

Zentzu horretan, emakumea lan-merkatuan sartzeak eragina izan du kasu gehiago azaleratzean, menpekotasun ekonomikoa ez delako garai batean bezain indartsua, Matxintxuko kideak azaldu duenez. Irene Novalesen ustez, duela zenbait urte “are zailagoa” zen salaketa bat jartzea. “Kasuak oso argiak izan arren, emakumeek ez zuten inondik inora senarren aurkako salaketarik jarri nahi. Eta salaketa asko zalantzan jarri egiten ziren gainera”.     


Pausoak emateke
2013ko maiatzaren 23a izan zen azken urteetako egunik beltzena Aiaraldean indarkeria matxistari dagokionez, egun horretan izan baitzen eraila Amagoia Elezkano, bere bikotekideagatik. Indarkeria matxista ez da, baina, bikote harremanetara mugatzen. “Krisi ekonomikoak seme asko euren ama alargunekin bizitzera itzuli behar izatea ekarri du”, adierazi du Avillo alargunen elkarteko lehendakaria den Maite Bilbaok, “eta testuinguru horretan eman izan dira baita amekiko indarkeria kasuak”.

Hori guztiagatik, oraindik pauso asko emateke daudela ondorioztatu dute elkarteetako kideek. Indarkeria matxistarekiko jarrera “tinkoagoa” izan beharko litzatekeela uste du Idoia Gregoriok. “Ez da normala Madrilen iragan azaroaren 7an milaka pertsona mobilizatzea eta hurrengo bi egunetan hiru hilketa gertatzea”. Ana Ugarterentzat, berriz, “sinesgaitza” da “matxismoa eta feminismoa parekatzen dituzten diskurtsoek” oraindik ere tokia izatea. “Belaunaldi askoren lana falta da oraindik”.

Pauso gehiago ematearen beharra aldarrikatu dute emakume elkarteek

“Arazoaren punta”
Amurrion sortu berri den Otsemeak emakume gazteen taldeko kideak ez daude ados aurrerapausoak ematen ari direnaren baieztapenarekin. “Zapalduak, erasotuak, erailak...  izaten ari gara egunero”. Hala ere, aipatu dute hori “arazoaren punta” baino ez dela. “Gure inguru hurbilenean ere ematen dira gizonak emakumearen gainetik mantentzeko mekanismoak”. Komunikabide eta instituzioek, gainera, emakumea “subjektu pasibo” moduan aurkezten dute, Otsemeakeko kideen arabera. Hori dela-eta, bidea “autodefentsa feminista“ izan behar dela aldarrikatu dute, “emakumeek emakumeontzako eginikoa”.   

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide