Elkartasuna eta birziklatzea hari berarekin josten

Txabi Alvarado Bañares 2015ko aza. 14a, 10:12

Duela bi aste inauguratu zuten Kooperak eta Caritasek bigarren eskuko arropa denda Laudion. Arropabiltegiaren proiektuari itxura berri bat eman nahi izan diote horrela. Aiaraldean badaude tankera horretako besteproiektu batzuk ere: Amurrioko Laguntza, Urduñako Biltegia eta Orozkon sortutako TrucaRec.

Duela bi aste inauguratu zuten Kooperak eta Caritasek bigarren eskuko arropa denda Laudion. Arropabiltegiaren proiektuari itxura berri bat eman nahi izan diote horrela. Aiaraldean badaude tankera horretako besteproiektu batzuk ere: Amurrioko Laguntza, Urduñako Biltegia eta Orozkon sortutako TrucaRec.

Duela bi aste ireki zuten Caritasek eta Kooperak Laudion bigarren eskuko arropa denda. “Bihotzdun gunea” deitu diote dendari. Arropa biltegi soil bat zuten lehen, Aiaraldea osora bideratua zegoena. Biltegi izatetik denda bat izatera emandako pausoak proiektua “duindu” egin du, Caritas-eko kidea den Miren Revueltaren esanetan. Kooperak eskualdeko ia herri guztietan jarriak dituen edukiontzietan hasten da arropari bigarren bizitza bat ematearen prozesua. “Edukiontzi horietan jendeak arropa utzi dezake, eta baita jostailuak edota etxeko gailu txikiak ere”, azaldu du Revueltak. Koopera arduratzen da kontainer horietan pilatutako material guztia sailkatu, garbitu eta berritzeaz, jendarte sare horrek Mungian duen biltegian.

Ondoren, “Bihotzdun guneetara” bideratzen dute arropa, tartean Laudiokora. Ohiko dendetan baino merkeago saltzen dute, gaitasun ekonomiko gutxi duten familiak ere duintasunez jantzi ahal izatea xede harturik. Arropa banatzeaz gain, dendak badu baita beste helburu bat: inklusio laborala sustatzea. Horretara bideratzen dute salmentetatik lortzen duten dirua.

Hiru arropa biltegi daude eskualdean: Laudion Caritasena, Amurrion Laguntzarena eta Urduñan Biltegi egitasmoarena

Beste egitasmo batzuk
Caritas eta Kooperarena ez da, baina, Aiaraldean dagoen arropa biltegi bakarra. Amurrion, adibidez, Laguntza elkartea dago. 2005ean sortu zen, eta gaur egun 20 boluntario dabiltza bertan lanean. Ekuadorren misiolari gisa egondako apaiz baten eta herriko emakume talde baten ekimenez sortu zen proiektua, baina gaur egun “elizarekiko independentea” da, elkarteko kidea den Toñi Bordagarairen hitzetan. Katekesiko bulego batean hasi ziren arropa jaso, konpondu eta banatzen. Gela hori, baina, laster geratu zitzaien txiki. 2007an joan ziren Intxaurdui kaleko bigarren solairuan duten lokalera. Gaur egun bertan jarraitzen dute.

Asteartetan dago lokala herritarrei irekita, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Caritas eta Koopeeraren dendan bezala, Laguntza elkartekoek ere “prezio sinboliko” batzuk jarri egiten dizkiete arropei, eta lortzen duten dirua Gasteizko elikagai bankura bideratzen dute, Laguntza-ko kideak direlako baita bankuko elikagaiak Amurrion banatzeaz arduratzen direnak. 2010ean Urrezko Guk saria jaso zuen elkarteak, bost urteko ibilbidearen errekonozimendu gisa.

Aipatutako bi arropa biltegiek (Amurriokoak eta Laudiokoak) hainbat urtetako ibilbidea dute atzetik. Urduñan dagoen biltegia, baina, aurten eratu da. “Biltegi” da, hain zuzen, egitasmoaren izena, eta herritar talde batek udaleko gizarte langileekin hitz eginda sortu zen, urte hasieran. Hirian ez zegoen horrelako zerbitzurik eskaintzen zuen talderik, eta arropa biltegi batera jotzeko Amurrio eta Laudiora joan behar zen derrigor. Anbulatorio azpian dute egoitza, eta dozena bat boluntario aritzen dira lanean.

Erabiltzaileak, anitzak
Anitza eta ugaria da Aiaraldeko arropa biltegietara gerturatzen den jendea. “Etorri berriak zein amurrion jaiotakoak... jende asko dator Languntza-ra”, ziurtatu du Bordagaraik. Pertsona kopuru zehatza ez dakite, baina bai kopuru horrek gora egin duela. “Espazioa txiki geratzen ari zaigu”.

Revueltak, bere aldetik, nabarmendu du ez dela “sekulako bazterkeria egoera” batean egon behar “Bihotzdun gunera” hurreratzeko. “Birziklatu nahi duen jendeari ere dago denda zabalik”. Caritas-eko kidearen esanetan, bazterkeria egoeran dagoen jende askori erreparoa ematen dio arropa biltegi batera gerturatu behar izateak. Hori ekiditea izan da, hain zuzen, Laudioko biltegiari denda formatua ematearen arrazoietako bat, eta badirudi funtzionatu egin duela. Azken hilabetean salmentak asko igo baitira, Revueltak jakinarazi duenez. "Aldaketa oso nabaria izan da”.

Anitzak dira arropa biltegietara jotzen duten herritarren perfilak

TrucaRec

Aiaraldean badago beste proiektu bat, arropa biltegi bat ez den arren arestian aipatutakoekiko antzekotasun ugari dituena. TrucaRec izena du egitasmoak. 2008an sortu zen, moda gustuko zuten Orozkoko bi ahizpen eskutik. Laster egin zuten salto Bilbora, Irala auzoan musika talde batek zeukan entsegu gela batera. “Arropari bizitza berri bat ematea” zuten xede, elkarteko kide den Ana Sanchezen hitzetan. Arropa zaharren zatiak hartu eta josteko makinaz baliatuta jantzi berriak egiten zituzten.

Beste leku bat bilatu behar izan zuten laster, arropa asko bidaltzen zietelako. Gaur egun 2 de mayo kalean dute tailerra, zeinetan “doako arroparen gunea” ere duten. Arropa hila berpiztearekin aski ez, eta eskoletan joskintza tailerrak egitera ere animatu dira TrucaRec-ekoak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide