2008an baino 124 establezimendu txiki gutxiago daude eskualdean

Erredakzioa 2015ko aza. 8a, 16:35

Krisi ekonomikoa hasi zenetik hona % 10.7 jaitsi da eskualdeko merkataritza eta ostalaritza, establezimenduen kopuruari dagokionez. Etxerako osagarrien eta altzarien dendak izan dira kaltetuenak, merkataritza elkarteek adierazitakoaren arabera.   

Krisi ekonomikoa hasi zenetik hona % 10.7 jaitsi da eskualdeko merkataritza eta ostalaritza, establezimenduen kopuruari dagokionez. Etxerako osagarrien eta altzarien dendak izan dira kaltetuenak, merkataritza elkarteek adierazitakoaren arabera.   

Goiko argazkia adibide bat baino ez da. Azken urteetan ugariak dira Aiaraldean krisi ekonomikoaren ondorioz pertsiana jaitsi eta erakusleihoko kristalean lokala salgai edo alokairuan dagoela adierazteko kartela jarri behar izan duten saltoki txikiak. Gaindegiak (Euskal Herriaren garapenen sozio-ekonomikorako behatokiak) ikerketa bat plazaratu zuen udan enpresa txikien merkataritzaren inguruan. Bertan aipatzen zen azken urteetan %10 jaitsi dela Euskal Herriko denda txikien kopurua.

Egoeraren egonkortzea
Aiaraldean ere oso antzeko jaitsiera eman da, Eustaten datuen arabera. 2008an bost langile edo gutxiagoko 1157 establezimendu zeuden eskualdean. Iaz, baina, 1033 kontabilizatu ziren, 124 gutxiago. % 10.7koa izan da krisi ekonomikoak markatutako zazpi urte hauetan eman den jaitsiera. 2009tik 2010ra bitarteko tartea izan zen latzena, 66 establezimenduko jaitsiera eman baitzen. Orain, baina, txarrena pasatu dela dirudi, 2011tik hona 6 establezimendukoa baino ez baita izan jaitsiera.

Errotazio asko eman dela uste du Laudioko Apill merkatarien elkarteko gerentea den Claudio Perezek. Komertzio batzuk itxi egin duten bitartean beste batzuk ireki egin direla, alegia. Hala ere, gerenteak aitortu du eman dela jaitsiera bat, eta beherakada hori zergatik gertatu den ere azaldu du: krisiagatik eta belaunaldi aldaketa ezagatik. Aiaraldeko Merkatarien Elkarteko kidea den Jon Aspuruk bat egiten du Perezekin jaitsiera bat eman denaren baieztapenean. “Krisia dela eta jendeak gastuak murriztu behar izan ditu, eta saltoki txikiek zuzeneko eragina nabaritu dute”. Etxerako osagarrien eta altzarien dendak izan dira kaltetuenak, Aspururen ustez, “elikadura dendetan ere eman da jaitsiera, kontsumo ohiturak aldatu egin direlako”.

2009tik 2010erako tartea izan zen latzena, krisiagatik eta belaunaldi aldaketa ezagatik

Eredua definitu beharra
Merkataritza txikiaren garrantzia aldarrikatu du Perezek. “Harreman sozialak garatu eta gertutasuna ematen dute, merkataritza txikirik gabeko herri bat herri hila da”. Hala ere, gaineratu du herri batek merkataritzaren beharra duen moduan, merkataritzak ere herri baten beharra duela ondo funtzionatzeko. “Galera bat eman da herri pertzepzioan”, adierazi du, “denbora librerako eta aisialdirako eskaintza kulturalean defizit handia dago, eta horretan instituzioek badute erantzukizuna”.

Aspururentzat, berriz, saltokien espezializazioan egon daiteke soluziorako gakoetako bat. “Ezin dugu prezioetan saltoki handiekin lehiatu, espezializazioan sakondu behar dugu“. Beste gako bat eredua definitzea da. Ez soilik merkataritza eredua, jendartearena ere birdefinitu beharra jarri du Aspuruk mahai gainean. “Zer motako jendartea nahi dugun pentsatu behar dugu lehenbizi”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide