Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek Eskualdeko Jasangarritasun Bulegoak kudeatzen dituen hondakinak biltzeko zerbitzuen 2014ko balantzea argitaratu berri du.
Horren arabera, eskualdean 32.554 kilo etxeko landare-olio erabilia jaso dira, 0,48 kilo biztanleko bataz beste eskualdean; 209.751,71 kilo arropa eta etxeko bestelako objektu birziklagarriak, 3,12 kilo biztanleko; 541 inprimatzaile eta fotokopiagailu toner eta tinta kartutxo huts nahiz mugikorrak zein kargadoreak, 8 kilo 1.000 biztanleko; 112 kilo pilak eta metagailuak (bateriak), 16,5 kilo 1.000 biztanleko; eta 20.640 kilo zati organikoa, urtearen azken bi hilabetetan.
Guztira, 263.598,71 kilo dira bilketa selektiboaren jasotakoak tratamendu egokia ziurtatuta dutenak.
Aldaketak
Eskualdeko datu horien arabera jasotako arropa eta etxeko bestelako objektu birziklagarriek zein pila eta metagailuek gora egin dute.
Aldiz, etxeko landare-olio erabiliak eta inprimatze hondakin zein mugikorrek behera egin dute. Azkenik, zati organikoak, zerbitzu ezarri berriak, indarrez hasi da.
Hondakinen kudeaketaren gastua
Hondakinen inguruko gastua Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalen esku dago. Bilketa, garraioa eta tratamendua aldiz Udalek finantzatzen dute osorik.
Organikoaren bilketaren ezarpena, bosgarren edukiontzia eta konpostajearen bitartez (informazio kanpaina eta horniduren erosketa) Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurumen Sailaren diru-laguntza du % 100ean.
Aiaraldeko herriak
Lehenengo lau gai horiek biltzeko zerbitzua eskualdeko hamar udalerritan eskaintzen da hauen artean aiaraldeko: Arakaldo, Arrankudiaga-Zollo, Orozko eta Urduñan.
Zati organikoa bosgarren edukiontziaren eta konpostajearen bitartez zazpitan biltzen da hauen artean aiaraldeko: Arakaldo, Arrankudiaga-Zollo eta Orozkon.
Zatika aztertuta hauek dira aiaraldeko udalerrietako datu nabarmenenak:
Etxeko landare-olio erabilia
2014an 32.554 kilo etxeko olio bildu da hamar udalerrietan dauden 48 edukiontzietan, biztanleko 0,48 kilo, batez beste eskualde mailan. Osotara, aurreko urtearekin alderatuta, jaitsiera txikia da, guztira eta bataz beste biztanleko. Arakaldon bildu da biztanleko olio gehien. Haren ondotik datoz Urduña eta Ugao-Miraballes.
Etxeko bestelako objektu erabilgarriak
2014 urtean, 209.751,71 kilo bildu dira arropa erabilia eta etxeko bestelako objektu erabilgarriak, hamar udalerrietan ezarrita dauden 29 bilketa guneetan, biztanleko 3,12 kilo.
Igoera nabarmena da, guztira nahiz biztanleko ratioan eskualde mailan. Udalerri guztietan, Arrigorriaga eta Orozko izan ezik, gora egin du jasotako guztiak eta biztanleriaren araberako ratioak. Arakaldo nabarmentzen da biztanleko ratioan. Ondoren Zaratamo eta Urduña doaz.
Inprimatze hondakinak eta mugikorrak
2014an, 541 kilo bildu dira inprimagailu eta fotokopiagailuen toner eta tinta kartutxo huts, erabiltzen ez diren telefono mugikor eta kargatzeko gailu, hamar udalerrietako toki publiko eta irisgarrietan dauden 51 edukiontzitan. 1.000 biztanleko 8 kiloko ratioa ematen du. Aurreko urtearekin alderatuta, ia %7 txikiagoa.
Pilak eta metagailuak
2014an 1.112 kg pila eta metagailu (bateriak) bildu dira hamar udalerrietako toki publiko eta irisgarrietan ezarritako 54 bilketa guneetan.
Ondoriozko ratioa 1.000 biztanleko 16,5 kilokoa da, 2013ko datuekin alderatuta igoera nabarmena izanik. Biztanlekako ratioetan, Arakaldo eta, beste maila batean, Zeberio nabarmentzen dira.
Zati organikoa
Etxeko hondakinen zati organikoa gaika biltzeko zerbitzua bosgarren edukiontziaren eta autokonpostajearen bidez zazpi udalerritan ezarri da aurreko urtean, informazio kanpaina eta horniduren erosketa zein banaketa egin eta gero. Urtearen azken bi hilabeteetan 20.640 kilo jaso dira.