“Ohiko musikarekiko alternatiba bat izan da ASSM, eta jendeak ondo erantzun du”

Txabi Alvarado Bañares 2015ko urr. 30a, 10:39

ERLANTZ SERRANO (Amurrio 1995) eta XABIER BERGANZA (Amurrio, 1991) Aiaraldeko Soinu Sistema Mugimenduko (ASSM) kideak dira. Larunbat honetan musika kolektibo horren bigarren urteurrena ospatuko da Laudioko Gaztetxean.

Duela bi urte sortu zenuten ASSM. Beharra zegoen?

ERLANTZ SERRANO (Amurrio 1995) eta XABIER BERGANZA (Amurrio, 1991) Aiaraldeko Soinu Sistema Mugimenduko (ASSM) kideak dira. Larunbat honetan musika kolektibo horren bigarren urteurrena ospatuko da Laudioko Gaztetxean.

Duela bi urte sortu zenuten ASSM. Beharra zegoen?

X.B: Ikusi genuen eskualdean musika mota bat entzuten zela, eta musika kultura hori irekitzeko asmoarekin sortu genuen soinu sistema. “Sound System”-a jamaikar musika egiten duen soinu sistema bat da. Jamaikatik Ingalaterrara eraman zen musika bizitzeko modu hori, 80. hamarkadan.

Bilbo aldean baditugu soinu sistema asko, eta eskualdean bat egitea erabaki genuen.

“Orain gure soinu sistema osoa bukatzea lortu dugu”

Soinu sistema eraikitzen eman dituzue bi urte hauek.

E.S: Hala da. Gaztetxeko ekipoa erabiltzen hasi ginen, ekipo txiki bat. Soinu ona zegoen, baina guk sub-grabeak (soinu grabeak erreproduzitzeko erabiltzen diren bafleak) sartu nahi genituen, eta hortik hasi ginen eraikitzen.

Sub-grabeak egiten amaitu genuenean gaztetxeko ekipoarekin batera erabiltzen hasi ginen. Orain gure soinu sistema osoa bukatzea lortu dugu.

Taldea osatzen duzuen pertsonen artean ere bilakaera bat eman da, ez?

X.B: Hasieran bost ginen: Erlatz, Mateos, Aitor Gartzio eta Urretxu DJ moduan eta ni abeslari moduan. Laudioko jendea sartu egin da gero: Aiala, Fer eta gure azkenengo fitxajea, Josito.

“Poliki-poliki goaz, oraindik ez dugu izen askorik”

Laudioko Gaztetxean eskaini dituzue musika emanaldi gehienak, baina beste leku batzuetan ere ibili zarete.

X.B: Bai. Gure lehenengo kontzertua Orbeko Etxean izan zen, baina handik aurrera Laudioko Gaztetxera joan ginen, leku hobeagoa delako, erdigunetik hurbilago baitago. Amurrioko Gaztetxean ere aritu izan gara, eta kanpora ere atera gara, Iparraldera adibidez. Poliki-poliki goaz, oraindik ez dugu izen askorik.

Bilbo eta inguruetatik hasi da jendea gerturatzen antolatzen ditugun jaialdietara. Erantzuna ona izaten ari da.

Baina harrera on hori nondik dator, eskualdeko edo eskualdetik kanpoko jendetik?

XB: Nik uste dut eskualdean zaletasuna handitu egin dela. Ohiko musikarekiko alternatiba bat izan da, eta jendeak ondo erantzun du. Bilboko jendea gerturatzen da, baina eskualdeko jendea ere pozik dago proiektuarekin eta hurbildu egiten da baita.

E.S: Hemen ez zen ezagutzen Sound System bat zer zen, eta orain jendea badoa poliki-poliki zer den ezagutzen. Reggae musika eta antzekoak zabaltzen ari gara hemen.

Bihar (larunbata) ospatuko duzue urteurrena, Laudioko Gaztetxean. Zer entzun ahal izango da bertan?

Urteurrenera Crudo Bilbao etorriko da, Bilboko musika produktorea. Hard-step estiloko musika jartzen du bati bat, eta reggae iluna eta indartsua.

Novato ere bertaratuko da, Bilbotik bera ere. Abeslaria da, eta Bloke ezizenarekin produzitzen du musika. Orain dela gutxi hasi da musika propioa ekoizten, baina oso indartsu dabil, Bengo ere etorriko da, iparraldetik. Raperoa da, eta kontzertua eskainiko du.

“Gure soinu sistema hobetzen jarraituko dugu. Ondo funtzionatzen du, baina oraindik asko falta da hobetzeko eta Sound System indartsu bat izateko”

Eta urteurren festaren ostean, zer?

E.S: Gure soinu sistema hobetzen jarraituko dugu. Ondo funtzionatzen du, baina oraindik asko falta da hobetzeko eta Sound System indartsu bat izateko. Eta musika eszenatik jende hobeagoa ere ekarri nahiko genuke eskualdera.  

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide