Bost urte dira Aiaraldea Komunikazio Leihoa proiektua jendaurrean aurkeztu zenetik. Amurrioko Juan de Urrutia plazan egindako ekitaldi gogoangarrian "komunikazio leihoa" zabaldu genuen, eta ordutik hona ehunka boluntarioaren lan tematuari esker proiektua hasiz joan da etengabe, gaur egun garena bihurtu arte.
Euskara, komunikazioa eta herrigintza helburu genuen dozenaka pertsonen ekarpen txikiak josiz abiatutako proiektua handi egin da urteotan, haur txiki izatetik gazte osasuntsu bihurtzerainoko bidea eginez. 5 urte. Ez dira asko ez, baina ez dira gutxi ere.
Bost urte bete ditu Aiaraldea Komunikazio Leihoak bai, eta bide honetan hamaika izan dira gure elkarteak sustatu eta piztutako ekimenak eta tresnak. Gaur da eguna euskararena dela eskualdeko komunikazio talderik handiena; eta hori, bost urteotan ehunka boluntariok egindako ekarpen gogoangarriari esker izan da, da eta izango da.
Bide honetan web-gune soil eta txiki bat zenak forma hartu du, sareko erreferentzia komunikatibo indartsuena bihurtzeraino Urduñatik Arrankudiagara eta Artziniegatik Orozkora zabaltzen den eskualde eder honetan. Atal berriak, kolaborazio berriak, euskarri eta itxura berriak, eta batez ere, ikusle eta irakurle berriak etengabe bildu dira euskarak eta komunikazio herritarrak urratutako bide honetan.
Web-gunea ez ezik, paperaren eta uhinen aldeko apustua ere gauzatu da urteotan. Aiaraldea Irratiak bestelako irratiekin kolaborazioan eta bakarka egindako bideak fruitu ederrak eta milaka grabazio ordu utzi zizkigun eta 2013aren ondarretan erronka berri bati heldu zion Aiaraldea Komunikazio Leihoak: Aiaraldea Egunkaria argitaratzen hasteko erronkari.
Gaztelaniaren erabateko nagusitasunari hordagoa bota, eta hamabost egunean behin euskarak betetzen ditu 10.000 lagunen etxe eta lantokiak. Boluntario eta langileen lan eskergari esker, euskarazkoa da Aiaraldean gehien zabaltzen den egunkaria. Bide horretan lagun izan ditugu eta ditugu oraindik ere eskualdeko ikastetxeak, aurrerantzean elkarlan estuagoan aritzeko erronkari heldu nahi diogu orain, euskararen komunitatea handiagoa, aberatsagoa eta ederrago bihurtzeko.
Komunikabideez gainera, ehunka izan dira bost urteotan euskararen bueltan bakarka zein elkarlanean antolatu ditugun jarduera eta ekimenak; izan udako argazki-postal digitalen lehiaketak, Amurrio Antzokiko ikuskizunak, Udazkeneko multimedia eskoletako tailer, rally, mahai-inguru edo hitzaldiak, eta kontaezinak zaizkigun euskara sustatzeko ekimenak.
Egindako bidearekin eta emaitzarekin harro gaude. Bost eta hamaika urte gehiago ere betetzeko indarrarekin
Hamaika gehiago betetzeko: Aiaraldea 2020, gogoeta estrategikoa
Baina ospatzeaz harago, urteurrenak ederrak izaten dira atzera begiratu eta egun garena aintzat hartuta asmo eta helburu berriez betetzeko zeruertza. Eta horretan gaude orain. Aiaraldea Komunikazio Leihoak datozen bost urteetan izan behar duena eta batez ere egin behar duena gogoetatzeari ekin berri dio "Aiaraldea 2020" prozesuaren bitartez.
Gure elkartearen bisioa, misioa, balioak, eragin eremuak, ingurua, indarguneak, ahulguneak... Horiek guztiak aztertu eta adosten ari gara proiektu hau osatzen dugun emakume eta gizonak, 2020 urteari begira landu behar ditugun lan ildoak eta erronkak zehaztu eta gogoberrituta lanari ekiteko.
Gogoeta aberats eta oparoa izaten ari da, eta ziur gaude Aiaraldeko euskararen komunitatea indartu eta biziberritzeko ekarpen interesgarriak jasoko ditugula bide honetan. Hamaika urte, hamaika proiektu eta hamaika zeruertz berri urratzeko gertu.