Gustavo Abascal ornitologoak naturayala blogean bele txikiaren egoerari buruz mintzatu da:
“Sierra salvada enclave ignorado, estudio integral del medio” ikerketa egin genuenean, jakitun ginen dagoeneko Fraileburuko (Gorobel mendilerroa) bele txiki (Corvus monedula) koloniaren berezitasunaz eta batez ere ahuleziaz: bakarra zen mendikate honetan, eta Penintsulako atlantiar isurialdean agertzen diren bakarrenetarikoa.
Bere banaketa eremuko mugan zegoen eta Euskadin gainera populazioen bilakaera atzeranzkoa zen.
“Atlas de vertebrados continentales de Álava, Vizcaya y Guipuzcoa” (Álvarez et al, 1985) lanan aipatu egiten zen kolonia hau, Araban sakabanaturik agertzen ziren beste batzurekin batera. Besteak beste, Peñagobía-Arcena, Salvada, Arkamo, Badaia, Gasteizko Mendiak-Iturrieta-Entzia edo Toloño-Cantabria mendizerrak aipatzen ziren; hala nola Bizkaiko gune bat, Turtzioz.
Bele txikia desagertzear
Gaur egun bele txikiak desagertu dira, bai Gorobeletik baita lan hartan agertzen ziren leku gehienetatik ere. “Atlas de aves invernantes de Álava” (2002-2005) ikerketan bere egilea den J.A. Gainzarainek bele txikiari buruz zera esaten du: espezie oso urria dela eta Arabako Lautadara mugatzen dela soilik bere banaketa eremua”, eta bere populazioa berrehun aleengan estimatzen du.
Populazioaren bilakaerari honako hau baieztatzen du: “Azken hogei urtetan Arabako hegaztien artetik gainbeherarik nabariena jasan duen espezie da.
Gaur egun egoera are larriagoa da. J.A. Gainzaranek pertsonalki esan digunez, Markinezko harkaitzetan geratzen zen azken populazio rupikola desagertu da, eta ondorioz bele txikiaren azken aleak Gasteizko hirikoak dira, hiri hau delarik bere azken gordelekua lurraldean.
Arabako Foru Aldundiak bele txikia ehiztarien jomugan jarri du
Eta hala ere, Arabako Foru Aldundiak berriz ere espezie zinegetikotzat hartu du bele txikia 2015-16 sasoirako, Arabako Lurralde Historikoan ehiza kudeatzeko igorritako Foru Aginduan, bere I Eranskinan.
Libratzen diren ale bakarrak Gasteizko bele txikiak dira, martxa honetan urte askotarako bakarrak izango direnak….
Oraingoa bezalako une batean, bioaniztasunak krisi larria jasaten ari denean eta Europa osoan hegazti askoren populazioak beherakada bortitzak sufritzen ari diren bitartean, ehizan eskumenak dituzten erakunde publikoek berrikusi beharko lukete ehizagarria den espezie bakoitzaren egoera, bioaniztasunaren babeserako helburu eta araudiekin bat egiten duten politikak landuz.
Ordea, Ehizarako Arabako Foru Aginduak zinegetikotzat hartzen ditu, bele txikiaz gain, beste espezie batzuk istingor txikia edo uda-zertzeta bezala, ulertezin eta defendaezin diren arrazoiengatik antza.
Gutxieneko, Gaztela-Leongo Juntak bele txikia atera du 2015-16 sasoirako espezie ehizagarrien zerrendatik, Elkarte horren Urteko Ehiza Aginduan ikus daiteken legez. Horrek itxaropen apur bat suposatu dezake Carbonillako mendikatean, Gorobelen jarraipena den mendilerroan, kokatutako koloniarentzat.