Bilbon larunbatean egingo den Alternatiben Herrira joateko deia eskualdean

Erredakzioa 2015ko urr. 22a, 08:56

“Alternatibak dituen herria bizirik dagoen herria da”. Lelo hori ardatz hartuta Alternatiben Herria ekimena egingo da larunbat honetan (urriak 24) Bilbon, eta bertara joateko deia zabaldu dute Aiaraldeko Alternatiben Herria plataformaren baitan biltzen diren eragileek.

“Alternatibak dituen herria bizirik dagoen herria da”. Lelo hori ardatz hartuta Alternatiben Herria ekimena egingo da larunbat honetan (urriak 24) Bilbon, eta bertara joateko deia zabaldu dute Aiaraldeko Alternatiben Herria plataformaren baitan biltzen diren eragileek.
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren bultzatzaileek proposatutako ekimena da Alternatiben Herria. Eskubide Sozialen Kartaren helburua Euskal Herriko herritarrek dituzten eskubideen aldarrikapena egitea bazen, oraingoan Euskal Herrian dauden alternatibak aldarrikatzea da xedea, “beste jendarte eredu bat” zehazten hasteko helburuarekin.

Sei ardatz, sei auzo
Ekintzaz betetako eguna izango da larunbata. Sei ardatz izango ditu: Ekonomia eredua, natura, bizitzaren iraunkortasuna, aniztasuna, ondare komuna, eta demokrazia, burujabetza eta parte hartzea. Larunbatean, Bilboko sei auzotan jorratuko dira sei ardatz horiek. Hitzaldiak, mahai inguruak, tailerrak, proiekzioak, azokak, kale-animazioa, bertsolariak, kontzertuak... makina bat ekintza egongo dira, www.alternatibenherria.eus web-gunean kontsultatu daitezkeenak.

Aiaraldeko kideak ere
Bere garaian Eskubide Sozialen Karta eskualdean eztabaidatu eta jendarteratzen aritu ziren eragileak izan dira orain Aiaraldean Alternatiben Herrira joateko deia luzatu dutenak. Laudio zein Amurrion aritu izan dira ekimenaren gaineko informazioa zabaltzen.

Dozenaka norbanako zein kolektibok hartuko dute parte larunbateko zitan, baita Aiaraldeko batzuk ere. Fracking Ez Aiaraldeko kideak adibidez, bertan egongo dira, haustura hidraulikoaren aurkako Euskal Herriko beste taldeekin batera.

Txutxi Ariznabarreta arrankudiaga-zolloarrak, bere aldetik, “Euskal Herria herritarren burujabetzarantz, erronkak eta eta estrategiak” mahainguruan parte hartuko du. Eskualdeko zenbait tokiko ekoizle ere bertaratuko dira Bilboko zitara. Hortaz gain, Marijo Imaz urduñarrak hitzaldia eskainiko du Urduñako agroekologia proiektuaren inguruan. Mikel Kormenzanak, bere aldetik, eskola jantokien inguruko hitzaldi batean hartuko du parte. 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide