LOMCE erreformaren kontra lanean dabilen Aiaraldeko Gure Hezkuntza Plataformak mobilizazioak iragarri ditu hilabete honetarako.
Ikasturte berria hasita, LOMCE eta Heziberriren aplikazioa jada abiatu denean, eskualdeko Gure Hezkuntza Plataformak erreformei ezezkoa adierazi eta hezkuntza propioa eraikitzera deitu ditu Aiaraldeko ikasle, guraso, langile eta herritar guztiak.
Datorren urriaren 23an Aiaraldeko ikastetxeetan elkarretaratzeak gauzatuko dituzte LOMCEren aplikazioa salatu eta hezkuntza eredu propioa aldarrikatzeko. Urriaren 30ean aldiz, “Inposiziorik ez! Guk, orain, hemen, gure hezkuntza eraiki! ” lelopean eskualdeko kalejira egingo dute 18:00etan Laudioko Herriko Plazatik abiatuta.
Hezkuntza Plataformen Topaguneak Euskal Herriko deialdi nazionala luzatu du azaroaren 28rako aldarri berarekin: Hezkuntza sistema propioa eraikitzera salto ematea.