Andoni Aldekoa laudioarra Eusko Jaurlaritzako komunikazio arduradun berria izango dela iragarri dute zenbait hedabidek.
Izendapena Iñaki Bernardoren dimisioaren ondorio izango litzateke. Iñaki Bernardok atzo jakinarazi zuen komunikazio lanak utziko dituela Eusko Jaurlaritzan, epaitegietara deklaratzera deitu baitute UPyD alderdiak jarritako salaketa dela eta.
Gorka Maneirok gidatzen duen alderdiak salatu zuen Eusko Jaurlaritzak hedabide gertuei albisteak erosi zizkiola 233.460 euro erabiliz.
Lehendakaritzarentzat lanean
Andoni Aldekoak ibilbide luzea bete du dagoeneko EAJko komunikazio esparruan. Iñaki Azkunaren eskutik Bilboko udaleko komunikazio lanak bete zituen urte luzez eta aurten Iñigo Urkulluk Basque Country marka zabaltzeko hautatu zuen Aldekoa.