Gure eskualdean badira trail egitea gustuko duten korrikalari asko. Badira ere, trail talde ezberdinak, hala nola Amurrioko Trail taldea, Orkatzak, Mugagabe... Baina denek ez dituzte erronkak eta errekorrak betetzen.
Amurrioko Iñaki Ibarrola eta Xabi Alonso trail taldeko kideek errekor berria egin dute. Babiora 12 aldiz jarraian igo dira, korrika eginez, noski. Urriaren 10ean egin zuten eta guztira 11 ordu tardatu zituzten, jateko eta edateko tarteekin barne. 63,2 kilometro egin zituzten goizeko 5etan abiatuta 3.240ko desnibel positiboarekin. Trail taldeko kideen laguntza ere izan zuten. Izan ere, haiek bakarrik 9. igoera besterik ez zuten egin, beste guztietan, lagunezberdinen konpainia izan zuten.
Dena aspaldi egindako erronka batetik dator. Babiora igotzeak arrakasta handia zuen eta askotan igotzen ziren. Orduan trail taldekoek erronka hau sortzea erabaki zuten. Hori bai, bi “arau” daude. Bata, goian dagoen artzainarekin argazkia atera eta WhatsApp taldera bidaltzea; eta bestea, errekorra bakarrik igoera batek markatuko duela. Hau da errekorra 11 igoeretan baldin bazegoen, nahiz eta 13 aldiz igo, 12 kontatuko duela. Izan ere ultra trailak egiten dituen jende asko dago eta limite bat jartzea erabaki zuten.
Taldeak dio edonor animatu daitekeela erronka hau egitera eta ea haien 12 igoerak gainditzen dituen errekor bat lortzen duen baten batek. Gainera irabazleek txapela eta guzti eramaten dute. Errekor batetik beste batera pasatzean, txapelak ere buru batetik bestera egiten dute salto.
Erronka berria: Urduñako Birjinara 7 aldiz
Xabi Abajo urduñarrak erronka berri bati aurre egingo dio igandean. Urduñako Birjinara 7 aldiz jarraian igo nahi du. Izan ere aspaldi beste gizon batek 6 alditan egin zuen eta Xabik, errekorra lortu nahi du. Gainera, erronka honi, denbora limitea ere ezarri dio.: 12 ordutan egin beharko ditu igoera eta jaitsiera guztiak.
Foru Plazatik aterako da eta 75 kilometroko eta 4.700 desnibel positiboa duen ibilbidea egin behar izango du bere helburua betetzeko. Hasiera batean, dena bere tabernan hitz eginez sortu zen, baina Xabik serioski hartu du erronka hau eta bi hilabete daramatza gogor entrenatzen.
Lortuko al du?
Aspaldi egindako erronka: 354 egunetan 355 igoera Gorbeara
Edu Markinez laudioarrak ere erronkaz beteriko munduan bizi da. Berak 2001-2002. urtean ia egunero igo zen Gorbeara. 354 egunetan 355 bider igo zen gurutzeraino. Gainera, bere erronka propioak ditu Edu eta 2002. urteko erronka hori bukatu zuenetik 1367 alditan igo da berriz ere. Urtero gutxi gora behera 100 bider igotzea gustatzen zaio. Aurten adibidez, 67 alditan egin du, beraz 33 geratzen zaizkio.