“Izugarria izango da alargunek galduko duten eroste ahalmena”

Txabi Alvarado Bañares 2015ko urr. 12a, 18:32

MAITE BILBAO OTEGI (Laudio, 1954) Euskadiko Alargunen Federazioko eta Laudioko Avillo alargunen elkarteko lehendakaria da. Eskualdeko alargunen egoera ekonomikoaren inguruan mintzatu da.

Zer nolakoa da Aiaraldeko alargunen egoera?

MAITE BILBAO OTEGI (Laudio, 1954) Euskadiko Alargunen Federazioko eta Laudioko Avillo alargunen elkarteko lehendakaria da. Eskualdeko alargunen egoera ekonomikoaren inguruan mintzatu da.

Zer nolakoa da Aiaraldeko alargunen egoera?

Aiaraldean badago arazo bat. Laudio, adibidez, gune industriala da. Horregatik, pentsioak orekatuak egon daitezke, gutxi gora behera. Baina Aiaraldeko landa-eremuan nekazari eta autonomo asko dago. Hori dela eta, pentsioak askoz baxuagoak dira eta alargunen-pentsioak oso-oso txikiak. Emakume alargunari geratzen zaiona bere senarraren kotizazioaren % 52a da, eta nekazari eta autonomoen kotizazioa oso baxua da. Horregatik, pentsioak asko txikitzen dira.

“Aiaraldeko landa-eremuetan pentsioak asko txikitzen dira”

Badago pentsioen osagarri bat. Legeak dio 65 urte baino gehiago dituztenek ezin dutela 634,5 euro baino gutxiago jaso. Gutxieneko soldata baino baxuagoa da kopuru hori. Pentsiodun batek 400 euroko pentsio bat jasotzen badu gobernuak aipatutako kopurura iristeko diru-kopurua ematen dio.

EAEn neurri bat gehiago daukagu, Eusko Jaurlaritzak 2008ko uztailean abian jarritakoa. Neurri horrek pentsio guztiak gutxienez gutxieneko soldatara iristea ahalbidetzen du, 648,6 eurora hain zuzen.

Zentzu horretan, zer nolako bilakaera eman azken urteetan?

Eroste-ahalmen handia galdu egin da. Denbora asko daramagu pentsioen izoztearekin edo urteko % 0,25eko igoerarekin. Zapateroren gobernuan egon zen urte bat zeinetan izoztu egin zituzten eta beste bat zeinetan % 1eko igoera eman zen. Hortik aurrera % 0,25eko igoera eman da urtero. Eta badirudi 2019ra arte igoera ehuneko horretara mugatuko dela, gobernua aldatzen ez bada behintzat.

Gauzak hala, % 15eko galera egongo da 2011tik 2019ra bitartean alargunen eroste-ahalmenean, gutxi gora behera, produktuen prezioen igoerarekin egin ditudan kalkuluen arabera. Eta hori asko da. Izugarria da galduko den eroste-ahalmena.

“Gertatzen ari den beste fenomeno bat da amek euren alargun-pentsioekin hipotekak ordaintzen laguntzen ari dietela euren seme-alabei”

Krisi ekonomikoa dela eta askotan aipatu da familia askorentzat aiton-amonen pentsioak bilakatu direla sostengu ekonomiko nagusi. Aiaraldean ere fenomeno hori ematen dela ikusten duzue?

Aiaraldean ez dakit, baina Laudion bai ematen dela kasu hori, askotan. Ezagutzen dut familia baten kasua. Aita eta ama langabezia geratu dira eta etxea kendu egin dituzte. Amona alargunaren etxera bizitzera joan behar izan da familia osoa. Zazpi pertsona guztira, amonaren pentsioarekin soilik.

Gertatzen ari den beste fenomeno bat da amek euren alargun-pentsioekin hipotekak ordaintzen laguntzen ari dietela euren seme-alabei, etxea kendu ez diezaieten. Beste kasu batzuetan, hilabetero elikagai erosketa-handi bat egiten laguntzen diete, aurrera egiten laguntzeko. Eta fenomeno hori ez da Aiaraldean soilik ematen, asko ari da gertatzen.

“Elkartasun-lanetan aritzen gara. Dauden laguntzen berri ematen diegu alargunei, eta egin beharreko tramitazioak egiten ere laguntzen diegu”

Egoera horretan, zein da alargunen elkarteek jokatzen duten papera?

Elkartasun-lanetan aritzen gara. Dauden laguntzen berri ematen diegu alargunei, eta egin beharreko tramitazioak egiten ere laguntzen diegu. Aiaraldean, nekazaritza eremu askotan gertatzen den bezala, alargun askok ez dute jaso ditzaketen laguntzen berri, eta ez dituzte eskaerak egiten. Eta eskatzen ez badituzu ez dizkizute ematen.

Horretaz gain, alargunen eta umezurtzen pentsioak Pentsioen Sistema Orokorretik kendu nahi dituztela zabaldu da azken hilabeteetan. Zer ekarriko luke horrek?

Galera handia. Dekretu hori ateratzen badute alargunen pentsioak jada ez dira pentsioak izango. Ez dira kotizazioaren araberakoak izango, aurrekontuen araberakoak baizik, laguntza sozialak bezala. Horrek esan nahi du pentsionistei dagokien osagarri batzuk (Eusko Jaurlaritzak ematen dituenak edo botikak ordaintzeko ematen direnak, adibidez) jada ez ditugula jasoko. Udalek ere laguntzak ematen dizkiete pentsionistei kasu askotan, eta kasu honetan alargunek ez lituzkete jasoko. Legea aldatu beharko lukete horretarako.

Esaten dute jada alargun-pentsioa jasotzen dugunoi ez digutela aldaketarik egingo. Baina datorren urtarriletik aurrera datozenek jada ez lukete egoera bera izango. Hori da Gizarte Segurantzako Estatuko Idazkaria den Tomas Burgosek abuztuan iradoki zuena, jendarteak nola erreakzionatzen duen ikusteko. Baina urteak daramatzate jada asmo horrekin. Nik dakidala 2010etik daramatzate barne mailan ideia hori garatzen. Eta publiko egin izanak esan nahi du egiteko asmoa dutela dagoeneko.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide