Datorren urriaren 19an izango da Bularreko Minbiziaren Aurkako Eguna. Minbiziaren Ikerkuntzarako Nazioarteko Agentziak argitaratutako txosten baten arabera, 22.000 kasu inguru ematen dira Espainiar Estatu mailan urtero. 2011an 6.314 pertsona hil ziren gaixotasun horren ondorioz. Hala ere, hilkortasun tasa txikiko gaitza da bularreko minbizia. Jasaten duten pertsonen % 80ak baino gehiagok gaixotasuna gainditu egiten du. Izan ere, kasu askotan garatuegi egon baino lehen detektatzen da, sintoma asko begi bistakoak direlako.
Konkorretatik diagnostikora
Bularrean edo besapeetan konkorrak agertzea, bularren azalean aldaketak nabaritzea, titipuntetatik likidoa isurtzea, titipuntak hondoratzea... hainbat izan daitezke bularreko minbiziaren sintomak. “Sintoma horietako bat izateak, baina, ez du derrigorrez esan nahi gaixotasun hori daukazunik”, azpimarratu du Isabel Moreno emaginak.
Hala ere, kasu horietakoren bat ematekotan familia-medikura joatea gomendatzen du berak. “Medikuak hasierako azterketa bat egiten du, eta ginekologoarengana bideratzen zaitu gero”. Ginekologoak antzera egiten du eta, zerbait detektatzekotan, Galdakaoko ospitalera bideratzen du pazientea.
Bularrean edo besapeetan konkorrak agertzea, bularren azalean aldaketak nabaritzea, titipuntetatik likidoa isurtzea, titipuntak hondoratzea... hainbat izan daitezke bularreko minbiziaren sintomak
Ospitalean egiten da bularrean dagoena minbizia den ikusteko lehen proba: mamografia. Proba hori beste batzuekin (ekografia, biopsia...) osatzen da, bularrean dagoena tumore onbera edo gaiztoa den zehazteko.
Bularreko minbizia izatekotan, ebakuntza egitera bideratzen da pazientea. Aiaraldeko herritarren kasuan Galdakaoko ospitalean egingo litzateke. Tumorea eta tumorearen inguruko “segurtasun eremua” kentzea da ebakuntzaren xedea. “Gaur egun saiatzen diren bular osoa kendu behar ez izaten”, azaldu du Morenok.
Zerbitzu nahikoa?
Urduñako emagina da Moreno. Eskualdean beste bi daude: Laudio, Orozko eta Okondon bata eta Amurrio, Artziniega eta Aiaran bestea. Ginekologoa, baina, bat dago eskualdean. Bakarra 21.294 emakumerentzat. “Osakidetzak dio 4.100 emakume daudenean egokia dela ginekologo bat egotea”, azaldu zuen Eva Blanco-k parlamentaria zenean eginiko elkarrizketan, “horren arabera bost ginekologo egon beharko lukete eskualdean”.
Ginekologia zerbitzua handitzearen aldarrikapenak ibilbide instituzional luzea egin du azken urteetan: 2013an PSE-EE eta EH Bildu alderdiek eskaera hori eraman zuten parlamentura, eta iaz berriz aurkeztu zuten gaia osasun batzordean. Laudion, berriz, ginekologia zerbitzuari buruzko foroa sortzeko mozioa onartu zen iaz.
Itxaron zerrendak 4-6 hilabetez luzatu daitezke eta, ondorioz, emakume askok klinika pribatuetara jotzen dute, ginekologia zerbitzua indartzearen aldekoen esanetan
Aldarrikapen horrekin bat egiten duten alderdien arabera, ginekologoarekin egoteko itxaron zerrendak lau-sei hilabetera arte luzatu daitezke. “Horrek emakume ugarik zerbitzu pribatura jotzea dakar, eta horretan oinarritzen da Eusko Jaurlaritza ginekologia zerbitzuaren beharra jaitsi dela esateko”, Blancoren esanetan. Osakidetzak, bere aldetik, ratioak modu egokian betetzen direla defendatzen du, eta itxaron zerrendak sei-hamar egun bitartekoak direla.
Emaginen garrantzia
“Ez dakit, ez nintzateke ausartuko zerbitzu falta dagoela baieztatzera”, adierazi du Morenok. Bularreko minbiziaren gaira itzuliaz, emaginak ziurtatu du medikuak pazienteari bularrean zerbait detektatzen dion unetik aurrera ematen den prozesua azkar doala, “lehentasunezko zita batera bideratzen da, kasu horretan ez dago itxaron-zerrendarik”. Emaginek betetzen duten funtzioaren garrantzia aldarrikatu du Morenok, “ginekologoak egiten dituen gauzetako asko egin ditzakegu”.
Norberaren esku
Urduñako emaginak garrantzi handia eman dio baita norberak bere bularrak erregularki aztertzeari, minbiziarenak izan daitezkeen sintomak topatzeko. “Hilekoa izan ostean egitea komeni da, ispilu baten aurrean. Aipatutako anomalietakoren bat aurkitzekotan famili medikura joatea da egokiena”.