Lehen mailako arazo politikoa da errefuxiatuena. Munduan 15 milioi pertsona inguruk bizi duten egoera da, Nazio Batuen Erakundeko datuen arabera. Ez da arazo berria. Baina orain Europaren atera iritsi da, batik bat Siriako gatazkatik ihesean dauden pertsonen etorrerarekin. Errefuxiatuei harrera egitearen gaineko eztabaida sortu du horrek Europa mailan, eta baita Aiaraldean ere.
Hiru dira jada eskualdean errefuxiatuei harrera egiteko prestutasuna adierazi duten udalak: Amurriokoa, Laudiokoa eta Urduñakoa. Urduñako adierazpen instituzionala EH Bildu eta EAJ udal taldeen babesaz onartu da. Laudio eta Amurrioko adierazpenak, berriz, aho batez onartu dira.
Oraindik ez dago zehaztuta zenbat errefuxiatu etorriko liratekeen eskualdera, baina Laudioko Jendarte Ongizateko zinegotzia den Isabel Bovedak aurreratu du Laudion “7-10 inguru” bertaratzea aurreikusi dutela. Eusko Jaurlaritzak herrian dituen eta hutsik dauden bi pisu sozial prestatuko dituzte horretarako.
Amurrioko Udalak, bere aldetik, jakinarazi du lan-talde bat sortuko duela, “alor hori jorratzen duten taldeekin”. Talde hori arduratuko da Harrerarako Tokiko Plana zehazteaz, eta udalak partida ekonomiko bat bideratuko du plan horri ekiteko.
Amurrio, Urduña eta Laudioko Udalek errefuxiatuak hartzearen aldeko adierazpenak egin dituzte
Bosniako esperientzia
Hau ez da, baina, Aiaraldeak errefuxiatuei ongi etorria egingo dien lehenbiziko aldia izango. Hor daude baita Saharatik etorritakoak, adibidez. Baina oraingoarekin antzekotasun gehien duen kasua beste bat da: Bosniako Gerratik (1992-1995) ihesi Amurrion bukatu zuen errefuxiatu taldearena.
Baina ezberdintasun nabari bat dago kasu horren eta gaur egungoaren artean: oraingoan errefuxiatuei harrera egitearen ekimena instituzionala den bitartean, Bosniako kasua eman zenean herritarren eskutik etorri zen ideia.
“Errefuxiatuak hartzeko prest zeuden herriak agertzen hasi ziren, eta horrela bururatu zitzaigun Amurrion ere hori egitea”, oroitu du garai hartan herriko emakume elkartean zegoen Irene Novalesek, “Alkatearekin hitz egitera joan ginen eta berak ideiarekiko prestutasun osoa erakutsi zigun”. Ondo gogoratzen du Novalesek errefuxiatuak herrira iritsi ziren eguna: “Abenduaren 7a izan zen, eta afari bat prestatu genien ongi-etorria egiteko. 18 kide ziren, hemeretzi itzultzailea kontatuta, eta horietako zazpi umeak ziren”. Mazedoniako errefuxiatuen kanpaleku batetik zetozen, eta batzuk oso egoera txarrean zeuden, Novalesen esanetan. “Umeek beldurra zieten hegazkinei eta bizardun gizonei”.
Gaur egun Amurrioko Gaztetxea den eraikinean egon ziren errefuxiatuak bizitzen. “Ejertzitoak utzitako oheak eraman genituen”, azaldu du Novalesek, “eta jangela eta medikuarentzako tokia ere atondu genituen”. Errefuxiatuen arteko elkarbizitza zaila izan zela gaineratu du Emakume Elkarteko kideak, “hainbat perfiletako pertsonak ziren”.
Sei hilabete eman zituen bosniar taldeak horrela bizitzen. Eta ondoren? Batzuei lan eskaintzak egin zizkieten Valentzia eta Kataluniatik eta bertara joan ziren. Suitzara joan ziren beste batzuk, eta bikote bat Bosniara itzuli zen. Ametako batek, baina, bere seme-alabekin Amurrion geratzea erabaki zuen.
Novalesek azpimarratu du “boluntario ugari” egon zirela errefuxiatuei laguntzen, “herriak dena eman zuen, lan ona egin zen”.