"Ilargi betea dagoenean otsoek ulu egiten dutela ez da mitoa. Sekulakoa da, niri ileak puntan jartzen dizkit”

Izar Mendiguren Cosgaya 2015ko ira. 21a, 08:23

ALVARO MOLERO DE LICHESek (1980, Amurrio) otsoa du Larrabe auzoan. Denbora asko pasa du animalia hezten. Ardi artean otsoari zer egin eta zer ez irakasten ordu asko igaro eta gero, egun, auzotik paseatu eta umeekin jolasten du animaliak.

Txanogorritxuren ipuinetik zure etxe pareko zelaira ekarri duzu otsoa.

ALVARO MOLERO DE LICHESek (1980, Amurrio) otsoa du Larrabe auzoan. Denbora asko pasa du animalia hezten. Ardi artean otsoari zer egin eta zer ez irakasten ordu asko igaro eta gero, egun, auzotik paseatu eta umeekin jolasten du animaliak.

Txanogorritxuren ipuinetik zure etxe pareko zelaira ekarri duzu otsoa.

Bai, %97 du otsotik eta %3 txakurretik. %100 otsoa balitz, ezinezkoa litzake maneiatzea. Nirea arraza berri bat da, esperimentatzen hasi zirenetik 80 urte bakarrik pasa dira. Animali hauek ezin ditu edonork izan, izaera gogorra dute. Bizitzan behin bakarrik harrotuko zitzaidala esan zidan otso hezitzaileak. Txakur hau ezin da jo, bestela galdu egingo nuke. Lepotik hartu eta hankaz gora jarri behar izan nuen, haren amak egingo lukeen bezala. 6 hilabete zituenean izan zen hori, eskerrak otso hezitzaileak esan zidan! Egun urte bat eta hiru hilabete ditu.

Zein ezaugarri ditu?

Lobo” izena du, originala, bai! Zero azpitik 30 gradutan zoriontsua da. Hawskyek baino hotz gehiago eskatzen dute. Neguan elurrarekin errekan sartu eta igerian hasten zen. Udan, argaldu eta ahuldu egin zen, beroagatik bi aldiz mareatu ere bai. Horregatik, goizaldez edo goizeko lehen orduan atera behar nuen paseatzera... Asko ibili behar den animalia da, ezin da pisu batean bizi. Nerbio asko dute eta esku gogorra behar dute, oso azkarrak dira. Lobo oso noblea da, oso pozik nago harekin. Hori bai, ahal dela 24 orduz egon behar zara berarekin, otsoak taldean ibiltzeko jaio dira, ahalik eta denbora gehien lagunduta egotea gustatzen zaie. Oso maitekorrak dira. Lobo hankaz gora jarri eta musu asko ematekoa da, txikitatik ezagutzen nauelako.

Ordu asko pasa ditut ardi artean eserita otsoari zer egin eta zer ez irakasten”

Nolatan egin zenuten otsoarekiko hautua?

Alabak eskatuta. Niri betidanik gustatu izan zaizkit otsoak. Leongo haztegi batetik ekarri nuen, 1.500€ ordainduta. Hasieran haginka egiten zuen, ezin zitzaion jaten eman. Ordu asko pasa ditut ardi artean eserita otsoari zer egin eta zer ez irakasten. Jende askok esan dit beste arraza batekin nahasteko, baina hori krimena litzake. Nik ez dut aberastu nahi, nahiago dut ondo zainduko duen baten eskuetan utzi eta pobre segi, negozioa egin eta aberastu baino.

Nor da arriskutsuagoa, animalia ala jabea?

Jabeak askoz arriskutsuagoak dira animaliak baino. Poliziarekin arazoak izan nituen otsoa nuelako. Nire oilategian bizi da eta bizilagunek lehen egunean deitu egin zuten zoro batek otso bat ekarri zuelako auzora. Jendea kezkatua zegoen, baina denborarekin demostratu egin dut ez dagoela arriskurik: paseatzera ateratzen dut, auzoko umeekin jolasten du, haurrek hesitik laztandu egiten dute... Oilategian sutondo bat eta burko bat jarri nizkion goxo-goxo egin zezan lo, erregea baino hobeto bizi da Lobo.

Jabeak askoz arriskutsuagoak dira animaliak baino”

Oilategian bizi den lehen otsoa izango da zurea. Nolakoa da elkarbizitza?

Oso ona. Hezten baldin baduzu ez dago arazorik. Txakurrak ikustean haiengana joaten da korrika, baina jolastera. Hori bai, haginka egitera hurbiltzen bazaio erasora joko du. Heziketan dago gakoa, nire arraza bereko txakurra duen jendea ezagutzen dut eta ezin dute animalia atera.

Nolako zainketa eskatzen du halako animali batek?

Batez ere, garbiketa eta jatea. Ematen diodan pentsuak 40€ balio ditu, 13 kiloko zakuak. Menua txandakatu egin behar zaio: egun batean pentsua jaten du, bestean oilasko oso bat (guk jaten duguna bezalakoa). Hurrengo bi egunetan baraurik egoten da, otsoek ez baitute egunero jaten. Nik baino gehiago jaten du, hezitzailea, dietista... denetarik izaten irakatsi dit!

Oilategian sutondo bat eta burko bat jarri nizkion goxo-goxo egin zezan lo”

Ez duzu ehiztarien beldurrik?

Mendira goazenean aurreratu egiten bazait oso adi ibili behar naiz, jendeak ikustean “otso bat” dagoelako oihu egiten duelako. Nirea dela eta ez duela ezer egiten esaten diet, baina norbaitek mendian ikusi eta tiro egingo ez ote dionaren beldurra dut. Txaleko islatzaile bat jartzea pentsatzen ari naiz.

Ulu egiten al du?

Bai, ez daki zaunka egiten. Saiatu egiten da baina ulua ateratzen zaio. Ilargi betea dagoenean otsoek ulu egiten dutela ez da mitoa, sekulakoa da, ileak puntan jartzen dizkit.

Egia al da ardi eta abereak izutu egiten direla hura ikustean?

Bai, oso urrunetik detektatzen dute. Larrabetik San Rokera paseatzen noanean hara iritsi baino lehenago hasten dira txakur guztiak zaunka. Usainagatik jakiten dute. Ordenantzagatik leku jakinetan soilik utzi ahal dira solte txakurrak. Lobo haiekin jolastera joaten da, barrabilak jaistean pixka bat agresiboago egon zen, baina ez da arazorik egon. Oso animalia ona da.

Suge bat ere baduzu. Zoologikoa zabaltzea duzu buruan?

Pitoi bola bat da, arratoiak jaten ditu. Bilbondon erosten ditut, baina ekonomikoena arratoi bikote bat hartu eta heztea da. Oihanetik ekarriko balute animalia ez nuke onartuko, hau laborategitik etorria da. Animaliak haien ingurutik ateratzearen kontra nago. Zooarena ez dut planteatu, baina jende asko etortzen da otsoa ikustera kanpotik. Herritik geratu egiten naute argazkia ateratzeko.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide