Laudion eta Amurrion izan da Ana Pastor Espainiako Sustapen ministroa, eta bertan egin ditu Euskal Y-aren lanei buruzko adierazpenak. Gaur egunera arte proiektuan eginiko inbertsioa 2.300 milioi eurokoa izan dela azaldu du, eta gogorarazi 2016ko aurrekontuetan 290 milioi gorde dituela azpiegitura hori egiteko. "Kupo bidez jartzen diren beste 300 milioi inguru" gehitu behar zaizkio horri, Pastorren esanetan.
"Inbertsio erritmo honekin eta orain arte eginikoarekin, noski 2019rako amaituta egongo dela, eta ikusteko ni bertan egotea espero dut", gaineratu du: "Ez dago zertan kezkatu".
AHTa hiriburuetara sartzeko lanez ere hitz egin du. Nabarmendu du "aurreneko aldia" dela aurrekontuetan horretarako dirua gordetzen dela. Halaber, jakinarazi du irailean bilera bat egingo duela Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolakuntza sailburuarekin eta Juan Maria Aburto, Eneko Goia eta Gorka Urtaran Bilbo, Donostia eta Gasteizko alkateekin.
Trena hiriburuetara sartzeko arazoen aurrean, esan du sarrera horiek "eraginkortasunez eta arrazionaltasunez" integratu behar direla hirietan, baina iragarri du ez dutela arazorik izango irtenbideak bilatzeko: "Bizitzan ez dago ezer hoberik entzutea, besteekin ikastea eta gauzak lurraldeari entzunez egitea baino".