Naturayala: Topaketak hirugarren fasean

Naturayala blogeko sarrera berria Patxiren eskutik

-Ze haiz hi? Aingeru ala deabrutxo?

Nire frontalaren argiaz iluntasunetik erauzia, irudi txikitxo ilun bat gladioloaren zurtoinari gogor helduta dago. Lasaiago eta hurbilagotik so eginik, gizontxo edo tximinotxo itxura hartzen diot. Ez baina. Hara, begira itzak gorputzadarretatik luzatzen zaizkion azal zimurrak: sagu-zaharra haiz! Sagu-zahar gaztea, kumea alegia, helduek izan ohi duten ilaje marroi-grisa oraindik ez baitu garatu.

-Ze haiz hi? Aingeru ala deabrutxo?

Nire frontalaren argiaz iluntasunetik erauzia, irudi txikitxo ilun bat gladioloaren zurtoinari gogor helduta dago. Lasaiago eta hurbilagotik so eginik, gizontxo edo tximinotxo itxura hartzen diot. Ez baina. Hara, begira itzak gorputzadarretatik luzatzen zaizkion azal zimurrak: sagu-zaharra haiz! Sagu-zahar gaztea, kumea alegia, helduek izan ohi duten ilaje marroi-grisa oraindik ez baitu garatu.

Sagu-zaharrek (Chiroptera) Euskal Herrian anitzen den ugaztun taldea osatzen dute. 1998-ko datuen arabera (1) gutxieneko 20 espezie ezberdin aurkitu daitezke Euskadin, eta kopuru hau agian motz geratuko zen geroztik egindako ikerketei esker. 20 horietatik, hiru espezie besterik ez ziren “mehatxurik gabekoak” bezala katalogatzen, gainerontzekoak “kalteberak”, “urriak”, “desagertzeko zorian” edo “interes berezikoak” izanik.


Plazer handiz gogoratzen dut duela zenbait urtez Amurrioko Bioaniztasunaren Jardunaldien barruan Joxerra Aihartza adituak eskainitako hitzaldi eta irtenaldi gidatua. Bertan, hain ezezagun eta anonimoak diren piztitxo hauen zenbait misterio argitu zizkigun. Sagu-zaharrak hegalari bakarrak dira ugaztunen artean, gaitasun horren mesederako erabat egokituta dutelarik bere anatomia. Intsektujale amorratuak dira, ekosistemetan betetzen duten papera onuragarri eta ordezkaezina delarik. Iluntasunean orientatzeko eta ehizatzeko ultrasoinuen sistema eraginkorra garatu dute, gure radar eta sonarren aitzindari. Hain zuzen ere, hegan ari direnean etengabe igortzen dituzten ultrasoinu entzunezin horiek erabiltzen dira gaur egun espezie ezberdinen banaketa ezagutzeko, entzungailu berezien bidez. Joxerrak irtenaldian azaldu zigun bezala, espezie bakoitza bere “erreklamo” berezia baitauka.

Badira bere biologian oraindik ikertzeko dirauten beste datu interesgarri, hala nola negua pasatzeko darabilten estrategia ezberdinak, migrazioetatik hasita hibernazioraino.



Gauari dagozkion ezaugarriz apainduta ageri zait ba sagu-zaharra, ezezaguna, misteriotsua. Ez aspaldi arrunta zen, eta oraindik ere ikus dezakegu ilunabarretan Amurrioko parkearen gainean bueltaka zomorro bila. Baina antza ez da garai batean bezain ugari. Azken ikerketen arabera, kopuru orokorra urritzen doa, eta zenbait espezie erabat bakantzen ari dira guztiz desagertu arte. Arrazoiak, betikoak: ingurunearen degradazioa, kutsadura, bereziki kimikoa, pestizida eta intsektiziden erabilpen masiboa eta sistematikoagatik. Zenbaitetan gizakien eragozpen zuzenak, negurako erabili ohi dituzten kobazulo edo zuhaitz zulodunetan.

Nire etxeko teilen azpiko zirrikituetan, saguarenak diruditen xuxurla isil batzuk entzuten dira tarteka. Teilatu azpian, mm eskaxak neurtzen dituzten gorotz txikiak agertzen dira maiz. Pipistrellus koloniatxo bat ziurrenik, hauek baitira sagu-zaharrik ugarien eta arruntenak. Ilunabarretan ikuskizun ederra eskaintzen didate, egunaren baraua amaitu eta ehizatzera ateratzen direnean. Eta nik pozik, haiek eulitxoak harrapatzen dituzten bitartean. Bitxia da nola aukeratzen duten teilatuaren orientazioa tenperaturaren arabera: hegoa udaberri-udazkenan, eta iparra udako egun beroetan.


Sagu-zaharraren gorotza

Iparraldeko horman, teilatu azpian, sagu-zahar kumea gladioloari helduta darrai… Ez dut ukitu ere egin, eta orain argia itzali eta lasai utziko dut. Agur, txikitxo, eta zorte on! Igo zaitez lehenbailehen zure kabira, katu edo azariren batek zure berri izan aurretik!

1. “Vertebrados continentales. Situación actual en la Comunidad Autónoma del Pais Vasco” VVAA, Eusko Jaurlaritza

...................

 

Batzutan aurkitu daitezke sagu-zaharrak lurrean eroriak. Gaizki kalkulatu eta lurra jo dute, eta gero ezinezkoa zaie aireratzea. Nahiko izango da kontuz hartzea eta xuabe airera jaurtitzearekin, berriz hegan hasteko.

 

 


Salbadako aitzuloak zenbaitetan aterpe bezala erabiltzen dituzte.

 

 


Kobazulotan aurkituz gero hobe urrundik behatzea, eta denbora luzez ez argitzea
....................

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide