Tubacexeko LABek, prentsa ohar batean jakinarazi duenez, gogor arbuiatu du enpresa horretako José Esmorís kontseilari ordezkariak enplegua erregulatzeko espedientea gauzatzeko aukera aipatzea. Horretaz gainera, LABek “errespetu falta itzela” deritzaio “bai langileok eta baita bere ordezkariok ere enpresaren intentzioen berri komunikabideen bitartez izatea.”
Etekinak eta inbertsioak Kantabrian
Sindikatuak adierazpen horiek harrigarriak direla deritzo, azken urtean Tubacexek izandako miloika euroko irabaziak kontuan hartuta. Gainera, enpresak Kantabrian duen lantegian inbertitzen jarraitzen duela adierazi du LABek.
Aparteko orduak
Bide beretik, kontseilari orokorra gezurretan dabilela diote Langile Abertzaleen Batzordeetako kideek: “Kontseilari Ordezkariak gezurra esaten du erreleboen murrizketa dagoela aipatzean, errealitatea bestelakoa baita: apiriletik hona enpresak Euskal Herrian dituen fabriketan erreleboak gehitu dira eta aparteko orduak goraka doaz.”
Bukatzeko, LABek adierazpen borobil bat luzatzen die enpresaren arduradunei: "Tubacexeko zuzendaritzari eskatu nahi diogu gure eskubideen urraketarekin mehatxatu beharrean, hobe lukeela enpresan daukagun antolaketa kaosari irtenbidea ematea, horrek inprobisazioa, antolaketa eza eta aurreikuspen faltagatik sortutako arazoei konponbidea emango liokeelako.”