“Arakaldo munduari ezagutaraztea da jaien helburua”

Txabi Alvarado Bañares 2015ko uzt. 8a, 12:58

MONIKA ZALABARRIA (Gernika, 1974) Arakaldoko Jaien antolakuntza-taldearen parte da. Festa horiek izan duten bilakaeraren eta aurtengo egitarauko nobedadeen inguruan mintzatu da.

Egongo da Arakaldoko jaiak existitzen ez direla uste duenik.

Nik, lehenbizi, esango nuke Arakaldoko Jaiak ez direla orain dela gutxitik hona ospatzen diren festa batzuk. Urteak daramatzagu ospatzen.

MONIKA ZALABARRIA (Gernika, 1974) Arakaldoko Jaien antolakuntza-taldearen parte da. Festa horiek izan duten bilakaeraren eta aurtengo egitarauko nobedadeen inguruan mintzatu da.

Egongo da Arakaldoko jaiak existitzen ez direla uste duenik.

Nik, lehenbizi, esango nuke Arakaldoko Jaiak ez direla orain dela gutxitik hona ospatzen diren festa batzuk. Urteak daramatzagu ospatzen.

Baina aurtengoa bostgarren urtea izango da festak guk antolatzen ditugula, eta ezberdinak dira. Lehen ospatzen ziren jaiak herriko jende nagusiarentzat bideratuak zeuden eta orain gu saiatzen gara mundu guztiarentzako egitaraua osatzen. Betiko gauzak egiten jarraitzen dugu: tortilla txapelketa, bolo-txapelketa eta mus-txapelketa. Baina bagoaz gauza berriak sartzen.

Zer gauza berri antolatu dituzue bost urtetan zehar?

Iaz, adibidez, perkusio tailer bat egiten hasi ginen. Umeentzako jolasak egiteari ere ekin diogu. Aurten, gauza berri moduan, artzain-txakur erakustaldia daukagu. Kontzertuak ere antolatzen dira, eta betiko erromeria ere mantentzen da.

“Lehen ospatzen ziren jaiak herriko jende nagusiarentzat bideratuak zeuden eta orain gu saiatzen gara mundu guztiarentzako egitaraua osatzen”

Zein da helburua, herriko jendea erakartzea? Edo kanpokoa?

Herriko jendeari zuzendutako jaiak dira batez ere. Baina kanpoko jendea ere ongi-etorria da. “Euskal giroko” jaia antolatzen saiatzen gara. Aurreko lau urteetan bazkariarekin batera bertsolariak jarri ditugu. Aurten, apurtxo bat aldatzeko, auzokideen arteko frontenis partidua egin nahi dugu, eta bertsolari bat lotzen gabiltza parte hartzaileak kantuz animatzeko.

Mozorro-frontenis lehiaketa” deitu diozue ekintzari.

Bai. Helburua dibertitzea da, eta horretarako jolastuko duten auzokideak mozorrotuta bertaratu beharko dira.

Bestelako berrikuntzarik egin duzue aurtengo jaiei begira?

Aipatu dugun bezala, nobedade nagusia artzain-txakur erakustaldia izango da. Kontzertuak betikoak dira, euskal giroa mantentzen ahalegintzen gara. Baina herriko jendeak denetarik eskatzen du, eta horregatik euskal girotik harago doazen bestelako kontuak ere sartzen ditugu.

Ostiral gauean, adibidez, drag-queen ikuskizuna daukagu. Hori ere ekintza berria da. Badirudi aurreko urtean Atxetan egon zirela eta jendeak oso pozik hartu zuela. Horregatik, Arakaldon ere jendeak ondo pasatzea espero dugu.

“Herriko jendeari zuzendutako jaiak dira batez ere. Baina kanpoko jendea ere ongi-etorria da”

Zaldiaren eta korrikalariaren arteko erronka ere mantendu duzue.

Hala da, aurten ere egingo da. Zaldiarentzako nire ustez egin beharreko bidea ez da aproposena, baina egia da baita korrikalariarentzat ere gogorra dela zaldi baten aurka lehiatzea. Ekintza horri ikusten diodan arazo bakarra da herriko jendeak ezin dugula jarraitu. Baina polita da, eta zaldiak zein korrikalariak disfrutatuko dute.

Eta ekintza horiek guztiak zer nolako harrera dute herritarren artean?

Nik uste dut askotan jendearen parte hartzea eguraldiaren araberakoa dela. Eguraldi ona badago beti dago jendea. Uste dut aurtengoa Irrien Lagunak-eko kideak ekartzen ditugun laugarren urtea izango dela. Eta apar-festa dugu horren ostean. Horretara uste dugu jendea gerturatuko dela, umeak egongo direla. Baina ez dakigu. Gure asmoa hori da: herria betetzea eta herria munduari ezagutaraztea.

“Herriko jendeak denetarik eskatzen du, eta horregatik euskal girotik harago doazen bestelako kontuak ere sartzen ditugu”

Horri begira, zer esango zenioke Arakaldoko Jaietara inoiz gerturatu ez den bati?

Nik animatu nuke jendea bertaratzera. Azken finean, herri txiki bateko jaiak direlako, auzo txiki asko baino txikiagoa den herri bateko festak. Eta polita da. Arakaldo herri polita delako. Txikia, baina polita.  

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide