Jon Rejado kazetariaren albistea:
Haustura hidraulikoaz babesteko tresna dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoak. Hain zuzen ere, Eusko Legebiltzarrak gasa erauzteko teknika horri mugak jartzeko araudia onartu zuen atzo, osoko bilkuran. Muga horiek Eusko Jaurlaritzaren eskumenetan oinarrituta daude. Kataluniako araudiak erakutsitako bidean sakondu dute horrela; araudi hori Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren oniritzia jaso duen bakarra izanik, ildo horri eusteak legeari bermea ematen diola iritzi diote legebiltzar talde gehienek.
EH Bilduren, PSE-EEren eta PPren aldeko botoekin onartu da araudia, eta ez du debeku zuzenik ezarri; baina ezarri ditu fracking teknika erabili ahal izateko zenbait baldintza. Funtsean, hiru babes muga gainditu beharko dituzte gasa erauzteko teknika hori baliatu nahi dutenek: hirurak Jaurlaritzaren eskumenak.
EAJk azken unera arte defendatu du haustura hidraulikoaren bost urteko geldialdia. Javier Carro EAJko legebiltzarkideak argudiatu du etenaldia Espainiako Gobernuarekin elkarlanean zehaztuko litzatekeela. Gainontzeko legebiltzar taldeen ustez, ordea, geldialdiak «ziurtasun juridiko falta» eragingo luke; hain zuzen ere, Andaluziako Gobernuak antzeko neurri bat abiarazi zuen, eta Espainiako Gobernuak helegitea jarri zion, ordu gutxira. «Ez dugu babestuko egun bat iraungo duen legea», argudiatu du Natalia Rojok (PSE-EE). Haren proposamena aitzat hartu ez denez, EAJ abstenitu egin da bozketan.
Dani Maeztu EH Bilduko legebiltzarkideak zehaztu du araudia ez dela nazioarteko enpresen aurreko babesa lortzeko. «Mehatxu nagusia ez dago Madrilen, etxean bertan baizik», azaldu du, SHESA Eusko Jaurlaritzaren mendeko sozietate anonimoak dituen ikerketa baimenak gogora ekarriz.
PPko kide Maria del Carmen Lopez de Okarizek argudiatu du bere alderdia hidrokarburoen presentzia ikertzearen eta ustiatzearen alde dagoela, baina ez edonola. Hori dela eta, araudiaren alde bozkatu du. UPD, aldiz, abstenitu egin da; Gorka Maneiroren ustez, araudiak «betoa» jartzen dio fracking-ari; debekuaren aurka dagoela esan du.
Hiru mugak, prest
Hauek dira legeak haustura hidraulikoari jarriko dizkion baldintzak: lurralde antolamendurako araudiaren arabera inguruaren ezaugarrietan ez eragitea; akuiferoak kutsatzeko arriskua ez izatea; eta, azkenik, ingurumen azterketa estrategikoa egitea.