Ramiro Gonzalez hautatu dute Arabako Ahaldun Nagusi bigarren itzulian Araban eta Unai Errementeria Bizkaian

Erabiltzailearen aurpegia Berria Egunkaria 2015ko uzt. 1a, 13:15

Edurne Begiristain kazetariaren albistea Araban:

Edurne Begiristain kazetariaren albistea Araban:

Bigarren itzulian eta gehiengo soilarekin aukeratu dute Ramiro Gonzalez jeltzalea Arabako ahaldun nagusi. Hemezortzi batzarkideen babesa izan du —bere taldearenak eta PSE-EErenak—, eta, beraz, gehiengo osotik urrun geratu da. Horregatik, egonkortasuna lortu aldera, akordioak lortzeko eskua oposizioko talde guztiei luzatuta egin du bere hitzaldia EAJko hautagaiak. Elkarrizketa eta akordioa jardunaren erdigunean jarriko dituela azaldu, eta Arabako Batzar Nagusietako talde guztiekin «konplizitateak josteko» lan egingo duela hitzeman die Gonzalezek.

PSEren babesa ziurtatua izanda joan da EAJren hautagaia bilkurara, eta bezperan jeltzaleen eta sozialisten artean lortutako gobernagarritasun akordioak nolabaiteko lasaitasuna eman dio Gonzalezi inbestidurara begira. Maiatzeko foru hauteskundeetan EAJk hamahiru batzarkide lortu zituen, PSE-EEk bost, eta bien arteko batuketak gehiengo soila lortzeko adina boto bermatu dizkio. EH Bilduk iragarria zuen ez zuela oztopatuko EAJren hautagaiaren izendapena, eta hala egin dute haren 11 biltzarkideek bozketan, zuri bozkatuta. Ahal Dugu-ko, PPko eta Ciudadanoseko biltzarkideek ere zuri bozkatu dute. Denera, 32 boto zuri. Ahaldun nagusirako beste hautagai bat aurkeztu da inbestidura saiora: Irabazi-ko Jose Damian Garcia-Moreno, eta hark bere buruari eman dio botoa.

Arratsaldean jaso du aginte makila Gonzalezek. Kargu berria «harrotasunez eta hunkituta» hartu du. Euskaraz hasi eta gazteleraz amaitu du inbestidura saioko hitzaldia. Idatzitako hitzaldia irakurri du ia ordubetez, bi hizkuntzak tartekatuta. Legealdirako gobernu programaren ildo nagusiak azaldu aurretik, akordioak lortzeko garrantziaz mintzatu da EAJko kidea. «Ohituta gaude ganbara hau Arabako gizartearen aniztasunaren isla izatea, eta aniztasun horrek elkarrizketarako eta akordioak lortzeko ahalegina egitera behartzen gaitu». Gutxiengoan dagoela jakitun, oposizioko talde guztiekin hitz egiteko prest agertu da, «Araban ez dagoelako inor sobera».

Hiru lehentasun

Hiru dira Gonzalezek legealdi honetarako finkatu dituen lehentasunak. Batetik, Arabako ekonomia «indarberritu» nahi du, batez ere industrian, eta enplegua sustatzea: «Araba ekonomian, enpleguan eta bizi-kalitatean aitzindari izan dadin lan egingo dut». Bestetik, esan du zerbitzu publikoen eta gizarte zerbitzuen kalitate maila berreskuratu nahi duela, «azken legealdian galdutako lidergoa ahalik eta azkarren lortzeko». Eta, azkenik, lurralde oreka bilatzen lan egingo duela hitzeman du, «lehen eta bigarren mailako arabarrak» egon ez daitezen.

Irabazi koalizioko hautagaiak, berriz, legealdirako sei lehentasun dituela azaldu du bere hitzaldian: enplegua, garapen iraunkorra, gizarte politikak, euskara, gardentasuna eta aberastasunaren banaketa. Besteak beste, «enplegurako plan berdea» abian jarri nahi dutela azaldu du, Araban bederatzi mila lanpostu berri sortzeko. Zerga sisteman, berriz, fortuna handien zerga ezartzea eta zerga harmonizazioa bultzatzea helburu gisa jarri ditu Garcia-Morenok. Politika horiek aurrera eramateko, ezkerreko alderdien «batasuna» eskatu du Irabaziko hautagaiak, eta babesa eskatu die EH Bildu eta Ahal Dugu-ri «gobernu alternatiboa» lortzeko. «Herritar batasunaren ordua iritsi da», esan die.

«Promesa handirik gabe»

Arabako «errealitatera» lotutako programa aurkeztu du, berriz, Ramiro Gonzalezek ganberan. «Promesa eta azpiegitura handirik gabeko» programa dela eta herrialdearen «beharrizanak» kontuan hartzen dituela azaldu du. Haren esanetan, ekonomia sustatzen eta enplegua sortzen laguntzeko «jarrera aktiboa» izan behar du aldundiak, eta, besteak beste, horiek lortzeko mahaia eratzea eta industria babesteko plana martxan jartzea proposatu du. Zerga sistema «justuago» bat lortzea eta iruzurraren aurkako foru plan berritu bat abian jartzea ere aurreikusi du Gonzalezek.

Lurraldearen oreka lortzea helburuetako bat izango duela esan du EAJkoak, eta erronka horien artean ezarri du Trebiñu Burgostik (Espainia) bereiztea eta Arabara batzea. «Gure esku dagoen guztia egingo dugu trebiñarren borondatea errespetatua izan dadin». Ingurumenari lotutako konpromisoak ere hartu ditu; tartean, herrialdean fracking-a debekatzekoa. Horretarako bide «hoberena» etenaldia dela adierazi du Gonzalezek.

EAJkoaren hitzaldi osoan, ezkerreko alderdiei egindako elkarlanerako keinuak izan dira nagusi, eta, bereziki, azpimarragarria izan da akordioak lortzeko eskua luzatu izana erabakitzeko eskubidearen aldeko indarrei. «Geroz eta gehiago gara Araban eskubide hori defendatzen dugunok. Ganberan gehiengoa gara, eta adostasuna bilatu behar dugu».

Gotzon Hermosilla kazetariaren testua Bizkaian:

Goizean hasi dute Bizkaiko Foru Aldundian ahaldun nagusia hautatzeko saioa, eta arratsaldean egin dute ahaldun nagusia aukeratzeko bozketa. Unai Rementeria jeltzaleak gehiengo osoa lortu du PSE-EErekin lotutako akordioari esker. Bi alderdien artean 30 eserleku biltzen dituzte.

Hamargarren agintaldiari hasiera eman dion saioa Gernikan abiatu dute. Ahaldun nagusi izateko bi hautagaiek hartu dute lehenik hitza: EH Bilduko Josu Unanuek eta EAJko Unai Rementeriak.

EH Bilduren programako lau ardatzak zehaztu ditu Unanuek: gizarte batasuna bermatzea, aberastasunen banaketa egokia bultzatzea, politika sozialak sustatzea eta erabakitzeko eskubidea bermatzea. Bide batez, elkarlanerako deia egin die EH Bilduko hautagaiak gainontzeko alderdiei: "Elkarri erantzun baino, egin dezagun elkarrekin. EH Bildu puntu horretan kokatzen gara".

Elkarlanerako deia hautagai jeltzaleak ere, baina sozialistei: "Bi alderdik osatutako gobernua proposatzen dugu, ez alderdi banak kudeatutako bi gobernu".

Hain zuzen ere PSEren babesari esker gehiengo osoa izango du EAJk Foru Aldundian. Rementeriak akordio horren puntu nagusiak aurreratu ditu: ekonomiaren suspertzea eta enplegua, berdintasuna eta gizarte sarearen defentsa, eskualdeen garapen orekatua eta kalitatezko zerbitzu publikoak eta erakundeen arteko koordinazioa. Ardatz horiek guztiak garatzeko epemuga ere jarri dio Rementeriak bere buruari, bi agintaldi.

Rementeriak Jose Luis Bilbaoren eskutik jaso du aginte makila. Azken hori, berriz, EAEko Kontu Auzitegian arituko da aurrerantzean.

Sozialisten izenean Carlos Totorikak hartu du hitza. "Udal eta foru erakunde sendoak sustatzeko konpromisoa hartzen dugu sozialistok", nabarmendu du EAJ eta PSEren arteko akordioari buruz.

Mozal legearen salaketa

PPko Javier Ruiz berbetan hasi denean, zapia ahoan jarri dute Ahal Dugu-ko batzarkideek Mozal legea gaur indarrean jarri dela salatzeko. "EAJ eta PSEren arteko ituna ez da egonkortasunerako, zuen artean aulkiak banatzeko baizik" esan die Ruizek jeltzale eta sozialistei.

Ahal Dugu-k, besteak beste, ikuspegi feminista txertatzearen alde hitz egin du. "Aldaketa emakumeokin hasten da".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide