Aurreko asteko astelehenean, ekainaren 22an, martxan jarri zuten Aiaraldeko hiriarteko autobus zerbitzu berria. Zerbitzu hauek, neguko (irailaren 1tik datorren urteko ekainaren 30era arte) eta udako (uztailaren 1etik abuztuaren 31ra arte) ordutegietan banatuta egongo dira, aurtengo salbuespenarekin, zerbitzua hasi denetik, ekainaren 22tik, abuztuaren 31ra arte uda aldiko ordutegi eta ibilbideak izango direla.
Zerbitzu berri hauekin batera, tarifa berriak jarri dituzte non BAT txartelaren erabilpena nabarmentzen dute, deskontuak izateko bidaiatzerako orduan. Autobuses La Unionen leihatiletan ez dira BAT txartel hauek saltzen, ezta Aiaraldeko zerbitzu hauentzako tiketik ere. Gainera, Autobuses La Unionek eskaintzen zituen 40 bidaietako bonuak ezin izango dira erabili Aiaraldeko linean eta horregatik bonu horiek dituzten Aiaraldeko bidaiariek Gasteizko leihatiletatik pasatu ahalko dira ez-erabilitako edo zaharkituta ez dauden bonu horien bidaien diru kopurua jasotzeko.
Arabako Foru Aldundiak jarritako zerbitzu berri hau Artziniegatik Okondora doan autobus-linea jarri du, Menagarai, Arespalditza, Murga, Izoria, Amurrio eta Laudiotik pasatzen dena eta orain arte baino ordutegi gehiago dituena bai astelehenetik ostiralera, bai asteburu eta jaiegunetan. Modu berean, Gasteiz-Amurrio-Laudio ibilbidea egingo duen zerbitzua aldatu dute, oraingoan Murgian ez sartuz denbora aurreztu nahian. Baina, Artziniegatik Gasteizera joaten ziren autobusak kendu dituzte, goizeko lehenengoa izan ezik, bestela Amurrion autobusez aldatu beharko dutelarik.
Linea hauen ibilbide eta ordutegien informazioa Arabako Foru Aldundiak eskaintzen du, eta informazio eskura egongo da www.alava.net/alavabus web-orrian, Udaletxeetan, Koadriletan, Gasteizko autobus geltokian eta autobusetan bertan. Bestalde, kexak, iradokizunak, eskakizunak, etab.-ak Arabako Foru Aldundian egin eta bideratu beharko dira.