“Gazteek Delikako Jaietan egiten duten lana ezin daiteke diruz ordaindu”

Txabi Alvarado Bañares 2015ko eka. 26a, 14:25

Jose Luis Bilbao (Delika, 1938) Delikako Batzar Administratiboko lehendakaria da. Asteburu honetan herrian ospatuko diren jaien inguruan mintzatu da.

Zer topatu ahal izango du asteburu honetan Delikako Jaietara gerturatzen denak?

Jose Luis Bilbao (Delika, 1938) Delikako Batzar Administratiboko lehendakaria da. Asteburu honetan herrian ospatuko diren jaien inguruan mintzatu da.

Zer topatu ahal izango du asteburu honetan Delikako Jaietara gerturatzen denak?

Gaur gaueko bederatzietan emango zaio hasiera festari, txupinazoarekin eta kanpai jotzearekin. Larunbatean 14:30etan bazkari herrikoia egongo da, eta 17:00etan mus txapelketa, Delikako lagunak elkartean. Bikote parte-hartzaile bakoitzak 15 euro ordaindu beharko ditu. 18:00etan umeentzako jokoak egongo dira eta, eguraldiak uzten badigu, baita apar-jaia ere. 18:15etan briska txapelketa egongo da eta gero, gauean, Atzekabe eta Five Corners taldeek joko dute, eta disko-dantza egongo da gero. Goizeko zazpietan amaituko da larunbateko egitaraua, txokolatadarekin.

Igandean, berriz, eukaristia egongo da elizan, 12:00etan. 17:00etan herri kirolak egongo dira. Eta 20:15etan, bukatzeko, Uhin onak elkarteak areto-dantzen erakustaldia egingo du.

Horiek izango dira jaiak. Hortaz gain, larunbatean busak egongo dira bertaratu nahi dutenentzat. Amurrio-Urduña-Delika ibilbidea egingo dute, 23:00etan, 23:30etan eta 00:00etan. Amurrion bus-geltokitik abiatuko dira, ondoren Urduñan suhiltzaileen parean gelditzeko, Delikara abiatu baino lehen. Delikatik itzultzeko, baina, 6:30etan aterako da lehen busa, 7:00etan bigarrena eta 7:30etan azkena, geldialdi berdinekin.

Jende asko bertaratzen da busez?

Bai, aurtengoa busa jartzen dugun hirugarren urtea izango da. Ostiralean ez da kanpoko jende asko gerturatzen, baina larunbatean bai, jendeak busa hartu dezakeelako eta ez duelako autoz itzulita edateko eta ondo pasatzeko izango lukeen beldurra.

Igandean, berriz, bertako jendea bertaratzen da, eta badago giroa, baina ez horrenbeste.

Goizeko zazpietan txokolatada egoteak larunbatean giroa egongo dela iradokitzen du, behintzat.

Bai, badago azken busera itxaroten duenik. Ondo pasatzen dute, nahiz eta gero baten-batek jaia azken ordura arte luzatu eta busa galtzen duen (barreak).

Jendearen jokamoldea ere guztiz aldatu da urteen poderioz. Orain askoz gehiago errespetatzen dute herria.

Nola antolatzen dituzue jaiak?

Badago jai-batzorde bat, zeinetan jende gaztea dagoen. Guk ahal dugun neurrian laguntzen diegu, diru-laguntzen bidez eta ahal dugun modu guztietan. Baina guk ia ez dugu adinik jaiak antolatzeko (barreak). Hemendik eskerrak eman nahi diegu antolakuntzan dabiltzan gazteei, egiten duten lana ezin daitekeelako diruz ordaindu. Euren lanik gabe ez litzateke jairik egongo.

Bukatzeko, zer esango zenioke Delikako Jaietara inoiz bertaratu ez den aiaraldear bati?

Etor dadila. Lehen aldiz badator bigarren batean ere etorriko da eta. Ez du arazorik izango eta ondo pasatuko du herriko jaietan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide