Lehiaketaren oinarriak
Ez da soilik bidaia kroniken lehiaketa bat
Udako kronika multimedien lehiaketa ez da bidaia kroniken lehiaketa bat soilik. Udako kroniken lehiaketa da, eta beraz, bidaia-kronikak bezala -izan bidaia hauek urrutira zein gertuko ingurunera-, udan gertatzen diren edozein motatako gertaeren edo pasadizoen kronikak ere jaso nahi ditu: hala uda lehenbiziko aldiz fabrika batean lanean eman dituenaren kronikak, ama edo aita izan berri direnen komeriak, udalekuetako zein igerilekuetako gertaera txikienak, jairik jai eskualdetik mugitu gabe atondutakoak zein uda ikasten entzerratuta eman dituenarenak... gaia edo testuingurua edozein dela ere, udari lotutako kronikak dira Aiaraldea Komunikazio Leihoak aurten estreinatzen duen lehiaketa honen oinarria.
Euskarri multimediak erabiltzera irekia
Kronika hitza entzun eta berehalakoan lotzen dugu hitza testu idatzi landuekin, baina garaiak aldatu diren neurrian, lehiaketa honetan ere kronikak hainbat euskarrietan egin ahal izango dira: izan idatzizkoak, bideo txiki zein luzeen bitartez atondutakoak edo testu motzez lagundutako argazkiz egindakoak.
Parte hartzaileek 3 formatu hauek nahieran eta nahi beste nahastu ahal izango dituzte, edo bakar batetara mugatu.
Parte hartzaileak
Lehiaketa Aiaraldean jaio diren, lan egiten duten edo bizi diren herritar guztiei irekita dago, gogoan izan Aiaraldea deitzen dugun hori ondoko udalerriek osatzen dutela: Urduña, Laudio, Amurrio, Aiara, Orozko, Artziniega, Okondo, Arrankudiaga-Zollo eta Arakaldo.
Parte-hartzeko modua
Lehiaketan parte hartu nahi dutenek aiaraldea.eus web-guneko “komunitatea” atalean erregistratu beharko dute (dagoeneko ez badira atariko erabiltzaileak). Behin euren identitatea baieztatuta eta harremanetarako bideak zehaztuta (telefonoa eta e-posta helbidea) kronikak argitaratzeko baimena izango dute.
Sortuko duten profil horretatik argitaratu beharko dituzte euren kronikak, tituluan “UKML” laburdura (Udako kronika multimedien lehiaketa) idatzi beharko dute sarrera bat argitaratzen duten bakoitzean (Adibidez: “UKML. Bidaia hasi da, iritsi gara Keniara”).
Parte-hartzaile bakoitzak gutxienez 8 sarrera egin beharko ditu bere kronikak lehiaketan aintzat hartuak izan daitezen, gehienezko mugarik aldiz ez da egongo, baina kopurua baloratuko du epaimahaiak.
Epeak
Udako-kronika multimedien lehiaketa ekainaren 21an hasiko da -udarekin batera- eta irailaren 21an itxiko da -udazkena heltzearekin batera-.
Lehiaketan parte hartu nahi dutenek euren lehen kronika-sarrera irailaren 1a baino lehen egin beharko dute, eta ez da egun bakar batean kronika-sarrera bat baino gehiago egitea onartuko.
Zer baloratuko du epaimahaiak
Lehiaketako sariak ebazteko, epaimahaiak kroniken originaltasuna, sarreren kopurua, idazkera, hizkuntz aberastasuna, erabilitako ikus-entzunezko euskarrien kalitatea, euskarri ezberdinak uztartzeko gaitasuna eta kontakizuna bera baloratuko ditu.
Epaimahaiak saria eman gabe uztea erabaki dezake jasotako lanek behar besteko mailarik ez dutela irizten badio.
Epaimahaiaren erabakia ezingo da eztabaidatu edo ezingo zaio gaitziritzi. Irabazleei posta elektronikoz emango zaie erabakiaren berri. Jakinarazi eta 2 asteko epea izango dute irabazleek mezuari erantzuteko eta Aiaraldean jaio edo bizi direla egiaztatzeko, bestela saria hurrengo sailkatuari emango zaio.
Egiaztatze hauek egindakoan emango da sarien berri www.aiaraldea.eus web-gunean.
Baldintzak
Kronikak osatzeko erabiliko den hizkuntza -edozein dela ere euskarria- euskara izango da. Bideoen kasuan beste hizkuntza batzuk entzutea onartuko da euskararen presentzia gutxienez % 75ekoa bada.
Kronikak beste inon argitaratu gabeak izango dira.
Parte hartzaile bakoitzak nahi beste kronika-sorta argitaratu dezake.
Mezu iraingarriak dituzten kronikak ez dira onartuko ez eta argitaratuko.
Aiaraldea Komunikazio Leihoak beretzat gordetzen du jasotako lanak zein nahi euskarrietan argitaratu edo erabiltzeko eskubidea, beti ere testu, bideo edo argazkien egilea zein den aitortuta egiten badu.
Sariak
2 sari nagusi banatuko dira;
-
Udako kronika multimedia onenari saria.
-
2 LAGUNENTZAKO 8 EGUNEKO BIDAIA ETA TOURRA MAROKON, GASTU GUZTIAK BARNE: [Hegaldiak, barne-garraioak, 7 gauetarako ostatua pentsio erdian, bidaia-gidariak, monumentu eta museoetara sarrerak...]
-
IBILBIDEA: Bilbo > Casablanca > Rabat > Meknes > Fez > Midelt >Erfoud > Todra > Kasbahs-en ibilbidea > Kella > M’Gouna > Ouarzazate >> Ait Ben Haddou > Marrakech > Casablanca > Bilbo
-
-
Udako kronika multimedia originalenari saria.
-
Asteburu pasa nekazaletxe batean eta jatetxe on batean bazkaria 4 lagunentzako.
-
Bidaia ez den uda-kronikarik onena
-
Nekazal-etxe batean 2 pertsonentzako egonaldia gosaria eta afari bat barne.
Onespena
2015eko Udako Kronika Multimedien Lehiaketan parte hartzeak oinarri hauek bere osotasunean onesten direla esan nahi du .