Aiara, Urduña, Laudio eta Arrankudiaga-Zolloko alkateek babestuta Etxeratek iragarri du irailaren 19an manifestazioa egingo duela Laudion azkenaldian jasandako erasoak salatzeko.
Horietako azken erasoa Carlos Urquijoren eskutik etorri da. Gobernadore zibilak udaletxean dagoen sakabanaketaren aurkako ikurraren kontrako salaketa jarri du.
Aldi berean, Etxeratek gogoratu du elkarteko kide batzuk atxilotu zituela polizia espainiarrak eta horren harira 137 senide deituak izan direla deklaratzera La Salve eta Intxaurrondoko kuarteletara.
Irailaren 19an manifestazioa
Hori guztia salatzeko manifestazioa egingo du Etxeratek Laudion irailaren 19an “Elkartasuna ez da delitua”, “Dispertsioarekin amaitu behar da” eta “Etxean nahi ditugu” lelopean.
EAJ eta ADIEri bidalitako mezua
Etxeratek jasotako babesa eta elkartasuna eskertu nahi izan du eta aldi berean EAJ eta ADIEko alkateei adierazi die faltan bota dutela haien presentzia eta haien laguntza ere beharrezkoa dela ziurtatu dute. Horregatik, irailaren 19an antolatutako mobilizazioarekin bat egin dezaten eskatu diete.