Arabako Koadrilek -Aiarakoa barne- azken momentuan lortu dute gaur akordioa Foru Aldundiarekin hondakinak Jundizeko zabortegian botatzeko. Koadrila guztien asmoa zen Gardelegiko zabortegian uzten jarraitzea, Gasteizko udaleko aginduari uko eginez.
Duela hilabete batzuk hasi zen gatazka. Denbora gutxiko tartearekin iragarri zien Gasteizko udalak Arabako Koadrilei Gardelegiko zabortegia erabili ordez Jundizekora jo beharko dutela hondakinak uzteko.
Horretaz gain, Gasteizko tokiko erakundeak jakinarazi zien koadrilei tona metriko bakoitza isurtzeagatik gehiago ordaindu beharko dutela; 45,05 euroren ordez, 68,56 eurokoa izango da tasa berria. Hau da, % 50eko igoera.
Tirabirak
Arabako Koadrilek berehala azaldu zuten denbora gutxi izango zutela aldaketara egokitzeko. Hori dela eta Gardelegiko zabortegia maiatzean itxi ordez, ekainera arte luzatu zuen epea.
Hala ere, koadrilek jakinarazi zuten Gardelegiko azpiegitura erabiltzeko asmoa zutela. Agindua haien aurrekontuak itxi eta gero iritsi zela azalduz. Ondorioz zerbitzuko gastu igoerarako ez zeudela prestatuta esan zuten.
Azken unean, gaur alegia, Arabako Foru Aldundiak erabaki du zerbitzuko igoera hori ordaintzea aurten eta ondorioz koadrilak Jundizeko zabortegia erabiltzen hasiko dira.