Leongo espetxetik atera berri dira Patxo eta Isidro Murga preso politiko laudioarrak. Laudiotik busez bertaratu diren dozenaka herritarrek egin diete harrera kartzelako atarian.
Murga anaiak 18/98 makrosumarioa dela eta espetxeratuak izan ziren. Egin egunkariko administrazio kontseiluko kide izateagatik, Pablo Gorostiagarekin batera.
2007ko azaroan kartzelaratu zituzten. Egun Patxok 74 urte ditu eta Isidrok 69. Azkenengo urteetan hainbat ekimen egon dira euren kaleratzearen aldekoak, “Patxo Murga eta Pablo Gorostiaga kalera” ekimena da horren adibide.
3500 sinadura lortu ziren bi presoen askatasuna lortzeko asmoarekin. Espetxe legeriak dio 70 urte bete dituzten presoei euren askatasuna lortzeko aukera eman behar zaiela, baina beraien kasuan ez zen eman.
Ekainaren 1ean herrian egongo dira
Bi presoak hurrengo asteleheneko arratsaldera arte ez dira Laudiora itzuliko. Patxok semea kartzelan dauka Galizian eta bisita egingo dio 8 urtez elkar ikusi gabe egon ostean.